Lavandera hil izana aitortu, eta zigorra onartuko duela esan du akusatuak

Akusazioek 14 eta 25 urte arteko zigorrak eskatu dituzte, eta 200.000 eurotik gorako ordaina senideentzat

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Harro azaldu da Asier Lavandera gaztearen hiltzailea. Egindakoa aitortu du, eta prest azaldu da zigorra onartzeko: «Egindakoak bueltarik ez du». Akusazioek hasierako eskariei eutsi diete: 14eta eta 25 urte arteko zigorrak eskatu dituzte. Lavandera 2010eko urtarrilaren 16an hil zuten, labankadaz, Lekunberriko Mao Mao dantzalekuan (Nafarroa). Atzo hasi ziren epaitzen Sergio Fernando R. S., hilketaz akusatua. Gau osoa edaten eman zuela, baina ez zuela liskarrik izan adierazi zuen. «Bizkarraldetik eraso egiten hasi zitzaidan, eta buruan kolpeka. Bat-batean jendez inguratuta nengoen». Azaldu zuen atzera egiteko eskatu ziela, eta egiten ez zutela ikusita, labana atera zuela. «Izutu egin nahi nituen, baina ez zuten atzera egin. Ez zidaten labana ez erabiltzeko arrazoirik eman. Neure burua defendatu nuen».

Ukatu egin zuen lehen labankada eman ostean atzetik joan zela. «Behin bakarrik egin nion eraso». Ondoren, ihes egin zuen —«beldurrak nengoelako»—. Gainera, salatu zuen alkohol proba oso berandu egin ziotela. «Arratsaldera arte ez zizkidaten egin». Ez zuen tasa gainditu.

Fiskalak hamalau urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta 200.000 euroko kalte-ordaina Lavanderaren gurasoentzat:. «Odol hotzarekin jokatu zuen, bazekien zertan ari zen. Ondoren, gainera, ihes egin zuen. Labana sartu ziola aitortu zuen, bazekielako labana gordeta zuela, eta jakingo zela. Gainera, inputatu zutenean eman zuen bertsioa erabat sinestezina da».

Akusazio partikularrak 25 urteko espetxe zigorra eta 300.000 euroko kalte-ordaina eskatu du. «Asierrek [Lavandera] gau hartan ez zuen inolako liskarrik izan akusatuarekin. Hark atera zuen bat-batean labana, eta eraso egin. Gainera, lurrean zegoela beste labankada bat eman zion».

Epaimahaian uste osoa dutela esan zuten Lavanderaren gurasoek. Justizia eskatu zuten. «Ez dago egin zuenagatik ordainarazteko adina zigorrik, baina, behintzat, jar diezaiotela handiena. Hilketa lepora diezaiotela, eta ez homizidioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak