AEBek Iran bonbardatu dute

Trumpek jakinarazi du hiru gune nuklear nagusiei eraso dietela, eta operazioa «arrakasta militar ikusgarria» izan dela. Iranek erantzungo duela agindu du, eta, besteak beste, Tel Aviveko aireportua jo du. Ormuzko itsasartea ixtea onartu du parlamentuak.

Donald Trumpen agerraldia, erasoen berri emateko. CARLOS BARRIA / EFE
Donald Trumpen agerraldia, Iranen aurkako erasoen berri emateko. CARLOS BARRIA / EFE
Mikel Rodriguez - Jon O. Urain
2025eko ekainaren 22a
17:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren nahia bete du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, eta bat egin du Iranen kontrako erasoaldiarekin. Truth Social sare sozialean jakinarazi duenez, Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso diete AEBek: Fordowri, Natanzi eta Isfahani. «Bonba kargamentu oso bat erori da Fordown», idatzi du Trumpek. Zehaztu duenez, erasoetan parte hartu duten hegazkinak «salbu» daude «etxera bueltan»: «Hegazkin guziak Irango aire eremutik atera dira orain». Ondoren, agerraldi berezi bat egin du Etxe Zurian, JD Vance presidenteordea, Pete Hegseth Defentsa idazkaria eta Marco Rubio Estatu idazkaria gibelean zituela. Hor, eraso gehiagorekin mehatxu egin dio Irani: «Bakea izanen da, edo Iranentzat azken zortzi egunotan ikusi duguna baino anitzez tragedia handiagoa izanen da».

Ez da horretara mugatu AEBetako presidentea, eta iluntzean, sare sozialetan mezu hauxe zabaldu du: «Ez da politikoki zuzena erregimen aldaketa kontzeptua erabiltzea, baina Irango egungo erregimena ez bada gai Iran berriz handi egiteko, ez a luke erregimen aldaketa bat egon beharko?». Mezuak ez du bat egiten Etxe Zuriaren orain arteko adierazpenekin, izan ere, Washingtonen esanetan bere asmoa ez da Iranen gobernu aldaketa bat behartzea.

Duela bederatzi egun hasi zen Israel Irani erasotzen, Teheranen programa nuklearraren helburua arma nuklearrak lortzea dela argudiatuta. Iranek beti adierazi du helburu zibilekin garatu duela programa nuklearra, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak behin baino gehiagotan adierazi du ez duela frogarik aurkitu baieztatzeko Iranen programak helburu militarrak dituela. 

Iran
Fordowko planta, sateliteko irudi batean, aurten. 2025 PLANET LABS

Trumpek Etxe Zurian erran duenez, bonbardaketeen helburua zen «Iranen aberaste nuklearrerako gaitasuna suntsitzea, eta munduan terrorismoaren babesle nagusiak ordezkatzen duen estatuaren mehatxu nuklearra amaitzea». Eraso horiek «arrakasta militar ikusgarria» izan dute, erasotako hiru guneak «erabat suntsitu» dituztelako, baina jomuga gehiago dituztela ohartarazi dio Irani. «Bakea ez bada agudo etortzen, jomuga horien kontra joko dugu zehaztasunarekin, abiadurarekin eta abildadearekin». 

Arratsaldean, NBC telebista katean, Vancek adierazi du ez daudela Iranekin gerran, «bere programa nuklearrarekin baizik». Azaldu du ez dutela Iranera tropak eramateko inongo interesik, euren asmoa ez dela «erregimen aldaketa bat» eragitea, baina Teheranek erantzuten badu «sekulako indarrarekin» itzuliko dizkiotela erasoak.

«Ondorio iraunkorrak»

Iranek erasoari berehala erantzun behar diola adierazi du Hossein Shariatmadarik, Ali Khamenei Irango aiatolaren ordezkariak, eta jomugan jarri ditu AEBek Barheinen dituen ontziak. Era berean, esan du Ormuzko itsasartea itxi beharko luketeela AEBetako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Frantziako ontzientzat. Irango Atzerri ministro Abbas Aragtxik, berriz, ohartarazi du «instalazio nuklear baketsuen» aurkako erasoak «ondorio iraunkorrak» izango dituela. 

Mahdi Mohammadik, Irango Parlamentuko presidentearen aholkulariak. Azaldu du Iranek Fordowren aurkako erasoa espero zuela, gune hori ja hutsarazita zutela eta ez duela kalte atzeraezinik nozitu. «Jakintza ezin da bonbardatu», erantsi du. Irango hedabideek administrazioko iturriak aipatuz zabaldu dutenez, AEBek jotako gune nuklearretatik gertu bizi diren herritarrentzat ez dago arriskurik.

Bestalde, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du Israelgo Ben Gurion nazioarteko aireportuari, ikerketa zentro batzuei eta beste zenbait kokalekuri eraso diela jada, AEBetako ekinaldiaren erantzun gisa. Irango hedabideen arabrera, Iranek lehen aldiz erabili du Kheibar misila, 2.000 kilometrotara jaurti dezakeena. Erasoak hamasei lagun zauritu ditu Tel Aviven, Haifan eta beste eremu batzuetan.

Iranek atzo bertan ohartarazi zien AEBei gerran ez sartzeko, «oso arriskutsua» litzatekeelako. Trumpek, baina, entzungor egin dio Teherani. Abbas Aragtxi Irango Atzerri ministroa Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako Atzerri ministroekin elkartu eta 24 ordura egin du erasoa. «Ziur nago gerratik ateratzeko eta arrisku larriagoak eragozteko bide bat dagoela», idatzi zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sare sozialetan, Irango presidente Masud Pezexkianekin telefonoz hitz egin ondoren. 

Netanyahu, pozarren

Irango agintariek baieztatu egin dute erasoak gertatu direla. Alde batetik, Qom eskualdeko larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute «Fordwoko eremu nuklearraren parte bati» eraso dietela «aireko indar etsaiek», estatuko Fars eta IRNA agentziek bildu dutenez. Bertzalde, Isfahan probintziako gobernuak jakinarazi du Isfahanen eta Natanzen «zenbait leherketa» aditu direla, eta aireko defentsek «helburu erasokorrei» buru egin dietela. 

Netanyahuk, berriz, agerraldi berezi bat egin du telebistan, eta pozarren agertu da AEBen bonbardaketekin: «bertze inor ausartu ez dena» egin dutela goraipatu du. Israelek hilaren 13an hasi zuen Iranen kontrako erasoaldia. Aireko erasoen bidez garatzen ari den gerra bat da. Irango Gobernuaren arabera, gutxienez 430 herritar hil ditu Israelek orduz geroztik; horien artean, armadako eta Guardia Iraultzaileko buruzagiak eta herrialdeko zientzialari nuklear garrantzitsuenetakoak. Iranek, berriz, misilak eta droneak jaurtita erantzun dio Israeli. Tel Aviven arabera, gutxienez 24 lagun hil dira Iranen erasoetan. 

Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua

Iranen, parlamentuak oniritzia eman dio Ormuzko itsasartea ixteko proposamenari. Orain, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak izango du azken hitza. Oman eta Iran arteko itsasarte horretatik igarotzen da munduko petrolio eta GNL gas natural likidotuaren %20, eta erabakiak sekulako ondorioak izan ditzake nazioarteko ekonomian. Jada ari da garestitzen petrolioa.

Azken urteetan, Iranek zenbait aldiz egin du itsasartea ixtearekin mehatxu. Ikusteko dago oraingoan zer gertatzen den. Itxiz gero, Arabiar Emirerri Batuek, Qatarrek. Bahreinek eta Kuwaitek ezingo lukete petrolioa esportatu, eta Saudi Arabiak ere, munduko esportatzaile handienak, erdira murriztu beharko lituzke salmentak.

Marco Rubiok, AEBetako Estatu idazkariak, Txinari eskatu dio bitartekari lanak egiteko Iranek itsasartea itxi ez dezan, ekonomian izango lukeen eraginagatik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.