Ali Khamenei, gerra garaiko buruzagia

AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako bonbardaketetako batean hil da Irango buruzagi gorena. Lau hamarkadaz zuzendu du Khameneik herrialdea, eta, tarte horretan, AEBen aurkako jarrera gogortu du.

Ali Khamenei aiatola, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Ali Khamenei aiatola, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko martxoaren 1a
09:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irango lider erlijioso gorena da teorian aiatola; Ali Khameneik, ordea, gehiagotan hartu izan du buruzagi militar baten rola. Maxhaden jaio zen, 1939an, eta Ruhollah Khomeini aiatolaren tokia hartu zuen 1989an. Khomeinik bultzatu eta zuzendu zuen xahren aurkako iraultza hamarkada bat lehenago, baina Khameneik prestatu zituen militarrak eta paramilitarrak Irango defentsak indartzeko, baita herrialdearen eragina eskualdera zabaldu ere. 

Khamenei Irango presidente izan zen 1980ko hamarkadan. Kargu horretan zen Iraken aurkako gerran (1980-1988). Aldi hartan, Irak babestu zuten Mendebaldeko indarrek, eta Iran bakartu. Hala, iraultzaren ondorioz AEBen eta Iranen arteko harremana eten bazen, gatazka hura mugarri izan zen urtebete geroago aiatola karguaren zina egingo zuen buruzagiaren ildoa zehazteko. Izan ere, Khamenei ez zen Mendebaldeaz fidatzen, baina are okerragoa zen AEBen inguruan zuen ikuspegia. 

AEBak Iranen etsai ziren ideia babestu zuen Khameneik, eta, haiei aurre egiteko, herrialdearen defentsak indartu eta eskualdean zuen eragina handitu zuen bere ia lau hamarkadako agintaldian. Horretarako, Irango Guardia Iraultzailea, hasieran indar paramilitarra zena, herrialdeko segurtasun indar nagusi bilakatu zuen, eta politikoki ere indartu zuen erakundea, haren eragina handituz, bai Iranen, bai herrialdeko mugetatik kanpo.

Mendebaldeak ezarritako zigor ekonomikoei ere aurre egin behar izan zien Khameneik, herrialdearen burujabetza ekonomikoa indartzeko neurriak hartuz eta bestelako aliantza batzuk bilatuz.

Atzerrian ez ezik, etxean ere izan zituen aurkariak. 2022an, esaterako, protesta jendetsuak piztu ziren herrialdean, Mahsa Amini Poliziaren atxiloaldian hil ostean —irailean atxilotu zuten Amini, hijaba edo buruko zapia oker eramatea leporatuta—. Kurdua zen Amini, eta han hasi ziren protestak, baina herrialde osora zabaldu ziren gero. 500dik gora izan ziren hildakoak, eta 19.000 baino gehiago atxilotuak. 

Orain arteko istilu gogorrenak, ordea, aurtengo urtarrilean izan ziren, Mendebaldearen zigor ekonomikoek eragindako krisi ekonomikoak bultzatuta. Milaka lagun hil ziren liskarretan, eta horiek baliatu zituen oposizioak erregimenaren aurka ahotsa goratzeko. Baita AEBek ere aiatolaren aurkako mugimendua bultzatzeko. 

Gazteak izan dira aurtengo protestetako protagonistak. Analisten iritziz, helduagoek ez bezala, horiei urrun geratzen zaie iraultza eta, aldiz, zigor ekonomikoen menpeko errealitatea soilik ezagutu dute; hala, aldaketa bat izan dadila eskatzen dute, eta, batez ere, krisia amaitzea eta nazioarteko bakartzea bukatzea. 

Negoziazioak

Hala ere, Irango programa nuklearrak bideratu ditu Mendebaldearen eta Iranen arteko harremanen nondik norakoak. Iranek hasieratik esan izan du helburu zibilekin aberasten duela uranioa, eta, aldiz, arma nuklearrak egin nahi izatea egozten diote mendebaldeko potentziek.

Hala, 2015ean zigor ekonomikoek eragindako krisi betean, akordioa egin zuten Europako Batasunak, AEBek eta Iranek. Akordio horren arabera, Teheranek nazioarteko ikuskatzaileak sartzen utziko zuen, eta eten egingo zuen programa nuklearra, zigorrak arintzearen truke. 

Etenak gutxi iraun zuen, ordea. Hiru urte zehazki, hau da, Trumpek agintea hartu eta akordiotik irten arte. Washingtonek zigor gehiago ezarri zituen Iranen aurka, eta Khameneik jarrera gogortu zuen. Hurrengo urteetan, Iranek azkartu egin zuen programa nuklearra, eta uranioa %60raino aberastu zuen —%90 aberastu behar da uranioa arma nuklearrak egiteko—.

Hala ere, Khameneik ez zuen bertan behera utzi arma nuklearrak egitea debekatzen zuen agindua, eta behin eta berriz esan zuen zibila zela programa nuklearraren helburua. 

Israel

Iranek ez du sekula aitortu Israel estatu gisa. Teheran izan da urte luzez estatu juduaren aurkakotasuna irudikatu duen potentzia nagusia. Apurka, ordea, Donald Trumpen lehen agintaldian sinatutako Abrahamgo akordioei esker batez ere, inguruko herrialde arabiarrekiko harremanak hobetuz joan da Israel, eta, aldi berean, Iranek zuen babesa ahulduz. 

Palestinaren aurkako erasoaldia hasi zenean, 2023ko urriaren 7an, Khameneik babestu egin zuen Hamasen erasoa, eta gogor gaitzetsi Israelek emandako erantzuna. Handik gutxira, Hamaseko buruzagi gorena eta Hezbollahren buru bat hil zituen Israelek Iranen egindako bi erasotan, eta zurrumurruak zabaldu ziren Khamenei bera izango ote zen hurrengoa. 

Ia hiru urte igaro dira, eta AEBek eta Israelek lortu dute nahi zutena. Atzo hil zuten Khamenei, haren etxea bonbardatuta. Iranek berak aitortu du heriotza, hasieran ihes egina zela esan zuen arren. Haren ordezkoa aukeratu beharko dute orain, eta horrek agerian utziko du Etxe Zuriak bete ote duen azken helburua, alegia, Irango erregimena bere nahierara aldatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA