Parekidetasunik ez oraindik

Igandean egingo dute alardea Hondarribian. Maria Jesus Berrotaran eta Ana Mari Aristondok soldadu gisa parte hartuko dute Jaizkibel konpainiarekin: duela hogei urte, hori bera eskatu zuten udaletxean.  

Maialen Unanue (Hondarribia)
2013ko irailaren 6a
16:25
Entzun

Bi hamarkada, hogei urte pasatu dira jada: "Dagoeneko?". Maria Jesus Berrotaranek (Hondarribia, 1949) eta Ana Mari Aristondok (Hondarribia, 1948) Hondarribiko alardean desfilatuko dute igandean, Jaizkibel konpainiarekin, soldadu gisa. Beste emakume batzuekin batera, biek parte hartu zuten udal ordezkari eta alarde tradizionaleko komandantea eta jeneralarekin egindako bileran, duela hogei urte: hain zuzen ere, emakumeek alardean soldadu gisa parte hartu nahi zutela jakinarazi zieten. Lortu dute euren helburua, baina ez normal, eta ez bidean gorriak ikusi gabe.

Karpeta urdina du eskuan Berrotaranek, oroitzapen latzez betetakoa: "Ezin izan dut begirik bildu gau osoan: ohera sartu aurretik dokumentuak begiratzen aritu nintzen, eta...". Alarde parekidearen aldeko borroka biltzen dute paperek, tartean, 1993an bilera eskatu zutenekoa. Berrotaran eta Aristondo biak dira Emeki elkarteko kide, baita duela hogei urte ere, eta talde horren izenean eskatu behar izan zuten bilera, Aristondok azaldu duenez: "Emakume batzuen kapritxoa zela zioten, eta horregatik, ez ziguten utzi eskaera herritar gisa egiten: ez zuten uste eskaera elkarte gisa egitea lortuko genuenik". Hainbat bileren artean lehenengoa izan zen hura, gerora, hiru urtez jarraitu baitzuten bilerekin, baina ez zuten desiratutako emaitzarik lortu; ez, behintzat, bide horretatik. Bidasoa Aldeko Emakumeak eta Juana Mugarrietakoa taldeetan antolatuta,  emakumeek bilera gehiago eskatzen jarraitu zuten, baina ez zuten udalaren erantzunik jasotzen. Azkenean zerbait erantzun zieten: nahi izanez gero hor zeukatela iradokizunen buzoia.

Udaltzaina da Berrotaran, eta hori dela eta, irailaren 8ro hark eta lankide batek gidatzen zituzten konpainiak herrira: Berrotaran konpainiaren aurretik, lankidea atzetik, banan-banan, eurek gidatu beharreko lau konpainien bila joan, eta Gernikako Arbolara eramaten zituzten guztiak. "Gustura egiten nuen lan hori, eta alardea jaiegun batean tokatuz gero parte hartu nahi nuela pentsatu nuen. Konpainiek onartu egiten nindutela sentitzen nuen". Gauzak ez ziren, baina, Berrotaranek pentsatutako bidetik joan: bileren aukerak amaituta, 1996an, Irungo lagunei jarraiki, Hondarribiko hainbat emakume alardean parte hartzen saiatu ziren, tartean Aristondo eta biak, Kale Nagusiko atari batetik abiatuta. Erasoak eta irainak jaso zituzten jendearen aldetik: "Ez nuen halakorik gertatuko zenik espero. Pentsa, ordutik ez dut inoiz lanik egin irailaren 8an: konpainiek euren bila ni gehiago ez joateko eskatu zuten espresuki".

Emeki elkartearekin eta Emakunderekin lan eginagatik, berdintasunean bizi zela sinistuta zegoen: "Ez dago berdintasunik! Eta, egotekotan, milaka kilometrotara dago, Ameriketan, agian, baina ez Hondarribian".
Aristondo ere uste berekoa zen. Emakumeek etxetik kanpo ere lan egiten dutela ikusi eta ikasi du "betidanik" etxean: "Arrantzale familiakoak gara: amak beti egin du lan, eta amonak esaten zidan emakumeok etxetik kanpo ere lan egin behar genuela, 'badaezpada". Anaiak eta biek zeregin berak izan dituzte etxean, berdin tratatu dituzte; gizonek bezala, Aristondok ere lan egin du etxetik kanpo, irakaslea baitzen. Horregatik, emakumeek alardean soldadu gisa parte hartzeko ideia sortu zenean, ez zuen eragozpenik ikusi: "Emakumeok ere herriaren parte gara, zergatik ez dugu festetan parte hartuko?".

Bilera hartan, "argi" utzi zieten emakumeek alardean zein eginkizun zuten, Aristondoren arabera: "Emakumeek ere soldadu gisa parte hartzea zer iruditzen zitzaien galdetu genien. Zera erantzun ziguten, musika bandako neskek, goizeko alborada jo ostean eta musika banda tropa bezala sartzen zenean plazara alde egiten zutela, lore sorta batekin, eta negarrez". Aristondok kontatu duenez, hori, gaur egun, horrela da oraindik ere, nahiz eta urte guztia ematen duten, taldeko gizonek bezala, egun hori prestatzen —bandaren zuzendaria ere emakumea da, eta hark ere ezin du parte hartu alboradaz harago—.

Aristondoren ustez, "normala da" zerbait berria planteatzerako orduan "harridura handia sentitzea" edo lehenengo erreakzioa aurkakoa izatea: "Baina urteek aurrera egin, eta postura berean jarraitzea... Gauzak asko nahastu dira; hainbeste, non herriko jaiak pribatu bihurtu dituzten, emakumeek horietan ez parte hartzeko bakarrik!". Aristondoren ustez, agintariek "botoa galtzeko beldurra" dute, eta horrek «ezer ez» egitera bultzatu ditu, gizonezkoek soilik osatutako alardearen aldekoei "boterea emanez".

Nekagarria, ez etsigarria

"Pixkanaka" bada ere, hogei urte geroago, gauzak aldatuz doazela uste dute Aristondok eta Berrotaranek. "Herritar askok eta askok bake santua nahi dute, baina ez diete kasurik egiten". Gazteen artean nabari dute aldea, orain ez baitira kuadrillak banatzen batzuk alde eta besteak aurka egoteagatik. Plastiko beltzen atzean gordetzen diren asko, baina, gazteak dira oraindik, kantinera izatea "ohore" bihurtu dutelako, Berrotaranen arabera, eta horregatik, "merituak egin nahi dituzte" postua lortzeko: "Bezperan joaten dira ‘plastikozko neskak’ lekua hartzera: ez gizonik ez adineko emakumerik, neska gazteak dira, beste emakume batzuei garrasi egitera joandakoak. Ez dakite ezta zergatik ari diren garrasika ere. Hortik pasatzean neure buruari galdetzen diot non ote dagoen emakumeon duintasuna".

Hogei urte pasatuta ere, gatazka berarekin jarraitzea "nekagarria" da bientzat, baina ez "etsigarria", Aristondok azaldu duenez: "Ikustea besterik ez dago: Jaizkibel konpainia handienetako bat da, eta orain gazteek ez dute beldurrik". Aristondo eta Berrotaranen seme-alabek "denetik" entzun behar izan dute, eta, baieztatu dutenez, neskaren batek edo bestek eskolaz aldatu behar izan zuen, zama hori eraman ezinda. Baina Berrotaranek argi dauka: "Ez dugu biktimarena egin behar. Oso gaizki pasatu nuen bost urtez; pentsa, etxetik ateratzeak ere beldurra ematen zidan. Orain ez naiz hainbeste kezkatzen; bizitza  hori baino gehiago da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500