Baloi bat ur azpian

Apnean jokatzen den kontaktuzko kirola da ur azpiko errugbia. Nafarroan, Iruñeko Leones taldea aritzen da horretan. Talde heterogeneoa dute, eta balioa ematen diote horri. Kirol minoritarioa izanda, arazo franko dituzte: adibidez, neurriko igerilekua aurkitzeko zailtasunak.

1. Ateratzear. Ur azpiko errugbi jokalari bat baloia eskutan, entrenamenduan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Kloro usaina dago, eta tenperatura beroa. Banderatxoek zeharkatzen dute estalitako igerilekua, alderik alde. Igerilekuaren bi aldeetan banatu dira hegalak, txanoa, tutu bat eta betaurrekoak jantzita dituzten lagunak. «Ba!». Deiari jarraikiz, igerilekuaren erdira jo dute alde bietatik. Batek baloi bat darama eskutan, flotatzen ez duen bola bat. Uretan murgildu dira, hegalekin egindako indarrak ura kanpora botatzen duen bitartean. Bat-batean, isiltasuna. Hondoan, urpekari multzo bat. Nahas-mahasa ur azpian. Gainazalean direnak zelatan daude, begirada barruan, eta tutu baten bidez kanpoko oxigenoa hartzen dute. Azpikoek apneari esker jarraitzen dute jokoan. Ur azpiko errugbia da. Entrenamendu bat.

Nafarroan Iruñeko Leones kluba aritzen da ur azpiko errugbian. Laura Sambok eta Sara Perezek sortu zuten taldea, 2017an. Taldeko lehendakaria, entrenatzailea eta jokalaria da lehenbizikoa; taldeko idazkaria eta jokalaria bigarrena. Hasieran hiru ziren, eta, kostata, zazpi lagun lortu zituzten lehenbiziko urtean. Berehala hazi zen taldea, hala ere, eta gaur egun 30 kide dira. Geroago sartu zirenetako bat da Aitor Martinez jokalaria. Arrosadia auzoko Gelbentzu igerilekuetan entrenatzen dira, eta han aritu dira kirolaren inguruan jakin beharrekoez.

Apnean jokatzen den kontaktuzko kirola da ur azpiko errugbia. Horretan aritzeko beharrezkoak dira: bainujantzia, zenbakidun kamiseta, hegalak, murgiltzeko betaurrekoak, tutua eta belarriak babesten dituen txanoa. Eskumuturrekoa ere bai, kamisetaren kolore berekoa, jokoaren momentu batzuetan ez baitute deus ere ikusten, eskuak baizik ez, eta horiek kidearenak edo aurkariarenak diren jakin behar izaten da, nolabait.

Ur azpiko errugbian agudo gertatzen da dena. BERRIA TB

Uretan seik jokatzen dute seiren kontra, eta uretatik kanpo beste seina jokalari daude, aulkian. Helburua gola sartzea da, baloia atezaindegian sartuta. Igerilekuaren alde banatan dauden metalezko saskiak dira atezaindegiak. Bi atezain, bi zaintzaile eta bi aurrelari ditu talde bakoitzak, eta oinarrizko arau bat: baloia duen pertsonari baizik ezin zaio heldu, eta, alderantziz, baloia daramanak gainerako guziak hel ditzake.

Postuak binaka banaturik daude uretan daudenen artean, bat ur azpian dagoen bitartean besteak arnasa har dezan gainazalean. Txandaka aritzen dira atezainak eta zaindariak. «Aurrelariekin antzekoa da, baina anarkikoagoak dira; ez dute atezaindegia zaindu behar, eta egoerari egokitzen dira unean-unean», azaldu du Lopezek. Beste arau bat: inork ezin dio atezaindegiari eutsi, ezta atezainak ere. «Atezainak bizkarrarekin estaltzen du; zangoak goratuta, hegalei esker mantentzen da behera indar eginez. Gola sartzeko, aurkariak heldu edo bultzatu behar du atezaina».

Metalezko saskietan sartzen da baloia.Iñigo Uriz / FOKU

Hiru dimentsioko jokoa da ur azpiko errugbia. Are, «baloiarekin jokatzen den hiru dimentsioko joko bakarra da», Lopezek nabarmendu duenez. Izan ere, aurrera-atzera eta alboetara ez ezik, goitik eta behetik ere mugitzen dira jokalariak. Hiru dimentsio, eta hiru gune: kanpoko aulkian, ur azpian eta ur azalean. Dena den, igerilekuan sartuta arnasa hartzen ari direnak ez daude lozorroan: gainazalean daude, bai, baina begirada beti dute uraren azpian. Orduan da erabilgarria tutua. Hiru metroko sakoneran ez baitu deuserako balio, baina gainazalean bai, ur azpian gertatzen ari den guzia ikusi bitartean haren bidez arnasa hartzeko.

Ito gabe

Ur azpian jokatzen denez gero, arnasarik hartu gabe aritzen dira kirolariak. Apnea erabiltzen dute horretarako. «Hasieran hori da jendea gehien kezkatzen duena, baina gero berehala ikusten duzu hobekuntza. Entrenatzea da kontua, edozer gauza bezala», aipatu du Lopezek. Apnea erabiltzen da, baina helburua, berez, ez da ahalik eta gehien aguantatzea. Martinezek dio askotan atzentzen dutela afera hori: «Askotan, uste baino gehiago aguantatzen duzu, arreta ez duzulako horretan jartzen, kirolera zaude: pilota pasatu, talka egin behar duzun...».

Jokaldiak ikustea izaten da hasieran zailena. Hala sumatu du Sambok entrenatzaile postutik: «Kosta egiten da jokaldia prozesatzea. Jokoa eta une bakoitzean zer egin behar den oso landuta izan behar duzu ohartzeko zer pasatzen ari den zure inguruan». Lopez bat dator: «Uretan mugitzea eta apnea kontrolatuta, jokaldiak ikustea kostatu zitzaidan gehien. Izan ere, alde guztietatik etortzen zaizkizu».

Gainazalean dauden jokalariek tutuaren bidez hartzen dute arnasa, ur azpian gertatzen dena ikusteko.Iñigo Uriz / FOKU

Hala ere, zailtasunik handiena leku egokia aurkitzea da. Iruñean bai, behinik behin. Ez dute hiru metro sakon den igerilekurik, eta daukatenarekin moldatzen dira. Neurri guziekin gertatzen zaie; beti egokitzen dira igerilekuaren neurrietara, nahiz eta araudiak zehazten duena ez bete. Aurten Espainiako txapelketa antolatzea egokitu zitzaien, eta Bilbora joan behar izan zuten igerileku egoki baten bila. Gainera, sakonerarik gabe, zaila dute entrenamenduetan hobetzeko.

Zailtasunak salatu bai, baina babesa ere ikusarazi nahi izan du Sambok. Urpeko Jardueren Nafarroako Federazioaren laguntza «handia» dutela azpimarratu du: «Federazio txikia da, diru gutxi du, baina ahal duen guztian laguntzen digu: diruarekin ez bada, kirol instalazioak bilatzen edo txapelketak antolatzen».

Eta izen hori?

«Errugbi deitzen da kontaktu kirola delako, baina ez dakit oso ongi nork jarriko ote zion izen hori. Kontaktua alde batera utzita, ez du ikustekorik errugbiarekin». Sambo argi mintzatu da izenari buruz. Are, saskietan sartu beharreko baloia borobila da. Martinez errugbi jokalari ohia da, eta horretan bat dator, baina komunean duten beste elementu bat gehituta: «Intentsitatea. Kirol hau oso indartsua da, eta horrek harrapatu ninduen. Jokaldi bateko kontua da: une batean gertatzen da dena, oso azkar».

Hain zuzen ere, kirol asko batzen ditu kirol horrek, Sambok kontatu duenez: «Igeriketa, igeriketa sinkronizatua, waterpoloa, errugbia... Badugu aurretik lehia kirolik egin ez duen jendea ere». Horregatik, kirola heterogeneoa dela uste dute, eta talde espiritua pizten duela. «Bakoitzak gauza bat eskaintzen du. Honen gauzarik politena hori da: aniztasuna. Batek abiadura emanen du; beste batek, indarra; besteak, erresistentzia, eta beste batek, uretan ibiltzeko trebezia». Esaterako, igeriketa sinkronizatutik heldu denak uretan ibiltzeko zalutasuna eskaini diezaioke taldeari, eta errugbian aritutakoak, intentsitatea eta indarra. «Egon daiteke 17 urteko neska txiki bat, 50 kilokoa, eta egon daiteke 50 urteko gizon handi bat».

Soilik baloia duen jokalaria hel daiteke.BERRIA TB

Horrek taldea osatzen duen heinean, talde sentimendua indartu dezake. Ez horrek bakarrik: «Gainerakoei laguntzeko sakrifizioa beharrezkoa da. Urpean ez badator inor zu laguntzera, ezin duzu helburua bete», azaldu du entrenatzaileak. Martinezek nabarmendu du «esker onekoa» dela kirola: «Minoritarioa izateak badauka parte hori: edozein pertsona mota ongi etorria da. Giro hori eskertzekoa da».

Torneo ofizialetan mundu osokoa eta Europakoa gizonen eta emakumeen taldeek banaturik jokatzen dute. Bestela ere egiten da bereizketa hori, baina praktikan ez da betetzen: «Errealitatea da torneo horietatik kanpo gizonen taldea azkenean mistoa izaten dela». Iruñeko Leones klubean hori egiten dute: normalki emakumeek betetzen dituzte gizonen taldean egoten diren hutsuneak.

Denak elkarrekin

Ez zaie arrotz egoera hori. Izan ere, haien taldean ez dago emakume eta gizonik, kirolariak baizik. Denak elkarrekin aritzen dira entrenamenduan, eta nazioartean jokatzen dituzten torneoetan talde mistoarekin aurkezten dira beti. Iruñeko taldean neskak gehiago izan dira hasieratik, eta orain paretsu dabiltza. Ez da arruntena: «Kirol honetan, normalean, gehiago dira gizonak. Gure taldean, zorionez, neska asko gaude», esan du Lopezek. Martinezentzat ona da haien taldearen egoera: «Kirolarentzat ona da talde mistoa izatea; gehienetan ez da hala izaten, eta horrek aberastu egiten du, plus bat ematen dio».

Iruñeko Leones klubeko jokalariak, Gelbentzu igerilekuetan, entrenamenduan.Iñigo Uriz / FOKU

Urtean lau torneo jokatu ohi dituzte: bi alditan jokatzen diren Espainiako torneoak eta beste bi txapelketa nazioartean. «Europan torneo asko daude; beraz, daten arabera, denboraldiaren hasieran bi aukeratzen ditugu». Heldu den hilabetean Suitzara doaz, txapelketa batean parte hartzera. Bien bitartean, kirola ezagutarazten jarraituko dute, eta dei egin dute nahi duenak taldean izen eman dezan. Taldeak eta ur azpiko errugbiak lasai arnasa har dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.