Baloi bat ur azpian

  • Albistea entzun

Apnean jokatzen den kontaktuzko kirola da ur azpiko errugbia. Nafarroan, Iruñeko Leones taldea aritzen da horretan. Talde heterogeneoa dute, eta balioa ematen diote horri. Kirol minoritarioa izanda, arazo franko dituzte: adibidez, neurriko igerilekua aurkitzeko zailtasunak.

Apnean jokatzen den kontaktuzko kirola da ur azpiko errugbia. Horretan aritzeko, beharrezkoak dira: bainujantzia, kamiseta zenbakiduna, hegalak, murgilerako betaurrekoak, tutua, eta belarriak babesten dituen txanoa. Eskumuturrekoa ere bai, kamisetaren kolore berekoa, jokoaren momentu batzuetan ez baitute deus ere ikusten, eskuak baizik ez, eta horiek kidearenak edo aurkariarenak diren jakin behar izaten da, nolabait.

Uretan seik jokatzen dute seiren kontra, eta uretatik kanpo beste horrenbeste jokalari daude, aulkian. Helburua gola sartzea da, baloia atezaindegian sartuta. Igerilekuaren alde banatan dauden metalezko saskiak dira atezaindegiak. Bi atezain, bi zaintzaile eta bi aurrelari ditu talde bakoitzak, eta oinarrizko arau bat: baloia duen pertsonari baizik ezin zaio heldu, eta, alderantziz, baloia daramanak gainerako guziak hel ditzake.

Oinarrizko arau bat dago: baloia duen pertsonari baizik ezin zaio heldu, eta, alderantziz, baloia daramanak gainerako guziak hel ditzake.

Postuak binaka banaturik daude uretan daudenen artean, bat ur azpian dagoen bitartean besteak arnasa har dezan gainazalean. Txandaka aritzen dira atezainak eta zaindariak.

Dena den, igerilekuan sartuta arnasa hartzen ari direnak ez daude lozorroan: gainazalean daude, bai, baina begirada beti dute uraren azpian. Orduan da erabilgarria tutua. Hiru metroko sakoneran ez baitu deuserako balio, baina gainazalean bai, ur azpian gertatzen ari den guzia ikusi bitartean haren bidez arnasa hartzeko.

Emakume eta gizonak elkarrekin

Nafarroan Iruñeko Leones kluba aritzen da ur azpiko errugbian. Haien taldean ez dago emakume eta gizonik, kirolariak baizik. Denak elkarrekin aritzen dira entrenamenduan, eta nazioartean jokatzen dituzten torneoetan talde mistoarekin aurkezten dira beti. Iruñeko taldean neskak gehiago izan dira hasieratik, eta orain paretsu dabiltza.

Zailtasunik handiena leku egokia aurkitzea da. Iruñean bai, behinik behin. Ez dute hiru metro sakon den igerilekurik, eta daukatenarekin moldatzen dira. Neurri guziekin gertatzen zaie; beti egokitzen dira igerilekuaren neurrietara, nahiz eta araudiak zehazten duena ez bete. Aurten, Espainiako txapelketa antolatzea egokitu zitzaien, eta Bilbora joan behar izan zuten igerileku egoki baten bila. Gainera, sakonerarik gabe, zaila dute entrenamenduetan hobetzeko.

Jatorrizko artikuluak