Irati Diez Virtok (Segura, Gipuzkoa, 1998) eta Maddi Astigarraga Bergarak Nola egiten dute animaliek lo? liburua argitaratu zuten maiatzean. Diez zientzialaria da, eta bera izan zen animalien loa ikertzearen arduraduna. Astigarragak, berriz, Diezek hitzez azaldutakoa ilustrazio errealistetara eraman zuen. Umeentzako liburua datu bitxiz eta asmakizunez beteta dago. Zein animaliak egiten du lo lau segundoz soilik? Galdera horri erantzun diote, besteak beste, Sua argitaletxeak kaleratu duen lanean.
Nola egin zenuen lo bart?
Txakurrak nire ondoan egin zuen lo; ondorioz, oso ongi.
Noizbait erreparatu diozu zure txakurraren loari?
Bai, lo asko egiten du. Ametsetan hasten denean, batzuetan, gauza arraroak egiten ditu. Korrika dabilela amesten badu, hala hasiko dela ematen du.
Liburuaren gaia bitxia da. Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Maider Segurola Euskadi Irratiko kazetariaren harira sortu zen. 2023an deitu zidan esanez irratiko hainbat saio egin nahi zituela hainbat animaliak lo nola egiten zuten azaltzeko. Oso gai polita iruditu zitzaidan. Saio horiek egiteko prestatu nituen testuekin liburu eder bat egin zitekeela iruditu zitzaidan, bereziki haurrentzat. Hala ere, ikusten nuen irudiak behar zirela liburuan, eta Maddi Astigarragarekin harremanetan jarri nintzen. Harekin lan egitea oso erraza izan da; ilustrazio guztiak gustatzen zitzaizkidan. Oso pozik aritu gara elkarrekin lanean.
Zer irizpideren arabera aukeratu dituzu liburuko animaliak?
Animalia basatiak eta, ahal zen heinean, Euskal Herrikoak aukeratu nituen. Beste herrialde batzuetako animalia batzuk ere sartu ditut, oso bereziak iruditu zaizkidalako. Ez nituen aztertu nahi betiko animaliak, hala nola txakurra edo katua. Aukeratutako animaliak elkarren artean ahalik eta desberdinenak izan dira.
Hain liburu bitxia izanda, arazorik izan duzue argitaratzeko?
Maddiren bitartez aurkitu genuen argitaletxea. Berak beste liburu bat atera zuen Sua argitaletxearekin, Koloretako intsektuak izenekoa. Haien kontaktua zuenez, zuzenean jarri ginen haiekin harremanetan, eta hasieratik baiezkoa eman ziguten. Ez dugu arazorik izan.
Ingurumen hezitzailea eta zientzia dibulgatzailea zara. Nola lortu duzue prozesu zientifikoak modu errazean azaltzea?
Zaila izan da. Nik artikulu zientifikoak hartu nituen informazio iturri modura. Pazientzia lan handi baten emaitza izan da horietan agertzen zen terminologia zientifikoa alde batera utzi eta testu sinpleak idaztea. Irratiko saioetarako, erabiltzeko erraza zen hizkera bat aukeratu nuen, baina koska bat gora egitea eskatzen zuen liburuak. Ez da lan samurra izan 8 eta 10 urte bitarteko umeek ulertzeko moduko testuak egitea, baina lortu dugula uste dut.
Ildo horretatik, liburuan asmakizun bat jarri duzue animalien loaren azalpen bakoitzaren aurretik.
Irakurketa dinamizatzeko, umeari jolas moduko bat proposatu nahi izan diogu. Animalia bakoitzak hasieran asmakizun bat du. Ilustrazioak berak ere asmakizun moduko bat dira; animalia bakoitzaren gorputz atal bat ageri da kasu bakoitzean. Orrialdea pasatuta, loaren azalpen guztia eta ilustrazio osatua agertzen dira.
«Animalia bakoitzak hasieran asmakizun bat du. Ilustrazioak berak ere asmakizun moduko bat dira; animalia bakoitzaren gorputz atal bat ageri da bakoitzean»
Sailka daitezke animalien lo egiteko moduak?
Oso zaila da elkarren artean oso desberdinak diren animalien sailkapena egitea. Ezin dira alderatu, adibidez, ugaztun baten loa eta dortoka batena. Ugaztunen arteko sailkapen bat egitea, ordea, posible izango litzateke. Hala ere, uretakoak, lehorrekoak edo hegalariak izan daitezke ugaztunak, eta aldaketa handiak daude hor. Egia esan, nik asko ikasi dut liburu honekin; bereziki, animalien bizimoduaren arabera lo egiteko modua asko aldatzen dela ikasi dut.
Nola jartzen dira animaliak lo egiteko?
Etzanda oso gutxik egiten dute lo. Itsas ugaztunek igeri egiten duten bitartean egiten dute lo; saguzarrek, buruz behera... Elur oreinaren loa, esaterako, oso berezia iruditu zitzaidan: jan egiten du lo dagoen bitartean, eta, ondorioz, zutik ere egin dezake lo. Ipar polotik oso gertu bizi direnez, belarra elurrez estalita egon ohi da hilabete askoan. Udan, elurra urtzean, oreinek jateko aprobetxatu behar izaten dute, eta, garatuz joan direnez, lo dauden bitartean jatea lortu dute.
Zenbat orduko lo zikloak izaten dituzte animaliek?
Animaliaren araberakoa da hori ere, baina niretzat pinguino papozuria da xelebreena. Arrautzak zaindu behar izaten dituenean, lau segundoko kuluxkak egiten ditu. Lau segundoan behin esnatu egiten da kumeak zaintzeko. Horrela, milaka aldiz egiten du lo, eta milaka aldiz esnatzen da egunean zehar.
Eklipseak eraginik izan al du animalien loan?
Ilunabarretik oso gertu izan zenez eklipsea, ez zen aztoramen handirik izan. Jakin dut, ordea, txori batzuk ilunabarrean bezala hasi zirela kantari.
Aztertutako animalien artean, zein izan da lo egiteko modurik xelebreena?
Badago lo egiten duenean gardena bihurtzen den igel bat. Egunez egiten duenez lo, harrapakarietatik babesteko duen mekanismo bat da hori. Txundigarria iruditu zait.
Irakurleak zer ikastea nahiko zenuke liburuarekin?
Haurrek gustura irakur dezaten nahi dut, eta animaliak ezagutzeko tresna gisa erabil dezaten. Nik neuk ere ikasi dut animalia bat gertutik ikertzean beti dagoela harrigarria den zerbait. Loaren bitartez erakutsi nahi izan dut hori.
LOTSABAKO