AEBek eta Iranek ezustean sinatu dute bart bake akordioa, elektronikoki

Argitara eman dituzte Teheranek eta Washingtonek sinatutako akordioaren xehetasunak. Iranek uranio aberastua entregatzea onartu du, eta AEBek, Teherani zigor guztiak kentzea. Libano ere barne hartzen du memorandumak.

Donald Trump bake akordioa sinatzen, Versaillesko jauregian, Emmanuel Macron ondoan duela. EFE / @Scavino47
Donald Trump bake akordioa sinatzen, Versaillesko jauregian, Emmanuel Macron ondoan duela. EFE / @Scavino47
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet - Jon Ordoñez Garmendia
2026ko ekainaren 18a
06:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek eta Iranek ezustean sinatu dute bart bien arteko bake akordioa. Berez, bihar egitekoak ziren, baina Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi du elektronikoki sinatu dutela, eta Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak baieztatu du: «Niretzat ohore bat da iragartzea Islamabadeko Elkar Ulertzeko Memoranduma elektronikoki sinatu dutela AEBek eta Irango Islamiar Errepublikak», adierazi du sare sozialetan. Pakistanek bitartekari lanak egin ditu, Qatarrekin batera.

«Versaillesen sinatu nuen», esan du Trumpek, bake akordioaz galdetu diotenean. Dan Scarvino haren aholkulariak sare sozialetan argitaratu duen bideo batean, Trump ageri da akordioa paperean sinatzen, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alboan; hark txalo egiten du. Ondoren Marco Rubio AEBetako estatu idazkariari ematen dio, eta segidan Teheranera bidali dute. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak aurretik sinatua zuen, eta, ondorioz, bi aldeek baztertu egin dute bihar Zurichen biltzea.

Iranek onartu du uranio aberastua entregatzea, arma nuklearrak ez ekoiztea, eta Ormuzko pasabidea irekitzea. AEBek, bestalde, bertan behera utziko dituzte Teherani ezarritako zigor guztiak, Iran berreraikitzeko funts bat sortuko dute, eta portuei ezarritako blokeoa ere kenduko dute. Horiek dira, besteak beste, Washingtonek eta Teheranek adostutako memorandumean jasotakoak. AEBek eman dute akordioaren xehetasunen berri, sinatu aurretik. Orain, hirurogei eguneko tarte bat zabalduko dute Ekialde Hurbileko gatazkaz negoziatzen jarraitzeko. Etxe Zuriko maizterrak, ordea, mehatxu egin du erasoei berriro ekingo dietela Iranen jokabidearekin konforme ez badago: «Ez da behin betikoa, elkar ulertzeko memoranduma baizik. Ez bazait ondo iruditzen, eta ez badira ondo portatzen, berriro bonbardatuko ditugu, eta burua txikituko diegu», esan du prentsaurreko batean.

Gaineratu du, ordea, akordioa «sendoa» dela, «nahiko zehatza», eta Irani arma nuklearrak edukitzea galaraziko dion «harresitzat» ere jo du. Baina Israelek ez ditu bonbardaketak eten, nahiz eta memorandumak barne hartzen duen erasoak fronte guztietan amaitzea, baita Libanokoetan ere.

Frantziako Evian-les-Bains herrian egon da Trump, astelehenetik hasita atzo arte han bildu baitira G7ko herrialdeetako liderrak. Eta, han, kazetarien aurrean adierazi du nahi duela «Israelek bere burua babesteko aukera» eduki dezala. Galdetu diote ea Israelek eten egin behar duen Libanon egiten ari den «operazio militarra». Ezetz erantzun du Trumpek, eta zera gaineratu segidan: «Baina zuhur aritu dadila nahi dut». Gogorarazi beharra dago AEBetako presidenteak esan duela Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «ardura handiagoz» aritu behar duela Libanoko auzian.

Israelek, ordea, ez du ezer jakin nahi akordio horretaz, eta Libanon eraso egiten jarraitzen du. Al-Jazeera hedabideak zabaldu duenez, herenegun lau lagun hil zituen, eta atzo beste zenbait eraso egin ditu herrialdearen hegoaldean, besteak beste Nabatieh hirian. Informazio horren arabera, Hezbollah Libanoko milizia xiitak erantzun egin du, eta gutxienez hamar suziri jaurti Israelgo armadaren aurka.

Horrekin lotuta, Iranek atzo salatu zuen Israelgo armadak 84 aldiz urratu duela menia Libanon bi egunean, eta mehatxu egin du erasoen bidez erantzungo duela. Isna albiste agentziaren bidez atzo zabaldutako ohar batean, Irango armadak nabarmendu zuen «irmoki» erantzungo duela baldin eta Israelek erasoak eteten ez baditu. Azaldu duenez, azken bi egunetako erasoetan hildakoak izan dira, eta jokabide hori «ez dator bat» AEBek eta Iranek hartutako konpromisoekin. Are, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak agerraldi batean adierazi zuen Israelek Libano okupatuta edukitzea AEBekin hitzartutako «memoranduma urratzea» dela.

Memorandumaren hamalau puntuak

Nazioarteko hainbat hedabidek Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko memorandumaren zirriborroa filtratu dute. Puntu hauek biltzen ditu:

 

  1. Iranek, AEBek eta beren aliatuek gerra «berehala» amaitzea «fronte guztietan», baita Libanon ere.

  2. Elkarren «subiranotasuna eta lurralde osotasuna» errespetatuko dute; gainera, ez dute esku hartuko «bestearen barne kontuetan».

  3. Hirurogei eguneko epea edukiko dute behin betiko akordioa adosteko, baina epe hori luzatu ahalko dute «behar izanez gero».
  4. Memoranduma sinatu ondoren, AEBek gehienez ere 30 eguneko epean etengo dute Irango portuen blokeoa; halaber, behin betiko akordioa sinatuz gero, «ingurune horretatik» erretiratuko dituzte tropak, nahiz eta ez duten zehazki adierazi zer eremuz ari diren.

  5. Ormuzko itsasarteko nabigazioa gatazka gogortu baino lehenagoko neurrira heltzeko «beharrezko neurriak» hartuko ditu Iranek, «berehala». Besteak beste, «minak neutralizatzea».

  6. Iran berreraikitzeko 300.000 milioi dolarreko funtsa —258.000 milioi euro— bermatuko dute AEBek eta haien aliatuek. Behin betiko akordioan zehaztuko da mekanismo hori.

  7. AEBek zigor guztiak kenduko dizkiote Irani, mailaka, NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritakoak barne.

  8. Iranek uko egingo dio arma nuklearrak ekoizteari. Negoziazioetan eztabaidatuko dute nola entregatu uranio aberastuaren erreserbak.
  9. Behin betiko ituna sinatu arte, Iranek bere programa nuklearraren «statu quo-ari» eutsiko dio.
  10. Memoranduma sinatu ondoren, AEBek «berehala» kenduko dituzte Irango petrolioaren gaineko zigorrak.

  11. Negoziazio zertan den, atzerrian blokeatuak dituen aktiboak kudeatu ahal izango ditu Iranek.

  12. Behin betiko akordioa betetzen dela bermatzeko «mekanismo» bat ezarriko da.
  13. 4., 5., 10. eta 11. puntuak aplikatuko direlako bermeak lortu ostean, gainontzeko puntuetan zentratuko dira negoziazioak.

  14. Behin betiko akordioa NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen baten bidez onartuko da.

Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean salatu du Israel Libanon egiten ari dena gerra krimen bat dela. «Israelgo armada herritarrak bortxaz lekualdarazten ari da Libano hegoaldeko eremu batzuetan, eta etxera itzul daitezen galarazten. Hori legez kontrako lekualdatze bat da, eta, hortaz, gerra krimen bat», salatu dute oharrean. Libanoko iturri ofizialen arabera, Israelek 3.800 pertsona inguru hil ditu martxoan erasoaldia abiatu zuenetik, eta 11.800 lagun baino gehiago zauritu.

Libanoko presidente Joseph Aounek X sare sozialean atzo adierazi zuen Libano «bere kabuz» negoziatzen ari dela, eta, Israelekin akordio bat egitekotan, Libanoko Gobernuak egingo duela. «Libanoko Estatua subiranoa da erabakiak hartzeko orduan, eta, lehenbizikoz, bera ari da negoziazioak zuzentzen, eta inor ez da ari gure partez negoziatzen. Edozein akordio egitekotan, gure bitartez egingo da, eta ez gure kontura», zehaztu zuen.

IRANEKIN BAT TALDEKO BI ATXILOTUAK OSTIRALEAN ERAMANGO DITUZTE EPAILEAREN AURRERA

Espainiako Poliziak Iranekin Bat taldeko bi kide atxilotu zituen atzo Bizkaian, Hezbollah Libanoko milizia xiitarekin lotura izatea egotzita. Bada, gaur eraman dituzte Madrilera; Espainiako Poliziaren zaintzapean daude, eta ostiralean utziko dituzte Auzitegi Nazionalaren esku. 

Auzitegi horrexek agindu zuen operazioa abiarazteko, eta sumarioa sekretupean dago. 

Al-Jazeerak zabaldu duenez, Libano hegoaldeko hainbat familia etxera itzultzen ari dira azken orduetan. Baina gogorarazi beharra dago hala Libanoko armadak nola Hezbollahk berak «oraindik ez itzultzeko» gomendatu dietela, Iranek eta AEBek jakinarazi arren ituna egin dutela.

G7koen oharra

G7koek ohar bateratu bat zabaldu zuten atzo, eta ontzat jo zuten igande gauean AEBek eta Iranek iragarritako memoranduma. Oharrean adierazi zuten bi aldeen arteko ituna aurrerapauso bat dela: «Aukera historiko bat da Iranek arma nuklearrak eskuratzea eragozteko». Batez ere, Ormuzko itsasartean jarri zuten arreta. Izan ere, azaldu zuten itsasartea «murrizketarik eta bidesaririk gabe» igarotzeko eskubidea «nazioarteko merkataritzaren oinarria» dela, eta ohartarazi zuten Frantziak eta Erresuma Batuak «lagundu» dezaketela Ormuzen nabigazioa bere onera itzul dadin.

Horrez gain, babesa eskaini zioten Libanoko Gobernuari Hezbollah armagabetzeko saiakeran, eta Israeli eskatu zioten amaitu dezala Zisjordanian egiten ari den erasoaldia.

30

Irango zenbat marinel aberriratuko dituen Pakistanek. Pakistango Atzerri ministro Ishaq Darrek atzo X sare sozialean jakinarazi zuen bide emango diola Indiako Ozeanoan dauden Irango 30 marinel aberriratzeari. Tartean daude AEBetako armadak geldiarazitako Irango Davina petroliontziko eskifaiako kideak, eta hondoa jotako ontzi bateko marinelak. Pakistan bitartekari lanetan ari da AEBen eta Iranen artean, Qatarrekin batera.

Txinak, berriz, jakinarazi du laguntza humanitarioa eskainiko duela Libanorako eta Iranerako, hango herrien «berreraikitze lanetan» laguntzeko eta herritarren egoera ekonomikoa eta soziala onbideratzeko. Gainera, Lin Jian Txinako kantzilertzako bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi du Txinak «elkarrizketak eta bake negoziazioak sustatuko» dituela aurrerantzean ere, Ekialde Hurbilean «bakea eta egonkortasuna» ahalik eta lasterren berrezartzen laguntzeko.

Bestalde, azken egunetan egin bezala, JD Vance AEBetako presidenteordeak elkarrizketak eman ditu herrialdeko zenbait komunikabidetan. Fox News katean, esaterako, azaldu du Iranek «benetako onurak» izango dituela, baina «ondo portatzen bada» soilik: «Terrorismoa finantzatzeari uzten badio eta arma nuklearren programaren berreraikitzea alde batera uzten badu, benetako onurak izan ditzakete. Ez badute hori egiten, ez dute ezer lortuko». Gainera, nabarmendu du «edozein modutan» AEBak «irabazian» irtengo direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA