Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

EITB

EITBren 'streaming' plataformari 'Primeran' izena jarriko diote

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak taldearen asmoen eta lehentasunen berri eman du gaur, Bilbon, Seriesland websailen jaialdian. «Kontsumo eta euskarri digital berrien aurrean, euskarazko edukiak bermatu behar ditugu», esan du

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko urriak 22

«Gure garai honetan, ikus-entzunezko produkziorik gabeko herrialde batek ez du errelatorik». Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren esaldia da. EITB 2030 estrategia planaren berri eman du gaur, Bilbon, Seriesland nazioarteko jaialdian, Basque Egunaren bigarren aldian. Nabarmendu du etorkizunean funtsezkoa izango dela «partekatzea», baita «elkarrizketak sortzea» ere. «Kontsumo berrien eta euskarri digital berrien aurrean, euskal ikus-entzunezkoak eta euskarazkoak bermatu behar ditugu. Eta horiek ez badaude presente, belaunaldi batzuek ez dute euskaraz kontsumitzeko aukerarik izango», azaldu du. Gazteekin «konektatu» beharra aipatu du betekizunen artean.

Orain, talde publikoa Nire EITB izeneko proiektuan ari da lanean. Horren bitartez, herritarrek erregistratzeko aukera izango dute, izena emanda. Eta behin erregistratzea nahikoa izango da komunitate digital horretakoa izateko.

Aldekoaren arabera, EITBrentzat garrantzitsua da jasangarritasun ekonomikoa. Baita egokitzapen teknologikoa, profesionaltasuna eta kalitatea ere, eta hurbiltasuna eta informazioa.

Europako ingurune mediatikoa ezagutzeko zenbait datu bildu ditu talde publikoak. Ikerketa asko eskatu dituzte, halaber, sektorearen egoera hobeto ezagutzeko. «Dilema nagusia» detektatzea funtsezkoa da, Aldekoaren aburuz. «Desafioa» honako hau dela aipatu du: «Digitalizazioaren eta globalizazioaren aroan eta Europako esparruaren barruan, zer esan nahi du herri txiki bateko ikus-entzunezko talde publiko izateak, berezko kultura eta hizkuntza gutxitua zaintzeko helburua edukita?». EITB taldearen nortasunak honakoei erantzun behar die: «Euskara, kultura, Euskal frame-a eta zerbitzu publikoa».

Ildo nagusiak finkatuta, ekintza planari ekingo dio EITBk datozen urteetan. Lehentasunen artean, zuzendari nagusiak aipatu du konpromiso soziala dagoela. «EITB euskal ikus-entzunezko talde erreferente moduan duen posizio soziala indartzea». Etorkizuneko telebista izateko asmoz, «frankiziak finkatu eta komunitate digitalak sortuko dituen estrategia digitala sustatzea» egongo da. Etorkizuneko irratiari dagokionez, irratia «digitalizatzea» eta EITBren «proiektu crossmedia-k» sustatzea daude asmoen artean.

Primeran plataforma
Maiatzaren 19an, Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen «euskal Netflix» bat sortzeko asmoa duela EITBk. Primeran izena jarriko diote plataforma horri. Aldekoaren arabera, EITBko edukiak izango dira garrantzitsuenak plataforma horretan. «Baina beste eduki batzuk ere egongo dira. Euskal Herriko produkzioentzat eta jaialdientzat leiho bat izatea nahiko genuke. Bideragarria izatea nahiko genuke, baita gazteentzat erakargarria ere». Eszenaren munduko edukiak etorkizunean sartzeko aukera aipatu du Aldekoak: «kontzertuak eta bestelakoak».

Hedabide gisa, informazioarekiko EITBren konpromisoa indartzea da lehentasunetako bat. «Informazio digitalean eta hedabide berrietan liderra izatea» ere bai. Aldekoak azaldu du «EITB agendaren» alde egingo dutela, «talde moduan indartzeko».
Kirolean erreferenteak izatea da beste jomuga bat. Zuzendari nagusiaren ustez, teknologia berriek aurrerapauso berriak emango dituzte kirol emankizunetan.

Aldekoak garrantzia eman dio euskal ikus-entzunezko ekosistemarekin aliantzak egiteari ere. «Berrikuntza eta sormena indartuko dira Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenean». Horretarako, EITB Miramon Faktoria proiektua jarriko dute martxan Donostiako egoitzan. Miramongo egoitzako zuzendaria Maite Iturbe da –EITBko zuzendari nagusia izan zen 2013tik 2020ra, eta taldean ari da lanean 1984tik—.

Kudeaketa teknologiko berria behar dutela uste du Aldekoak. Halaber, EITBren egoitzak modernizatzeko plan bat izango dute.
«Bidea» hasteko proiektuen artean, Primeran plataformaz eta EITB Miramon Faktoriaz gain, edukien politika berrian egongo da fikzioa lortzea eta bikoiztea, eta euskarazko produkzioen eskubideak babestea. Nafarroako egoitza zabaltzen ari dira, eta herrialde horretako audientziak hobetu nahi ditu taldeak.

Aliantzen eta nazioartekotzearen bideari ere ekingo diotela iragarri du Aldekoak. Zeregin horretan, eta plataforma teknologikoekin izango dituzten harremanak lantzeko, Izaskun Ozerin iritsiko da ETBra BBCtik. Azaroaren lehen hastean hasiko da EITBn lanean.

Aldekoak ekarpenak jasotzeko prest izango du epe batez egitasmoa, oraindik ez baitago behin betiko onartua. Hemendik aste batzuetara egingo dute publiko dokumentua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.
Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. ©BERRIA

Elkartasunaren indarra lagun

Jakes Goikoetxea

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Jakes Goikoetxea

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.