Istiluak izan dira Altsasuko ez-festetan

Larunbatetik iganderako arratsean hirurehun lagun inguruko botila festa bat desegin zuten Guardia Zibilak, Udaltzaingoak eta Foruzaingoak. Hainbat zaborrontzi iraulita agertu ziren kalean. Iruñean ere kale zurrutean zebilen 120 laguneko talde bat desegin du Poliziak.

Ostiraletik larunbaterako gauean desegindako botila festaren arrastoak, Altsasun. NAFARROAKO FORUZAINGOA
2020ko irailaren 14a
11:41
Entzun

Hirurehun laguneko talde bat kale zurrutean harrapatu zuen Guardia Zibilak larunbatetik iganderako gauean Altsasuko Foruen Plazan (Nafarroa). Guardia Zibilak berak jakinarazi duenez, taldea desegitera hurbiltzean, botila festan parte hartzen ari zirenetako batzuek objektuak jaurti zizkieten, eta kalteak egin dizkiote Guardia Zibilaren ibilgailu bati. Hiru zaborrontzi iraulita agertu ziren arrats berean Altsasuko kale batean. Foruzaingoa eta Udaltzaingoa ere bertaratu ziren istiluak zeuden lekura, eta desegin egin zuten Foruen Plazako botila festa. Guardia Zibilaren arabera, «talde handi bat» maskararik gabe zegoen.

Ez da asteburuan Altsasun desegiten duten lehen botila festa. Izan ere, ostiraletik larunbaterako gauean ere Santa Luzia eremuan kale zurrutean zebiltzan hainbat lagun harrapatu zituzten Guardia Zibilak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak. Guaixe hedabidearen arabera, bozgorailuak, karpa bat eta elektrizitate sorgailu bat ere atzeman zituzten gunean.

Iruñean, Irubiden

Iruñean ere 120 laguneko botila festa bat desegin zuen Poliziak larunbatetik iganderako arratsean, Irubiden. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, guztira 83 aldiz esku hartu zuen gau horretan koronabirusarekin loturiko osasun neurriak ez betetzeagatik. 42 lagun kale zurrutean aritzeagatik salatu dituzte; hamazazpi maskararik ez janzteagatik; sei distantzia errespetatu gabe erretzeagatik; eta hamabost, berriz, sei laguneko gehienezko taldeko muga ez betetzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.