Ehunka lanperna-musu iritsi dira kostaldera; gehienak hilda agertu dira hondartzetan
Lanperna-musuak normalean ez dira kostaldera hurbiltzen, baina, azken asteetako denbolareak direla eta, hondartzetara iritsi dira. Lautik hiru hilik aurkitu dituzte.
Mendebaldeko Europan eta Ozeano Atlantikoan hainbat denborale izan dira azken asteetan, eta horrek eragin zuzena izan du animaliengan. Euskal Herriko hondartzetan agertu diren lanperna-musuak izan dira neguko denborale horien biktima nagusia. Elkarte ekologistek adierazi dute lautik hiru hilda agertu direla. Itsas Enara ornitologia elkarteak adierazi duenez, aurreko erregistroekin alderatuta, etorrera «askoz handiagoa» izan da.
Lanperna-musu atlantikoa Ozeano Atlantiko iparraldeko espeziea da, baina neguan hegoaldera joaten da, iparraldeko hotzetik ihesi. Hala ere, ez da kostaldera gerturatzen normalean, eta itsasoan igarotzen du neguaren zatirik handiena. Udan Eskandinaviar penintsulan, britainiar uharteetan, Frantzia iparraldean, Islandian, Errusiako penintsula batzuetan, Groenlandian eta Kanadako ekialdeko kostaldean errotzen da, eta leku horietako labarretan ugaltzen da.
SEO Birdlife gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, azken asteotako denboraleek asko nekatzen dituzte lanperna-musu horiek, itsasoan bizi baitira neguan, eta horregatik iritsi dira kostaldera hildako horrenbeste hegazti. Portugal iparraldeko eta Galiziako kostaldera ere iritsi dira. SEO Birdlifek gomendatu du ez gerturatzeko hegaztiengana, eta tokiko larrialdi zerbitzuei deitzeko.
Beste izen batzuk
Hainbat hondartzan agertu dira espezie horietako hegaztiak. Bizkaian, Bakioko hondartzan berrogei hegazti baino gehiago topatu zituzten, 23 hilda; Ereaga hondartzan (Getxo), 28 aurkitu dituzte, eta Gorlizen, hamabost. Egiazko kareta izeneko dortoka bat ere agertu zen Zarautzen (Gipuzkoa).
Lanperna-musuaren ezaugarri nabariena moko triangeluarra da, puntan gorria eta aurpegitik gertu beltza. Euskaraz, bestelako izen batzuk ditu: elantxobetar, karkulu, papalaio edo zabal-musu, esaterako.
Jatorrizko artikuluak
-
Ehunka lanperna-musu iritsi dira Euskal Herriko kostara, lautik hiru hilda
Iñaut Matauko Rada |
|