- Balio etikoak
- Geografia-Historia
- Ekialde Hurbila
- Giza eskubideak
- Iran
- Nazioartea
- Zientzia Politikoak
AEBek eta Iranek bake akordioa sinatu dute, eta martxoan hasitako gerrari amaiera eman
Washingtonek zigor guztiak kendu dizkio Irani. Teheranek, berriz, uranio aberastua entregatzea onartu du. Libano ere barne hartzen du memorandumak.
AEBek eta Iranek bake akordioa sinatu dute, eta, hala, martxoan hasitako gerra amaitu. Islamabadeko Elkar Ulertzeko Memoranduma deitu diote dokumentuari; izan ere, Pakistanek bitartekari lanak egin ditu bi herrialdeen artean. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak elektronikoki sinatu dute akordioa. Trumpek jakinarazi du «sendoa» dela, «nahiko zehatza», baina mehatxuak ere egin ditu. Gaur, ekainak 19, elkartzekoak ziren Genevan (Suitza), eta bertan behera utzi dute lehen bilera, Israelek Libanon erasoan segitzen duen bitartean.
Hona hemen gatazka honen gakoak eta akordioaren inguruko xehetasunak, galdera-erantzunen bidez.
Noiz eta nola hasi zen gerra?
Otsailaren 28an Furia Epikoa deitutako eraso militarra abiatu zuten Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek Iranen aurka. Operazio horretan, Ali Khamenei Irango buruzagi nagusia hil zuten, eta baita beste hainbat buruzagi ere. Arduradun politiko eta militarrak ez ezik, zibil asko ere hil zituzten erasoetan: bestak beste, 146 neskato, eskola bat bonbardatuta. Khameneiren aurkako eraso horren ondoren, Iranek erantzun egin zuen, besteak beste drone eta misilak jaurtiz Israelen aurka eta eskualdean AEBek dituzten base militarren aurka. Martxoan hasi zen gerra.
Nor zen Ali Khamenei?
Irango buruzagi gorena zen, maila erlijiosoan eta baita politikoan ere. 1979an Persiako azken xah Mohammad Reza Pahlevi boteretik kendu zuenez geroztik, kargu garrantzitsuak izan zituen Irango Iraultzan. Ruholla Khomeini buruzagi nagusia hil arte, hainbat kargu bete zituen Khameneik; besteak beste, Irango presidentea izan zen. Presidente izan zen garaian gertatu zen Iraken eta Iranen arteko gerra, eta, orduan, Mendebaldeak Iraken alde egin zuen. Ordutik, Khameneik beti jokatu zuen mesfidantzaz AEBekin eta Mendebaldearekin, eta ahalegin handia egin zuen Iran militarki indartzeko
Zer dio bake akordioak?
Memorandumak hamalau puntu ditu. Iranek onartu du uranio aberastuaren erreserbak entregatzea, arma nuklearrik ez ekoiztea, eta Ormuzko pasabidea irekitzea. AEBek, bestalde, bertan behera utziko dituzte Teherani ezarritako zigor guztiak, Iran berreraikitzeko funts bat sortuko dute, eta portuei ezarritako blokeoa ere kenduko dute. Behin betiko akordioa sinatuz gero, Washingtonek tropak erretiratuko ditu «inguru hartatik».
Zer gertatuko da orain?
Hirurogei eguneko tarte bat zabalduko dute Ekialde Hurbileko gatazkaz negoziatzen jarraitzeko. Epe hori luzatu egingo dute «behar izanez gero». Behin betiko akordioa NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen baten bidez onartuko da.
Zer arrisku dago gerra berriz pizteko?
Israelek ez ditu bonbardaketak eten, nahiz eta memorandumak barne hartzen duen erasoak fronte guztietan amaitzea, baita Libanokoetan ere. Israel «operazio militarra» egiten ari da Libanon. AEBetako presidenteak esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «ardura handiagoz» aritu behar duela Libanoko auzian. Israelek, ordea, ez du ezer jakin nahi akordio horretaz, eta Libanon erasoan jarraitzen du. Iranek salatu du Israelgo armadak 84 aldiz urratu duela menia Libanon azken egunetan. Irango armadak nabarmendu du «irmoki» erantzungo duela baldin eta Israelek erasoak eteten ez baditu. Libanoko iturri ofizialen arabera, Israelek 3.800 pertsona inguru hil ditu martxoan erasoaldia abiatu zuenetik.
Zer dio nazioarteak?
G7koek ohar bateratu bat zabaldu dute, eta ontzat jo dute AEBek eta Iranek iragarritako memoranduma. Oharrean adierazi dute bi aldeen arteko ituna aurrerapausoa dela: «Aukera historiko bat da Iranek arma nuklearrik eskuratu ez dezan». Batez ere, Ormuzko itsasartean jarri zuten arreta. Izan ere, azaldu zuten itsasartea «murrizketarik eta bidesaririk gabe» igarotzeko eskubidea «nazioarteko merkataritzaren oinarria» dela, eta ohartarazi zuten Frantziak eta Erresuma Batuak «lagundu» dezaketela Ormuzen nabigazioa bere onera itzul dadin. Pakistanek iragarri du Iranek berehala zabalduko duela itsasartea.
Jatorrizko artikuluak
-
AEBek eta Iranek ezustean sinatu dute bart bake akordioa, elektronikoki
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet - Jon Ordoñez Garmendia |
|
-
Pakistanen arabera, Ormuz «berehala» irekiko du Iranek
Beñat Mujika Telleria |
|