Bost urte errautsen artean

Zubietako erraustegia eraikitzen hasi zirenetik bost urte bete dira. BERRIAk ikus-entzunezko erreportaje bat landu du gaiaren inguruan

Zubietan dago erraustegia, baina Andoaindik eta Lasartetik oso gertu. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Duela bost urte jarri zuten Zubietako erraustegiaren lehen harria. Zehazki, 2017ko maiatzaren 10ean hasi ziren errauste plantaren eraikuntza lanak, baina polemikaz betetako hamabi urteko prozesua ekarri zuen aurretik. Gipuzkoako hiri hondakinak erretzeko irtenbide egokitzat aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zubietako herritarrek (Donostiako udalerria), ordea, ez zuten gauza bera pentsatzen.


 

«Guk badakigu erraustegia geldituko dela, ez daukala etorkizunik. Guk lehenbailehen geratzea nahi dugu». Horrela mintzatu da Fernando Iturralde Zubietako bizilaguna, BERRIAk estreinatu berri duen ikus-entzunezko erreportajean. EAM Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kidea da Iturralde, eta zuzen esan du: «Materia erretzea ez da etorkizuna; hori etorkizuna bukatzea da».

Hamabi urteko polemika

EAJ, PSE eta PPk 2002. urtean proiektua martxan jartzeko asmoa aurkeztu zutenetik hasi ziren bizilagunak antolatzen. Erraustegia 2011. urtean bertan behera gelditu zen, EH Bilduk Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta Gipuzkoako Aldundia eskuratu zituenean. Hala ere, geldialdiak ez zuen asko iraun. Agintaldi aldaketarekin, EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrola berreskuratu, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aurrera egin zuen berriz erraustegiarekin. Azkenean, 2020ko abenduan zabaldu zuten errauste planta, eta Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion hiri hondakinez gain industria hondakinak ere erretzeko.

Hala ere, erraustegia inauguratu aurretik EAMeko kideak jada hasiak ziren ingurunean eta osasunean izango zituen ondorioak aztertzeko neurketak egiten. Herbehereetako Toxico Watch fundazioari eskatu zioten lan hori egiteko, hain zuzen: «Ikerketa ahalik eta neutroena izatea nahi genuen. Daukagun gauzarik inportanteena da gu laginak hartzen hasi ginela erraustegia martxan jarri aurretik. Eta bai, entzun genuen BioDonostia hori egiten ari zela, baina BioDonostiak ez dauka guk daukaguna: erraustegia lanean hasi baino lehenagoko neurketak. Behin martxan jarrita, oso erreza da argudiatzea: 'Kutsadura lehendik ere bazegoen, kutsadura hango fabrikatik zetorren'». Izan ere, BioDonostia enpresak, Gipuzkoako Aldundiaren aginduz, egin izan ditu analisiak, baina datu askoren inguruan «opakutasuna» da nagusi oraindik ere. «Datu gutxi ematen dizkigute, baina ematen dizkiguten datuetan ere ikusten da erretzen denaren heren bat ura dela. Denok dakigu ura ez dela erretzen, eta zer onura dakarkigun ura erretzeak. Zergatik ezkutatu nahi dituzte gauzak? Ba zer gorde daukatelako», dio Iturraldek.

Bat dator Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea ere: «Guztiz opakua da. Ez dugu gardentasunik inondik inora. Adibidez, Arkaitzerrekakoa gertatu zenean, guk berehala esan genuen kutsadura hori errauste plantatik zetorrela. Hor isuri bat egon zen, eta gerora demostratu zen hala izan zela». 2020ko maiatzean gertatutakoaz ari da Solaberrieta. Erraustegitik hurbil dagoen Arkaitzerrekako uretan arrainak hilik agertu ziren, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, biztanleen kexak astebetez entzun ondoren, onartu zuen erraustegian izan zen amoniako isuri baten ondorioz kutsatu zela erreka.

Errausketak osasunean izan ditzakeen kalteez ere ohartarazi dute zenbait adituk. Horien artean da Xabier Mitxelena, Osasuna eta Errausketa ikerketa taldeko kidea eta medikua da. BERRIAri azaldu dionez, 2015. urterako aztertuak zituzten munduan gai horren inguruan egin diren hainbat ikerketa. Horien arabera, askotarikoak ziren osasunean errausketak izan zitzakeen kalteak: «Sortzetiko malformazioak, pisu baxua jaiotzeko garaian, arnasbideetako gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak, eta minbiziak. Guk jarraitzen dugu gure ikerlanekin, eta ikusten dugu ildo beretik doazela».

«Opakutasuna»

Opakutasuna behin eta berriz aipatzen dute ikus-entzunezkoan elkarrizketatutakoek. «Erraustegiko albisteak beti prentsaren bidez jakiten ditugu, kanpotik. Gurekin inoiz inor ez da jarri harremanetan. Baina ikusten dugu mekanismoek ere huts egiten dutela. Joan den astean jakin genuen transformadore batek huts egin duela eta, ondorioz, erraustegi horrek ez duela balorizatzen, ez duela elektrizitaterik sortzen», dio Solaberrietak.

Hain zuzen, joan den apirilaren 26an erraustegiko transformadore bat matxuratu zela jakinarazi zuen EAMek— erraustegia irekitzea ere hilabete batez atzeratu behar izan zuten era horretako matxura baten ondorioz—.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) baieztatu egin du matxura bat gertatu dela transformadore elektrikoan. Halere, adierazi dute «neurri osagarriak» martxan daudela jada, eta hiri hondakinen harrera eta tratamendua «normal» funtzionatzen ari dela dagoeneko.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegirako martxa antolatu du larunbatean, 11:00etan, Zubietako erraustegiaz zer ez digute esaten? lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.