«Pinguino papozuria da xelebreena; lau segundoan behin esnatzen da kumeak zaintzeko»

Irati Diez Virto zientzialaria animalien loa ikertzen aritu da. Maddi Astigarra Bergara ilustratzailearekin batera liburu bat argitaratu du: 'Nola egiten dute animaliek lo?'. Datu bitxiak bildu dituzte.

Nola egiten dute animaliek lo? galderari erantzuteko liburu bat egin dute Irati Diez Virtok eta Maddi Astigarraga Bergarak. Batak, zientzialariak, testuak idatzi ditu, eta besteak, ilustratzaileak, marrazkiak egin ditu. Liburua datu bitxiz eta asmakizunez beteta dago. 

Liburuaren gaia bitxia da. Nola bururatu zitzaizuen ideia?

Maider Segurola Euskadi Irratiko kazetariaren harira sortu zen. 2023an deitu zidan esanez irratiko hainbat saio egin nahi zituela hainbat animaliak lo nola egiten zuten azaltzeko. Oso gai polita iruditu zitzaidan. Saio horiek egiteko prestatu nituen testuekin liburu eder bat egin zitekeela iruditu zitzaidan, bereziki haurrentzat. Hala ere, ikusten nuen irudiak behar zirela liburuan. Maddi Astigarragarekin harremanetan jarri nintzen. Harekin lan egitea oso erraza izan da; oso pozik aritu gara elkarrekin lanean.

Zer irizpideren arabera aukeratu dituzu liburuko animaliak?

Animalia basatiak eta, ahal den heinean, Euskal Herrikoak aukeratu nituen. Beste herrialde batzuetako animalia batzuk ere sartu ditut, oso bereziak iruditu zaizkidalako. Ez nituen aztertu nahi betiko animaliak, hala nola txakurra edo katua. Aukeratutako animaliak elkarren artean ahalik eta desberdinenak izan dira.

Ingurumen hezitzailea eta zientzia dibulgatzailea zara. Nola lortu duzue prozesu zientifikoak modu errazean azaltzea?

Zaila izan da. Nik artikulu zientifikoak hartu nituen informazio iturri modura. Terminologia zientifikoa alde batera utzi eta testu sinpleak idazten saiatu naiz. Irratiko saioetarako, erabiltzeko erraza zen hizkera bat aukeratu nuen, baina koska bat gora egitea eskatzen zuen liburuak. Ez da lan samurra izan, baina lortu dugula uste dut.

Ildo horretatik, liburuan asmakizun bat jarri duzue animalien loaren azalpen bakoitzaren aurretik.

Irakurketa dinamizatzekocloseArintzeko, gustagarriago eta eraginkorrago bihurtzeko., jolas moduko bat proposatu nahi izan dugu. Animalia bakoitzak hasieran asmakizun bat du. Ilustrazioak berak ere asmakizun moduko bat dira; animalia bakoitzaren gorputz atal bat ageri da kasu bakoitzean. Orrialdea pasatuta, loaren azalpen guztia eta ilustrazio osatua agertzen dira.

«Elur oreinaren loa oso berezia irudituz zitzaidan: jan egiten du lo dagoen bitartean, eta, ondorioz, zutik ere egin dezake lo»
Sailka daitezke animalien lo egiteko moduak?

Oso zaila da elkarren artean oso desberdinak diren animalien sailkapena egitea. Ezin dira alderatu, adibidez, ugaztun baten loa eta dortoka batena. Ugaztunen arteko sailkapen bat egitea, ordea, posible izango litzateke. Hala ere, uretakoak, lehorrekoak edota hegalariak izan daitezke ugaztunak, eta aldaketa handiak daude hor. Egia esan, nik asko ikasi dut liburu honekin; bereziki, animalien bizimoduaren arabera lo egiteko modua asko aldatzen dela ikasi dut.

Nola jartzen dira animaliak lo egiteko?

Etzanda oso gutxik egiten dute lo. Itsas ugaztunek igeri egiten duten bitartean egiten dute lo; saguzarrek, buruz behera... Elur oreinaren loa, esaterako, oso berezia iruditu zitzaidan: jan egiten du lo dagoen bitartean, eta, ondorioz, zutik ere egin dezake lo. Ipar polotik oso gertu bizi direnez, belarra elurrez estalita egon ohi da hilabete askoan. Udan, elurra urtzean, oreinek jateko aprobetxatu behar izaten dute, eta, garatuz joan direnez, lo dauden bitartean jatea lortu dute.

Zenbat orduko lo zikloak izaten dituzte animaliek?

Animaliaren araberakoa da hori ere, baina niretzat pinguino papozuria da xelebreena. Arrautzak zaindu behar izaten dituenean, lau segundoko kuluxkak egiten ditu. Lau segundoan behin esnatu egiten da kumeak zaintzeko. Horrela, milaka aldiz egiten du lo, eta milaka aldiz esnatzen da egunean zehar.

Aztertutako animalien artean, zein izan da lo egiteko modurik xelebreena?

Badago lo egiten duenean gardena bihurtzen den igel bat. Egunez egiten duenez lo, harrapakarietatik babesteko duen mekanismo bat da hori. Txundigarria iruditu zait.

Irakurleak zer ikastea nahiko zenuke liburuarekin?

Irakurleek animaliak ezagutzeko tresna gisa erabil dezaten. Nik neuk ere ikasi dut animalia bat gertutik ikertzean beti dagoela harrigarria den zerbait. Loaren bitartez erakutsi nahi izan dut hori.

Jatorrizko artikuluak