egunkaria auzia

Uria: "Epaimahaiari zaila izango zaio fiskalaren jarreraren kontrako epaia ematea"

Miguel Angel Carballo fiskalak auzipetuen absoluzioa eskatua du. 'Egunkaria'-ko auzipetuaren ustez, kazetaren itxieraren ondoren egin zuen euskarazko prentsak "sekula egindako urratsik handiena".

2010eko otsailaren 5a
14:59
Entzun
Miguel Angel Carballo Egunkaria-ren kontrako epaiketako fiskalak auzipetuen absoluzioa eskatu duela-eta, Iñaki Uria auzipetuak uste du Espainiako Auzitegi Nazionaleko "epaimahaiari zaila" izango zaiola "haren jarreraren kontrako epaia ematea". Baina dena ikusteko dagoela esan du, gaur Euskadi Irratian Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan.

Abenduaren 15ean hasi zen epaiketa, eta orduan baino "baikorrago" daudela adierazi du, "fiskalak lehengoari eutsi diolako [bere garaian auziaren artxiboa eskatu zuen] eta gure kontrako frogarik ez delako azaldu".

2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria euskarazko kazeta itxi bazuen ere, Uriak azpimarratu du "kolpe haren ondoren" egin zuela euskarazko prentsak "sekula egindako urratsik handiena, BERRIA eta beste zazpi egunkari [Hitza] sortuta".

Egin kazeta eta Egin Irratia ere itxi zituztela gogoratu du, eta "berme demokratikoaren behar handia" dagoela iritzi dio.

Astelehenean bukatu zen Egunkaria-ren kontrako epaiketa, eta Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain geratu dira Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak. Fiskalak ez ezik, defentsak ere absoluzioa eskatu du, deliturik ez dagoela iritzita; Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek diote Egunkaria ETAk sortu zuela, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak