Israeli berdin zaio. AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko memorandumaren—bart sinatu du Donald Trump AEBetako presidenteak, Versaillesen (Frantzia), eta atzo bertan sinatu zuen Masud Pezexkian Irango presidenteak ere, Teheranen— hamalau puntuetako lehenak dio operazio militarrak eten behar direla «fronte guztietan», Libanon barne, eta herrialde horren subiranotasuna «bermatu» behar dela. Baina Tel Avivek bereari eusten dio, eta Benjamin Netanyahuk berretsi du gaur errepide bat inauguratzeko ekitaldian Libanon jarraituko dutela. Bitartean, ez dago argi bihar Suitzan akordioaren sinadura ekitaldirik egongo ote den.
Mojtaba Khamenei Irango lider gorenak jakinarazi du berak «beste iritzi bat» duela memorandumaren inguruan, baina, herrialdeko presidentearen «konpromisoa» dela-eta, akordioa sinatzeko baimena eman duela. Irango hedabideek zabaldu dute Khameneik sinatutako oharra.
Horiek horrela, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak azpimarratu du gaur AEBen ardura dela adostutakoa kontuan hartuta fronte guztietan amaitzea gerra. Jean-Noël Barrot Frantziako bere homologoarekin mintzatu da telefonoz, eta hori esan dio, bien arteko elkarrizketaren inguruko iturriak aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez. Hori bera azpimarratu du Trumpek sare sozialetan; JD Vance AEBetako presidenteordea, aldiz, harago joan da, eta errieta egin die akordioa kritikatu duten Israelgo ministroei. Oroitarazi die Washington dela alboan duten «azken aliatua».
Ordu batzuk lehenago, gaur, Israelgo armadak hiru pertsona hil ditu Libanon, droneekin egindako bi erasotan. Kfar Tebnit hiritik gertu egin du eraso Tel Avivek, Libano hegoaldean; droneak auto bat jo du, eta bertan zihoazen bi lagunak hil ditu, Libanoko albiste agentzia nazionalak jakinarazi duenez. Horrez gain, armadak beste pertsona bat hil du Zebdin hirian.
Trumpek belarrietatik tira egin dio azkeneko asteetan Netanyahuri, Libanoren kontrako erasoak ez eteteagatik, eta, batez ere, Beirut ere jomugan edukitzeagatik. Baina Trumpek adierazi zuen asteartean «litekeena» dela itunak aurrera egitea Israelek Libanori eraso egiten jarraituta ere, eta Libanokoa «gerra txikiago bat» dela Irangoaren aldean.
Ituna indarrean sartu da. Hori jakinarazi du Pakistan bitartekariak, eta esan Ormuzko pasabidea «berehalakoan» irekiko duela Iranek. Hala ere, ikusteko dago bi aldeak bihar Suitzan bilduko diren edo ez. Izan ere, goizaldean, Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek X sare sozialean jakinarazi du Trumpek ituna sinatu duela, eta ordu batzuk geroago txioa moldatu du: eguneratutako bertsioan ezabatu egin ditu biharko sinadura zeremoniaren gaineko aipamenak.
Hasi da hirurogei eguneko atzerako kontaketa. Bi aldeek memoranduma sinatu dute, eta egin dute dagoeneko lehen urratsa. Orain, ordea, gairik arantzatsuenari aurre egin beharko diote. Teheranek eta Washingtonek hirurogei egun izango dituzte Irango programa nuklearraren gainean eztabaidatzeko. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi Rafael Grossik begi onez ikusi du bi aldeek sinatutako memoranduma, eta Genevan (Suitza) emandako prentsaurreko batean azaldu du orain lanean hasteko ordua dela. «Berri ona da memoranduma mahai gainean egotea. Orain, lan teknikoa egiten hasi behar dugu», esan du.
Ormuzko itsasartea «berehala» irekiko du Iranek, edo hori adierazi du Islamabadek, behintzat. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkaria Bruselan egon da gaur, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeetako Defentsa ministroekin batera, eta kazetarien aurrean egindako agerraldi batean esan du AEBek blokeoak berrezarriko dituela, Iranek ez baditu «itunean jasotzen diren konpromisoak» betetzen.
Washingtonek azken egunetan adierazi duenez, datozen hirurogei egunetan Iranek ez die inolako bide saririk ezarriko itsasartea igarotzen duten ontziei. Behin hirurogei egun horiek amaitzen direnean, ordea, ikusteko dago nola jokatuko duen. Mohammad Ghalibaf Irango Parlamentuko presidentearen arabera, prozedurak ez ditu «nazioarteko itsas arauak» urratuko. Elkarrizketa egin diote bart Irango telebistan, eta adierazi du Ormuzko itsasartea ez dela berriro «gerra aurreko egoerara» itzuliko. «Iranek eskubidea dauka itsasartean subiranotasuna erabiltzeko, eta, noski, tasak kobratuko ditugu emango dugun zerbitzuaren truke», gaineratu du.
Irango Fars albiste agentziak astelehenean eman zuen Iranen asmoen berri, eta gaineratu Iranen eta Omanen esku egongo dela pasabidearen kudeaketa. 11 ontzik igaro dute Ormuzko pasabidea igandeaz geroztik, Irango Press Tv telebista katearen arabera.
israelek harremanak eten ditu kaja kallasekin
Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek gaur jakinarazi du Israelek «eten» egin duela Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuarekin daukan harremana, egotzita hark Israel apartheidaren garaiko Hegoafrikarekin alderatu zuela. X sare sozialean zabaldutako mezu batean, Saarrek adierazi du Kallasek «obsesiboki eta modu bidegabean» jokatzen duela Israelekin, eta horregatik hartu dutela harremana eteteko erabakia. Kallasek X sare sozialean erantzun dio Saarri, eta esan du EBk «konprometituta» jarraitzen duela
Israelekin «harreman eraikitzaile bat» edukitzearekin.
Orain, ikusteko dago bi aldeak bihar Suitzan elkartuko diren edo ez. Sharifek X sare sozialeko mezutik kendu baditu ere bilera horren inguruko erreferentziak, Suitzako Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du biharko aurreikusita zegoen bilkura egin egingo dutela. «Gauzak dauden bezala, bere hartan eutsiko zaio planari. AEBak eta Iran Burgenstocken bilduko dira bihar, akordioaren gaineko lehen negoziazioetarako, Pakistan eta Qatar bitartekariekin eta tartean dauden beste herrialde batzuekin batera».
Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Esmail Baqaeik, berriz, adierazi du elkartuko direla, baina negoziatzeko izango dela, eta argitu du ez dutela sinadura ekitaldirik egingo.
«Errespetu» eskaera
Gainera, Baqaeik esan du gertutik erreparatuko diotela AEBen jarrerari, eta ohartarazi du Teheranek ez dituela beteko «hartutako konpromisoak» baldin eta AEBek «iskin egiten» badiete dagozkien betebeharrei. Eta Libanoko auziaren inguruan, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du Iranek erakutsi izan duela lagunak ez dituela «alde batera» uzten. «AEBen betebeharra da Israel konpromisoak betetzera behartzea», gaineratu du.
Atzo gauean eman zituen Washingtonek hamalau puntuko memorandumaren inguruko xehetasunak, eta horietan argi gelditu da Libanoko auzia barne hartzen duela. Pezexkianek ere gaur eguerdian zabaldu du memoranduma X sare sozialean. «Bakea elkarrekiko errespetuarekin lortuko da», gaineratu du.