New Yorkeko Dorre Bikien kontrako erasoa: mundua aldatu zuen atentatua

  • 198 hitz
00:00 /

2001eko irailaren 11ko atentatuak hizpide hartu dituzte BERRIAko Berriketan podcastean. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak mundu osoko erredakzioak aztoratu zituen. Iker Tubia hiru kazetarirekin aritu da.

Goizeko 8:46ak ziren Manhattanen. Dorre Bikien etxe orratzetako baten kontra hegazkin bat. Handik ordu laurden batera, 9:03an, beste etxe orratzaren kontra beste hegazkin bat. Euskal Herrian 15:03ak ziren. Albistegietara begira zeudenek zuzenean ikusi zituzten atentatuak. 9:37an beste hegazkin bat, Pentagonoaren kontra. Iker Tubia kazetariak halaxe kontatu du duela 25 urte mundua aldatu zuten atentatua. «George Bush garai hartako presidenteak iradoki zuen erantzuna neurri berekoa izango zela». Dorre Bikiak behera erori ziren, eta, datu ofizialen arabera, 2.977 lagun hil ziren.

Berriketan podcastean Dorre Bikien aurkako atentatua izan dute hizpide. Ameriketako Estatu Batuen aurkako inoizko atentaturik handiena izan zen 2001eko irailaren 11koa. Halako gertakari batek mundu osoko erredakzioak aztoratu zituen, eta hiru kazetarik kontatu dute nola bizi izan zuten egun hura. Enrique Zaldua Time aldizkariko kazetaria zen orduan, Jose Mari Pastor Euskaldunon Egunkaria-ko Mundua saileko arduraduna, eta Amagoia Mujika Tolaretxipi Euskaldunon Egunkaria-ko kazetaria —gaur egun BERRIAko zuzendaria da—.

Enrique Zaldua New Yorken bizi zen garai hartan: «Time aldizkaria egiten nuen lan, eta une horretan bilera batean nengoen. Erredakzioko telebista piztu, eta pentsatu genuen istripu bat izan zela. Bigarren hegazkinak talka egin zuenean jakin genuen zerbait berezia gertatzen ari zela. Bin Ladeni buruzko artikulu bat argitaratu zuen aldizkariak aurreko astean, oso artikulu kritikoa, eta gu ere arriskuan geundela esan ziguten. Time aldizkaria sinbolo bat da Estatu Batuetan. Urduri geunden, telebistari begira, eta, era berean, eraikina husteko simulakroa aktibatuko ote zuten zain, eta lanean, oso profesional; gure lana egiten».

New Yorkeko isiltasuna

New Yorkeko giroa ere oso gogoan du Zalduak. Batetik, shocka, eta, bestetik, isiltasuna. «New York oso hiri zaratatsua da. Nik artikulu bat idatzi behar nuen, eta oinez joan nintzen zero eremuracloseatentatua gertatu zen gunea, eta bidean ohartu nintzen jendea taldetan zegoela eta oso baxu hitz egiten zuela: beharra genuen jendearekin egoteko»

Gertakari horrek mundu osoko erredakzioak hankaz gora jarri zituen. Jose Mari Pastor Euskaldunon Egunkaria-ko Mundua saileko arduraduna zen garai hartan, baina atentatuen egunean, oporretan zegoen, Katalunian: «Ipar Kataluniara joan nintzen egun hartan. Perpinyan munduko fotokazetaritza jaialdi garrantzitsuenetakoa egiten da, eta hara joan nintzen. Bueltan, trenean, atentatuen irudiak ikusi nituen, eta ematen zuen pelikula bat zela. Biharamunean erredakziotik deitu zidaten itzultzeko eskatzeko».

Lan handiko egunak izan zirela azaldu du: «Zurrunbilo baten barruan geunden. Denok zoratuta. Egunero orri pila, iritzi artikuluak, elkarrizketak... Herrialde arabiarretako prentsaren ingelesezko edizioetara begira ere jarri ginen, ikuspuntu guztiei begira, ikuspegi kritikoz: aurretik munduan zer gertatzen ari zen ere azaldu nahi genuen, arrazoiak ulertzeko eta baita ondorioak ere, eta irakurleari informazio ahalik eta txukunena emateko».

Egunkaria-ko azala

Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendariak ere oso gogoan du egun hura. Kultura sailean zegoen lanean. «Erredakzioan telebista piztuta egoten zen. Antena3-en Matias Prats zegoen garai hartan, eta hor ginen denak, hari begira, zer gertatzen ari zen oso ondo jakin gabe. Teletipoen garaia zen. Ez genuen gaur egungo berehalako informazioa. Kaosa zen. Ezin sinetsita geunden. Shock horren ostean, erredakzioan bilera egin zen, eta niri egokitu zitzaidan euskal herritarrekin harremanetan jartzea. Uste dut horrelakorik ez dugula beste inoiz bizi izan. Genituen baliabideekin eta tresnekin lan txukuna egin genuen».

Biharamuneko Euskaldunon Egunkaria-ko azal ikonikoaz ere mintzatu da Mujika: «AEBetako National Press Club elkarteak munduko azal esanguratsuenen artean aukeratu zuen Egunkaria-koa. Hirugarren lekuan dago. Posterra daukat bulegoan, eta egunero begiratzen dut sartzean. Harro egoteko modukoa da».

Atentatu horiek nazioartean izan zuten ondorioaz ere aritu da zuzendaria: «Mundua nola dagoen ikustea besterik ez dago. Gero etorri ziren inoiz ondo atera ez diren gerrak, bata bestearen atzetik».


Jatorrizko artikuluak