zinema

Larunbatean izango da 'Euskaraz bizi nahi dut' film laburren lehiaketaren gala

Donostiako Zinemaldian ezagutaraziko dira sarituak. Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurten. 

2015eko irailaren 16a
14:55
Entzun

Datorren larunbatean izango da Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren laugarren edizioaren gala, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Donostiako Kutxa Andia aretoan egingo da ekitaldia, eta lehiaketara aurkeztu diren labur onenak ikusteko aukera egongo da. Iaz, Koldo Almandozen Garai berriak filmak jaso zuen sari nagusia.

Aurten, inoiz baino lan gehiago aurkeztu da lehiaketara, eta epaimahaiak sailkatutako guztietatik hamar onenak ikusi ahal izango dira. Ondoren jakinaraziko ditu epai-mahaiak saritutakoen izenak. Epai-mahaia Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak; Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza batzordeko kideak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak osatu dute.

'Zinea.eus' omenduko dute

Aurreko bi ediziotan egin bezala, zinema munduan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik aitortza egingo zaio pertsona edo erakunderen bati. Aurten Zinea.eus-ek egiten duen lana sarituko da. Euren aurkezpen gutunean dioten moduan, “euskal ikus-entzunezkoen eta zinemazaleen bilgunea izatea da gure proposamena” eta hain zuzen ere, horregatik, euskal komunitatearen zinemazaleak saretzen egiten duten lana goraipatzea erabaki du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak