Duela bost urte jarri zuten Zubietako erraustegiaren lehen harria. Gipuzkoako hiri hondakinak erretzeko irtenbide egokitzat aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zubietako herritarrek (Donostiako udalerria), ordea, ez zuten gauza bera pentsatzen.
«Guk badakigu erraustegia gelditu egingo dela, ez daukala etorkizunik. Guk lehenbailehen geratzea nahi dugu». Horrela mintzatu da Fernando Iturralde Zubietako bizilaguna BERRIAk estreinatu berri duen ikus-entzunezko erreportajean. EAM Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kidea da Iturralde, eta zuzen esan du: «Materia erretzea ez da etorkizuna; hori etorkizuna bukatzea da».
Zehazki, 2017ko maiatzaren 10ean hasi ziren errauste planta eraikitzeko lanak, baina polemikaz betetako hamabi urteko prozesua izan zuen aurretik. EAJ, PSE eta PPk 2002. urtean proiektua martxan jartzeko asmoa aurkeztu zutenetik hasi ziren bizilagunak antolatzen.
Aurrera eta atzera egin duen azpiegitura
Erraustegiaren proiektua bertan behera gelditu zen 2011. urtean, EH Bilduk Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta Gipuzkoako Aldundia eskuratu zituenean. Hala ere, geldialdiak ez zuen asko iraun. Agintaldi aldaketarekin, EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrola berreskuratu, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aurrera egin zuen berriz erraustegiarekin.
Azkenean, 2020ko abenduan zabaldu zuten errauste planta, eta Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion hiri hondakinez gain industria hondakinak ere erretzeko.
Jatorrizko artikuluak
- Bost urte errautsen artean Jone Arruabarrena | |