Euskara

Euskaltegien egoera ekonomiko larriaren arduraduna Miren Azkarate sailburua da, euskalduntze-alfabetatze sektorearen arabera

EAE Euskal Autonomi Erkidegoko euskaltegi pribatu homologatuen %85 biltzen duen kolektiboaren arabera, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburua da gaur egun euskaltegiek bizi duten egoera ekonomiko larriaren arduraduna. Duela urtebete hasi ziren euskaltegiak eta Jaurlaritza negoziatzen, baina oraindik ez dute akordiorik lortu.

2003ko urriaren 1a
17:55
Entzun
Alde batetik euskaltegien lana goraipatzea eta bestetik ekonomikoki itotzea leporatu diote Azkarateri. “Bere hitzen eta bere ekintzen arteko aldea salatzen dugu, eta euskaltegien itotze ekonomikoaren erantzule egiten dugu”, adierazi du Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegiko Marian Bidegainek euskaltegien kolektiboaren izenean.

Joan den irailaren 1ean egin zuten azken bilera euskaltegiek eta Jaurlaritzak, baina ez zuten adostasunik lortu. Euskaltegien “erreibindikazio historiko batzuk” onartu zituen Jaurlaritzak. Besteak beste, sustapen kanpaina eratzea, ikasleentzako beka sistema sortzea eta euskara mailen balioztea, nahiz eta hirurak kritikatu dituzten euskaltegiek. Hala, sustapen kanpaina berandu hasi dela salatu dute, ikasleentzako beketarako dirua euskaltegientzako gordeta zegoen poltsa beretik aterako dela eta euskara mailak edo tituluak mailen baliozteko sistema oraindik erabat lotu gabe dagoela.

Baina adostasunen gainetik, desadostasunak azpimarratu ditu euskaltegi pribatu homologatuen %85 ordezkatzen duen taldeak. Hala, finantziazio sistema eta euskararen erabilera sustatzeko proposatutako neurrien inguruko akordiorik ez dute lortu oraindik, eta horrek euskaltegien egoera ekonomikoan eragin zuzena dauka, nahiz eta euren jardunarekin jarraituko dutela azpimarratu duten. “Ataka honetatik ateratzeko ardura nagusia duen Miren Azkarate andreari dei egiten diogu bere hitzen eta bere ekintzen arteko koherentzia izan dezan, eta adostasuna eta benetako bideragarritasuna oinarri izango duen planerako ardatzak jar ditzan. Bestela, euskaltegioi etor lekiguken egoera latzaren erantzule nagusia Miren Azkarate izango da”, esan du Bidegainek.