Ehunka lanperna-musu iritsi dira Euskal Herriko kostara, lautik hiru hilda

Normalean ez dira kostaldera hurbiltzen, baina azken asteetako denboraleak direla eta, Euskal Herriko hainbat hondartzatara iritsi dira. Lautik hiru hilik heldu dira.

Getxoko Arrigunaga hondartzan hilik agertutako lanperna-musu bat, larunbatean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Getxoko Arrigunaga hondartzan hilik agertutako lanperna-musu bat, larunbatean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
inaut matauko rada
2026ko otsailaren 16a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendebaldeko Europan eta Ozeano Atlantikoan hainbat denborale izan dira azken asteetan, eta horrek eragina izan du animaliengan. Horren erakusle dira joan den asteburuan Euskal Herriko hondartzetan agertu diren lanperna-musuak. Hegazti espezie berezi horren ehunka ale agertu dira, baina elkarte ekologistek adierazi dute lautik hiru hilda agertu direla. SEO Birdlife elkarteak azaldu du espezie hori izan dela neguko denborale horien biktima nagusia. Itsas Enara ornitologia elkarteak adierazi duenez, aurreko erregistroekin alderatuta, etorrera «askoz handiagoa» izan da.

Izan ere, lanperna-musu atlantikoa Ozeano Atlantiko iparraldeko espeziea da, baina neguan hegoaldera joaten da, iparraldeko hotzetik ihesi. Hala ere, ez da kostaldera gerturatzen normalean, eta itsasoan igarotzen du neguaren zatirik handiena. Udan, berriz, Eskandinaviar penintsulan, britainiar uharteetan, Frantzia iparraldean, Islandian, Errusiako penintsula batzuetan, Groenlandian eta Kanadako ekialdeko kostaldean errotzen da, eta leku horietako labarretan ugaltzen da.

Bada, SEO Birdlifek azaldu duenez, azken asteotako denboraleek asko nekatzen dituzte lanperna-musu horiek, itsasoan bizi baitira neguan, eta horregatik iritsi dira kostaldera hildako horrenbeste hegazti. Hasieran, Portugal iparraldeko eta Galiziako kostaldera iritsi ziren, baina asteburuan Euskal Herriraino heldu dira. SEO Birdlifek gomendatu du ez gerturatzeko hegaztiengana, eta tokiko larrialdi zerbitzuei deitzeko.

Bizkaian, Bakioko hondartzan berrogei hegazti baino gehiago topatu zituzten, 23 hilda; Ereaga hondartzan (Getxo), 28 aurkitu dituzte, eta Gorlizen, hamabost. Egiazko kareta izeneko dortoka bat ere agertu zen Zarautzen (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.