Alex Aginagalde. Pantailak Euskaraz, mugimenduko bozeramailea

«Ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea»

Euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa publikoa handitu egin behar dela uste du Aginagaldek, «egoerari buelta emateko».

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zuzenbide eta antropologia ikasketak egin ditu, eta kultur teknikaria da lanbidez Alex Aginagalde (Donostia, 1981).

Zer asmorekin sortu duzue Pantailak Euskaraz mugimendua?

Euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera kezkagarria iraultzeko sortu da mugimendua.

Zer diagnosi egiten duzue euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentziaz?

1990ean, euskarazko telebistak eskaintzaren %25 osatzen zuen. Telebista digitalarekin, Internetekin eta plataformekin, euskarazko eskaintza erabat diluitu da. Erakundeek ez dute behar bezalako apusturik egin garai berrietara egokitzeko. Euskarazko ikus-entzunezko sektorearen finantzaketa publikoa handitu egin behar dela iruditzen zaigu.

Larrialdia handia al da?

Erabatekoa da larrialdia. Egunean ordu ugari ematen ditugu pantailen aurrean, eta euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da. Euskararen erabilera handitzea nahi badugu, ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea.

Zer garrantzi du belaunaldi gazteentzat pantailetako ia eduki guztiak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzeak?

Ikerketa soziolinguistikoek diote aisialdia bizitzeko dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan. Haur eta gazteek dituzten erreferente guztiak erdarazkoak izateak ekar dezake etorkizunean belaunaldi horiek erdaraz bizitzea. Estrategikoa da egoerari buelta ematea.

Zein izango dira Pantailak Euskaraz mugimenduaren hurrengo pausoak?

Azken asteetan aldarrikapenen inguruan eztabaidatzen aritu gara ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako pertsona erreferenteekin. Hemendik aurrera, gure asmoa litzateke eragile gehienekin bilerak egitea, ekarpenak jasotzea, baita atxikimenduak ere, eta egoera aldatzeko neurriak biltzen dituen proposamen bat lantzea. Proposamen hori gero erakunde publikoei helaraziko genieke. Uste dugu herritarren aktibazioak lagunduko duela erakundeak mugiarazten.

Iruditzen zaizu alderdi politikoak arduratzen direla euskarak pantailetan duen egoerarekin?

Badirudi alderdiak eta erakundeak mugitzen hasi direla. Pozgarria da ikustea Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak bere egin duela gure diskurtsoa, esaten baitu ezinbestekoa dela streaming plataformetan euskararen presentzia sendoa izatea.

Azkeneko bederatzi urteetan ez da atzerriko helduentzako filmik bikoiztu euskarara. Zer diozu?

Funtsezkoa da bikoizketa: kanpoko edukiak ere jaso behar dira norbere hizkuntzan. Bikoizketarik ez badago, jendeak galdu egiten du filmak euskaraz ikusteko ohitura. Azpidazketa ere aldarrikatzen dugu, eduki asko euskarara ekar daitezke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.