Fleuryko (Frantzia) espetxean dauden 24 euskal presoak isolamenduan daude, haietako bik funtzionario batekin izandako eztabaidaren ondoren protesta modura, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
Urtarrilaren 7an Jose Javier Oses bere ziegan zegoela funtzionario batek berekin izandako "jarrera txarra" zela eta, funtzionarioari kexatu egin zitzaion. "Kartzela langileak oso gaizki hartu zuen Osesen aipamena, eta oldarkor jarri zen. Une horretan, Aitor Elizaran Osesen ziegaren paretik pasatu zen eta, egoera ikusita, tentsio une hori lasaitzera joan zen. Orduan, funtzionarioa urduriago jarri eta une batean Elizarani ukabilkada bat ematera joan zen. Elizaranek funtzionarioaren ukabilkada saihestea lortu zuen, baina funtzionarioa lurrera erori zen. Hori ikusita ziegara funtzionario gehiago iritsi ziren, eta Elizaran lurrean jarri zuten. Jotzen saiatu zen funtzionarioak pare bat ostikada eman zizkion aurpegian".
Oses eta Elizaran hemezortzi egunetarako isolamendura eraman zituzten. Fleuryn dauden beste 22 euskal presoak ere isolamenduan sartu ziren, elkartasun gisa, Etxeratek dioenez.