Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolak 25 urte bete ditu

  • Albistea entzun

310 ikasle igaro dira bertatik, eta erdiak baino gehiagok jarraitzen du artzaintzan. Ofizioa eguneratu, profesionalizatu eta duindu dute, eta sare bat josi, elkar ulertzen eta zaintzen duena.

Batis Otaegi kudeatzaile ohiak adierazi duenez, «zenbait artzainek euren kezka agertu» zutelako sortu zen Gomiztegi Artzain Eskola: «'Zerbitzuak baditugu, baina erreleborik ez dago'. Elkartu ziren artzain progresista batzuk, ardi latxaren emaitzak hobetzeko lanean ari ziren albaitariak, eta politikariak. Erabaki zuten, erreleboa gauzatu ahal izateko, bazeudela artzain batzuk lana ondo egiten ari zirenak, eta eskola bat sortu behar zela denen artean». Nikolas Segurola fraide frantziskotarra, Jose Manuel Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako orduko Nekazaritza sailburua, Eduardo Urarte teknikaria eta Juan Jose Aranguren artzaina. Horien guztien konpromisoarekin hasi zen Gomiztegi lanean.

«Bazegoen zer irakatsia. Ikusita gizartea aldatzen ari zela eta kontsumitzailearen eskakizunak beste batzuk zirela».

Batis Otaegi (artzain eskolaren kudeatzaile ohia)

Ez zen hasiera erraza izan. Ordura arte, artzainen etxeetan, «ahozkoa» zelako formakuntza bakarra. «Esaten zuten: 'Zer irakatsiko digute, bada, eskola batean?'. Baina bazegoen zer irakatsia. Ikusita gizartea aldatzen ari zela eta kontsumitzailearen eskakizunak beste batzuk zirela», azaldu du Otaegik. Eta esamolde eder batekin laburbildu: paperezko gizartea. «Legeak, paperak, ingurumenarekiko betebeharrak... Paperezko gizarte bat ari zen sortzen, eta artzainen gurasoentzat zaila zen hori irakastea. Eskolak egiteko erak aldatu zituen, eta gauzak zergatik eta nola egin behar ziren arrazoitu. Hori oso inportantea izan zen artzain gazteentzat: gizartearen eskakizun berrietara egokitzen laguntzea».

«Gomiztegi ez zen sortu pentsamendu produktibista batekin. Sistema jasangarri bati eusteko sortu zen, mendien kudeaketa egoki bati lotuta, eta horiek zainduz»

Batis Otaegi (artzain eskolaren kudeatzaile ohia)

Otaegik dio artzain eskolak ofizioa «eguneratu» duela, «baina tradizioari traizio egin gabe». Izan ere, bazegoen aukera artzaintza errentagarriago bihurtzeko, beste ekoizpen modu eta ardi arraza batzuk erabilita, «baina ez zen hori nahi zena. Gomiztegi ez zen sortu pentsamendu produktibista batekin. Sistema jasangarri bati eusteko sortu zen, mendien kudeaketa egoki bati lotuta, eta horiek zainduz».

Ruben Iglesias artzaina, ardiekin. BERRIA

Ruben Iglesias: «Sinisten dute artzaintza ezinbestekoa dela herri baten kulturari eusteko»

Sustraietara bueltatu da Ruben Iglesias (Llugas, Asturias, 1985), bere jaioterrira. «Lan kontuengatik» atera behar izan zuten gurasoek handik, baina ez du sekula zilbor hesterik eten, eta Gomiztegitik jirancloseInguruan, loturik., Eskoriatzan (Gipuzkoa) erositako ehun ardi latxa muturbeltz haiek badira jada 180 buru. Sovia du izena haren gaztandegiak, eta Villaviciosako kontzejuan dago.

Ingeniari agronomoa da Iglesias ikasketaz, eta ez da geldirik egon zalea. Artzaintza eta gaztagintzarako zuen interesagatik eman zuen izena Madrilgo artzain eskolan: «Madrilgo mendilerroan egin nituen praktikak, eta bi ondorio atera nituen: hura zela gustatzen zitzaidana, eta formakuntza gehiago behar nuela». Horregatik jarri zen harremanetan Batis Otaegirekin: «Ikusi zuen banuela interesa. Madrilgo mendilerroko ahuntzak utzi, eta Oñatira joan nintzen».

«Guk gure etxaldea martxan jarri behar genuenean, hango denak —irakasle zein ikaskide— etorri ziren hona auzolanera».

Ruben Iglesias (artzaina)

Eta zerekin egin zuen topo han? «Sekulako lantalde batekin. Erabat sinetsita daude egiten duten horretan. Erabat konprometituak artzaintzarekin. Sinisten dute artzaintza ezinbestekoa dela herri baten kulturari eusteko, eta hori dela bizia ematen diena herriei eta herrixkei». Han jasotako formakuntza «oso profesionala» izan zela nabarmendu du, baina harago doala: «Oso maitatua eta oso zaindua sentitu izan naiz beti Gomiztegin eta Oñatin. Oraindik ere, edozein zalantza edo kezka daukadanean, haiengana jotzen dut». Gomiztegin sortutako «artzainen sarea» goratzen du Iglesiasek: «Guk gure etxaldea martxan jarri behar genuenean, hango denak —irakasle zein ikaskide— etorri ziren hona auzolanera».

Iñaki Ezeiza ahuntzaina. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Iñaki Ezeiza: «Proiektu bat aurrera atera ahal izateko zer egin behar den irakatsi ziguten»

Iñaki Ezeizak (Gasteiz, 1995) 150 buru dauzka Arabako lautadan, Añuan, Burgelu udalerrian, eta Zelaitxo izeneko gaztak egiten ditu bertan. «Arkautiko nekazaritza eskolan ikasi nuen lehenengo. Eta Arkautin nekazaritza bakarrik ikasi nuenez, Gomiztegira joan nintzen. 2015ean egon nintzen han».

Eta ez dauka ahaztuta han igarotako denbora: irakasleekin ikasitakoa zein ikaskideekin ikasitakoa. Ondokoa nabarmendu du Ezeizak: norberaren proiektua hartzen dutela aintzat Gomiztegin: «Han erakutsi ziguten, alde teorikoaz eta teknikoaz gain, zer urrats egin behar genituen proiektu bat osorik aurrera atera ahal izateko: lege aldetik, albaitaritza aldetik, aholkularitza aldetik... Nahitaezkoak diren gauzak artzain izateko». Dena ez baita artaldea eta belazea. Askoz gehiago dago horren atzean, Ezeizak dioenez: «Artzain izatea ez da bakarrik ganaduarekin hara eta hona ibiltzea. Alor ezberdinak ukitu behar dira: plangintza ekonomiko bat egin behar da, gaztak egiteko kimika apur bat ere jakin behar da, albaitaritzaz ere jakin behar da, saltzen jakin behar da, merkatuetan nola mugitu, saltzekoan zer jarrera izan, bezeroarekin nola portatu...».

«Artzain izatea ez da bakarrik ganaduarekin hara eta hona ibiltzea. Alor ezberdinak ukitu behar dira: plangintza ekonomiko bat egin behar da, gaztak egiteko kimika apur bat ere jakin behar da (...)».

Iñaki Ezeiza (ahuntzaina)

Ardiekin beharrean ahuntzekin aritzea ere ez zen ausazcloseMenturaz, zortez. hartutako erabakia izan. Gomiztegik «dibertsifikazioaren alde» egindako apustuaren ondorioa izan zen. «Hutsetik hasi behar nintzenez, sektorea aberastu eta gauza ezberdinak egiteko, ahuntzekin hasi nintzen. Gomiztegin gomendatu zidaten baietz, posible zela, eta hutsetik hasi behar zuenarentzat, errazagoak zirela ahuntzak, ardiak baino».

Eta egin du bidea. Mantentzen du irakasleekin-eta harremana, eta urtero joaten zaizkio ikasleak bere proiektua ezagutzera. «Gu egon ginenean, beste batzuek erakutsi ziguten eurena, eta gu ere saiatzen gara ondorengoei erakusten».

Maider Martinez, gaztandegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Maider Martinez: «Oso sare polita sortzen da, eta toki askotako ateak zabaltzen dizkizute»

Maider Martinezek (Kanaria uharteak, Espainia, 1978) Legution (Araba) du etxaldea: 180 ardi latxa muturbeltzcloseEuskal Herriko ardi arraza.
ak eta 100 behi limusincloseBehi arraza bat.
ak. Esnetarako lehenengoak, eta haragitarako bigarrenak. Iruri gazta ekoizten dute, Urkaiko kooperatibarekin banatzen dute haragia, eta zuzenean ere saltzen dute. Artzaintzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusirik ez zuen norbaitentzat, bada zerbait. «Ni beste mundu batetik nator: Ingeles filologia ikasi nuen, eta ingeleseko eskolak ematen nituen. Baina baserritar batekin ezkondu nintzen. Nire momentu libre guztietan, asteburuetan, oporretan, baserrira joaten nintzen Ikerri laguntzera. Iritsi zen une bat non erabaki beharra izan nuen: klaseekin segi edo baserrian lanean gelditu. Erabaki nuen klaseak uztea, murriztea, artzain eskolara joan, eta proiektua definituz joatea. Jakiteko ea ziur ote nengoen urrats hori egiteko. Eta halaxe izan zen: urratsa egin nuen».

Kaletar bat Gomiztegin: «guztiak» eman ei zion arreta. «Ikerren baserrian ikasitakoa nekien bakarrik, hori zen nire erreferentzia bakarra. Gomiztegin beste eredu bat ikusi eta ikasi nuen, eta beste etxe askotako ateak ireki zizkidaten. Oso sare polita sortzen da hor ikasleen eta irakasleen artean. Hori dauka Gomiztegik: leku askotako ateak zabaltzen direla».

«Ezagutza teorikoa eta praktikoa ematen dizkizute bertan, eta irakasten dizute ezagutza teoria hori nola jarri praktikan zure benetako proiektuan, errealitatean».

Maider Martinez (artzaina)

Eta balio handia ematen dio horri Martinezek: eredu ezberdinak ikusteari. «Izan ere, etxalde edo baserri bakoitzak bere eredua dauka. Denok saiatzen gara estentsiboak izaten, elikadura zaintzen... baina bakoitzaren errealitatea oso ezberdina da, eta errealitate horrek zure lekuan jartzen zaitu. Ezagutza teorikoa eta praktikoa ematen dizkizute bertan, eta irakasten dizute ezagutza teoria hori nola jarri praktikan zure benetako proiektuan, errealitatean».

Jatorrizko artikuluak