Albistea entzun

Joxean Albisu eta Mertxe Garcia. Arrano Etxeko arduradunak

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<b>Joxean Albisu. </b>Arrano Etxearen aurrealdean. Haien etxebizitza izan da egoitza.
Joxean Albisu. Arrano Etxearen aurrealdean. Haien etxebizitza izan da egoitza. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko urtarrilak 16

Historia bat eta milaka istorio. 8.000 bizitza baino gehiago salbatuta. 24 orduz eta 35 urtez. Etenik gabeko guardia bat, oporrik eta jaiegunik gabeko bizitza bat, eta ateak beti zabalik izan dituen etxe bat, teilatupe bat, babesleku bat. Tirokatutako belatzak, eta autoak harrapatutako orkatzak. Saiak, mirotzak, arranoak, elanoak, itsas txakurrak, azkonarrak, azeriak, lepazuriak, katagorriak, tximinoak, lehoiak, loroak, tukanak. Zauriak eta orbanak. Batzuen utzikeria baldarra, eta jardun koldarra. Joxean Albisuren (Donostia, 1935) eta Mertxe Garciaren (Donostia, 1952) dena eman beharra. Hori eta askoz gehiago izan da Igeldoko (Gipuzkoa) Arrano Etxea. Ixtera doaz. Uztera doaz euren boluntario lana, aitortza nahikorik gabea. Noeren arka bat izan dute etxeko egongelan. Handik mintzo dira, telefonoz. Nahiago izan dute horrela, «pandemiarengatik».

Zer iritsi da azkeneko aldiz Arrano Etxera?

MERTXE GARCIA: Lurreko dortoka bat. Badu hark ere bere historia. Zendu berria den 78 urteko emakumezko batena da, eta 62 urte zeramatzaten elkarrekin. Dortokak, beraz, 62 urte ditu gutxienez.

Seguran tirokatu zuten elano urdina libre dabil hegan?

JOXEAN ALBISU: Zeinen animalia ederra eta dotorea den elanoa. Badakizu zergatik askatu genuen Abaltzisketa inguruan? Inguruotan ez da batere ohikoa elano urdina, baina han detektatuta daukate bat aspalditik, eta ea elkar ezagutzeko aukerarik duten.

Arrano Etxea noiztik? Nolatan?

J.A: Kontatu dezala Mertxek. Nik baino hizkera didaktikoagoa dauka.

M.G: Aurpegia daukazu zuk gogorra [barrez]. Nola hasi zen hau? Bada, Joxean Aranzadiko kidea izan da betidanik. Parte hartzen zuen hegaztiei eraztunak jartzen, joaten ziren Doñanara... eta bada afizioz entomologoa ere, koleopteroen bildumagilea. Ofizioz, berriz, pediatra izan da.

Eta zu?

M.G: Psikologo klinikoa naiz ofizioz, eta Madrilen lan egin nuen Joxean ezagutu aurretik. Ondoren, haren kontsultan aritu nintzen Donostian, lau seme-alaba zaintzen, Arrano Etxean... Baina ezkutuko lana izan da nirea, eta ez dut atera nahi argazkietan.

Jendeak ulertu dezan: Arrano Etxea zuen etxebizitza da.

J.A: Etxea erosi genuenean martxan jarri zen hau guztia. Txema Faus izeneko gure lagun batek —Aranzadikoa hura ere— sei arrano zituen etxean, eta emaztea kokoteraino zegoen haiekin. Fausek esan zidan: «Aizu, Joxean! Zuk hauei buruz asko dakizu, eta zergatik ez dituzu zuen etxera eramaten?».

M.G: Hemen jaso genituen, eta Gipuzkoako Aldundiko departamentuburu bat, Carlos Tejada izenekoa —ezaguna hura ere—, gurekin harremanetan jarri zen. Proposatu zigun guk hartzea horrelako kasuen ardura, Gipuzkoan ez zegoelako halakoetarako ez tokirik eta ez jenderik. Horrelaxe hasi ginen, tontamentean.

Haziz joan zen kontua.

J.A: Hasi eta urtebete ingurura, hitzarmena egin genuen aldundiarekin, guztia legez egiteko, zeren babestutako espezieak ziren asko, eta ezin ziren utzi partikularren esku hola eta hola.

M.G: Gure kasa hasi ginen, baina gero eta azpiegitura eta gastu gehiago genituen. Guk ez dugu sekula dirurik eskatu guretzat; hau ez da sekula negozio bat izan. Aldundiak laguntzak ematen zizkigun janaritarako, azpiegitura berrietarako, laguntzaileren bat kontratatzeko, albaitari klinikaren babesa lortzeko... Gauza askotarako, ordea, oso gogor borrokatu behar izan dugu.

Egia da ez duzuela sekula itxi?

J.A: Sekula ez.

M.G: Ez gauez, eta ez egunez. 35 urtez, 24 orduz egon gara irekita.

Oporrik hartu gabe?

J.A: Egin izan dugu bata joan eta bestea geratu, baina gutxitan.

M.G: Elkarrekin, behin bakarrik joan gara oporretara: New Yorkera, David Rockefellerrek gonbidatuta.

Nola? Rockefeller bankariak?

J.A: Berez, ez dauka Arrano Etxearekin zerikusirik .

M.G: Hola aldizkaria erosteagatik kritikatu izan naute ni askotan, baina haren ondorioz izan zen.

Esplikatu, mesedez.

M.G: Gabon batzuetan izan zen. Azalean etorri zen albistea: Rockefellerrek bere memoriak idatzi zituela. Argazkiak begiratzen hasi nintzen, eta haren etxeko argazkietan ikusi nuen koleopteroz betetako kaxa batzuk zituela. Eta esan nion Joxeani: «Begira, honek zure afizio berbera dauka».

J.A: Begiratu nuen argazkia eta ohartu nintzen ez zela bilduma zientifiko bat, ikusgarri gelditzeko eginda zegoela, erakusketarako zela bakarrik.

M.G: Halaxe gelditu zen kontua. Baina izan nuen halako intuizio bat, eta esan nion: «Zergatik ez diozu idazten?».

J.A: Burutik jota ote zegoen erantzun nion.

M.G: Baina handik egun batzuetara hara non esaten didan eskutitz bat idatzi diola. Oso eskutitz polita iruditu zitzaidan, eta gure mediku lagun bati esan genion itzultzeko. Eta bidali egin genuen.

Eta erantzun egin zizuen?

M.G: Handik hilabetera. David Rockefellerrek berak, eskuz. Joxeanen tonu berean. Bi arima biki ziruditen.

J.A: Eta harreman bat hasi zen. Aldiko idazten nion, eta erantzuten zidan. Eta horietako batean idatzi nion esanez oso kezkatuta nengoela nire koleoptero bildumarekin. Eskaini niola Jaurlaritzari, baina ez zigula erantzuten, eta beldur nintzela ez ote zen hondatuko.

M.G: Esan zigun bera prest zegoela kargu egiteko, eta bere entomologo pertsonala bidali zigun. Arrano Etxera etorri zen. Bilduma guztia ikusi zuen. Estilo amerikarrean etorri zen: ezagutu ere egiten ez genituen makina batzuk hartuta, fokuak... Bi edo hiru egun egin zituen hemen eta AEBetara bueltatu zen informazio guztiarekin. Hilabete batzuen buruan erantzun ziguten: onartzen zutela Joxeanen bilduma Rockefellerrenarekin batera jartzea, eta, hura hildakoan, bi bildumak batera geldituko zirela Harvard Unibertsitatearen esku, euren fundazioaren bidez.

Istorio harrigarria da.

J.A: Asko gustatu zitzaien bilduma. Oso ongi datatua eta dokumentatua zegoela esan ziguten.

M.G: Entomologo berbera itzuli zen, zortzi-hamar egun egin zituen hemen, bilduma guztia prestatu, eta eraman egin zuen. Eta Pocanticoko bere etxaldean tokia egin ziotenean, Rockefellerrek berak idatzi zigun, hara gonbidatuta geundela esanez. Han pasatu genituen ia bi aste. Harekin gosaldu, bazkaldu, afaldu... bere etxean, helikopteroa atarian, Picassoren eta El Grecoren margolanak hormetan... Baina ez ezazula pentsa gizon harroa zenik. Oso apala zen [2017ko martxoan hil zen, 101 urterekin].

Baina horiek izan dira 35 urtean elkarrekin egindako opor bakarrak. Konpentsatzen du?

M.G: Oso zaila da hori baloratzea. Bai, eta ez. Ez dut inolako kexarik eduki dudan bizitzaren inguruan. Bizi proiektu bat izan da hau. Gauza bakarra gelditu zait egiteko: gehiago bidaiatzea.

J.A: Etxe hau ezin dugu itxita utzi. Norabait joan garen aldiro, konfiantzazko norbait utzi behar izan dugu, kargu egin zedin.

Familia osoa inplikatu da, nolabait, proiektu honetan?

J.A: Dudarik gabe. Gabonetan, adibidez, mahaiaren bueltan jartzen ginen denok, baina bagenekien edonoiz emango zigutela itsas txakurren baten inguruko abisua.

M.G: Gazteak izaten dira normalean, eta ekaitzak ekartzen ditu gure kostaldera. Orain jada Ambar elkarteak jasotzen ditu. Baina gogoan dut itsas txakur bikote bat: Neska eta Mutil. Hiru hilabetez izan genituen hemen. Zazpi eta hamabi kilorekin etorri ziren, hurrenez hurren, eta 50 eta 70 kilorekin irten ziren.

Eta horrenbeste maitasun eman ostean aske utzi beharra, edo, okerrenean, hiltzea, nola kudeatzen duzue?

J.A: Oso gaizki, baina ohitu egin behar duzu. Azkenean, garbi dago helburua animalia berriz aske uztea dela.

M.G: Aurrera egiten dutenean, sekulako poza hartzen duzu. Hiltzen direnean, edo hil behar dituzunean, askotan deskantsu bat ere izaten da: bai haientzat, eta baita guretzat ere.

Dena dela, Arrano Etxetik osatuta irteten diren animalien batezbestekoa oso handia da.

J.A: Hala da. Eta badu azalpen bat: etorri bezain pronto artatzen ditugu, 24 orduz irekita egoten delako hau. Lehentasunezko tratua jasotzen dute, eta oso etxekoa. Pentsa: okerren daudenak etxeko egongelan bertan edukitzen ditugu.

Zer gertatu zen lepazuri harekin, Mertxe?

M.G: Urte asko pasatu dira, baina ez zait ahazten. Auto batek harrapatuta ekarri zuten. Hilabeteak egin zituen gurekin, lortu genuen osatzea, eta hara non bi kumez erditu zen. Izan ere, harrigarria da animalia horiena. Badute aukera haurdunaldia atzeratzeko. Ikusten badute ez daudela baldintza egokietan, atzeratu egiten dute erditzea; osatu zenean, erabaki zuen kumeak izatea. 35 urte dira. Mila istorio daude.

Eta orain zer?

J.A: Historiaren amaiera.

M.G: Gure historia amaitu egin da. Egin duguna hor dago. Baina apur bat desilusionatuta gaude amaierarekin; gauzak egiteko moduarekin. Ez dakit honen ondoren datorrena oso positiboa izango ote den. Asmatzen ez badut, askoz hobeto.

Noiz itxiko dituzue ateak?

J.A: Lehiaketara irten zen egoitza berria, eta, ustez, hura eramango duten arduradunak jada aukeratuta dituzte.

M.G: Zain gaude haiek noiz hasiko diren jakin eta hau ixteko. Oraindik ez digute ezer esan; bilera bat eskatuta daukagu epeak-eta zehazteko. Baditut irizpide batzuk horretarako, baina ez dakit aldundiarenekin bat egingo duten. Pentsatu nahi dut lehen hiruhileko honetan hasiko garela animaliak-eta batetik bestera aldatzen. Gauza asko daude hitz egin gabe.

Zuek, bitartean, animaliak jasotzen dituzue oraindik?

M.G: Bai, bai, inork ez digu kontrakorik esan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Begien osasuna eta pobrezia lotuta daude»

Jakes Goikoetxea

Ikusmen arazoek bizimodua baldintzatzen dute, are gehiago herrialde pobreetan. Arazo handia eta larria da herrialde askotan. Errealitate gordin hori ikusarazten eta laguntza lortzen aritzen da Otaegi.

Ahuakate ondoak kateatu dira Euskal Herrian ere

Ainize Madariaga

Ahuakate ondoen ekoizpena zalu hedatzen ari da Euskal Herrian. Getariako Lahardi etxaldean duela hiru hamarkada hasi ziren; berrikiago bertze guziak. Bertako klimari eta lurrari ongi egokitzen zaie zuhaitza, baina arta bereziak behar ditu, sustut neguko malda igaiteko.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Aro berria hasi dugu, salto digitala emanez»

Olatz Silva Rodrigo

Euskalerria Irratiak denboraldi berriari ekin dio. Iruñerriko euskal komunitateari zerbitzurik onena eskaini nahian, salto digitala eman dute. Besteak beste, kamera adimendunak jarri dituzte estudioan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.