Albistea entzun

Eneko Lanbea

Estereotipoak hankaz gora jarriz

Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailari gorenean ari diren lau gizonetako bat da Eneko Lanbea. Azkenaldian, hura nabarmendu da gehien. Aitortu duenez, ez du bide erraza izan, eta aurreiritzi askori egin behar izan die aurre.
ENEKO LANBEA Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2021eko urtarrilak 26

Horrenbeste gustatzen zait gimnastika erritmikoa eta horrenbeste gozatzen dut tapizaren gainean nagoenean, beti berdin izan zait zer esaten duten nitaz. Direnak eta ez direnak entzun behar izan ditudan arren». Eneko Lanbearena da aitorpena (Leioa, Bizkaia, 2004). Lau gizonezko bakarrik ari dira Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailarik gorenean, eta Lanbea da horietako bat. Unai Arrieta (Donostia, 1996), Felipe Suso (Iruñea, 2004) eta Ander Olkoz (Tafalla, Nafarroa, 2003) dira beste hirurak. Antzekoa diote guztiek. Denek sufritu dute modu batean edo bestean gizarteak ezarritako estereotipoetatik ihes egin izana, eta gogor borrokatu behar izan dute aurrera egiteko.

Lanbeak umore ukitu batez kontatu du gimnastika erritmikoa egiteagatik entzun behar izan dituenak. «Nesken kirola dela, ez mutilena; hau egiten dutenak homosexualak direla... Ez uste jendea oso originala denik». Aitortu duenez, berak bakarrik ez, haren gurasoek ere bizi izan dituzte halakoak. «Oso gazte hasi nintzen, 2 urterekin, arreba zaharrenari segika. Ez nekien jendeak zer esaten zuen nitaz, oso txikia nintzen ezertaz jabetzeko. Baina gurasoek bai, haiek entzuten zuten jendeak nitaz esaten zuena, eta, noski, min egiten zien. Haiek ni zoriontsu izatea nahi zuten, eta ni zoriontsu nintzen gimnastika erritmikoa egiten». Aitortu duenez, gurasoek «zentzugabekeriaren muga» gainditu duten egoerak bizi izan dituzte. «Guraso batzuek leporatu diete ni ikusita haien semeek ere gimnastika egin nahi zutela».

«Argi» du etxekoen babesik gabe «ia ezinezkoa» dela halako egoera bati amore ez ematea. «Eta nik beti izan dut gurasoen eta arrebaren babesa eta laguntza. Beti animatu naute, eta ezkutu izan dira kanpotik etor zitezkeen mezu txarren aurka».

Babestua eta maitatua etxean, eta babestua eta maitatua klubean, Sakonetan. Mutil bakarra da. «Ohituta nago. Oso gustura aritzen naiz bertan, entrenamendukideekin eta teknikariekin: Judith Torralba eta Igone Arribas. Oso giro polita dugu. Nire bigarren etxea da». Hala da, makina bat ordu egiten baititu bertan: «Astean sei egunez entrenatzen naiz, eta lau ordu egunean». Eta horretaz aparte, ikasi. «Ondo daramat. Ohituta nago. Ondo antolatzea da gakoa». «Pasioz» bizi du gimnastika erritmikoa. «Beti dago zer asmatu, eta horrek izugarri erakartzen nau».

Nazioarteko txapelketarik ez

Maila nagusiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen azaroan. Aurretik, txapeldun izana zen gazte mailatan. Beti, gizonezkoekin soilik lehian, Espainiako Federazioak taldekako mistoak bakarrik onartzen baititu. Euskal Herrian, ordea, badute aukera emakumezkoekin lehiatzeko. Askoz okerragoa da egoera nazioartean: ez dago txapelketa ofizialik. «Pena da. Hemen eta inguruan maila ona dago, eta, pixkanaka bada ere, mutilak ari dira animatzen. Espainiako Txapelketan, 50 gimnasta baino gehiago aritu ginen zenbait mailatan. Baina nazioartean oso gutxi daude, eta, horregatik, ez dituzte txapelketak antolatzen».

Errusia, Bielorrusia, Bulgaria, Ukraina... herrialde horiek nabarmendu dira betidanik gimnastika erritmikoan, baina, azaldu duenez, horietan pentsamendu nagusia da gimnastika erritmikoa «emakumezkoen kirola» dela. «Nabari da herrialde horiek kontserbadoreagoak direla». Japonian, berriz, gizon askok egiten dute gimnastika, baina, zehaztu duenez, gimnastikaren eta akrobazien arteko nahasketa bat da.

Ez Europako Txapelketarik, ez Munduko Txapelketarik, eta are gutxiago Olinpiar Jokorik. Gimnastika erritmikoa da olinpiar kirol bakarra non gizonezkoek zein emakumezkoek ez diren lehiatzen nazioartean. Igeriketa sinkronizatuan ere ez dira inoiz gizonezkoak aritu Olinpiar Jokoetan, baina bai munduko txapelketetan, bikote mistoetan. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen asmoa da Jokoak gero eta parekideagoak izatea, eta, hori lortzeko, Nazioarteko Gimnastika Federazioari eskatu dio gizonezkoen lehiaketak antola ditzan. «Itxaropentsu» dago, baina ez du uste hark Jokoetan aritzeko aukera izango duenik. «Berri oso ona da. Nire ametsa Olinpiar Jokoetan lehiatzea da, baina, gaur-gaurkoz, oso zail ikusten dut, oso herrialde gutxitan baitago hedatuta gimnastika erritmikoa gizonezkoen artean. Iritsiko da, baina nik ez dut uste aukera izango dudanik. Halere, berdin zait. Batzuetan, ateak ireki behar dira, beste batzuk sar daitezen. Zoriontsu nintzateke nire borrokak balio badu ondorengoek bide samurragoa izan dezaten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile batzuk Tourreko elastiko bat jartzen, gaur, Bilboko eraikin batean. ©Luis Tejido / EFE

Bilboko etxebizitza turistikoen prezioa gaueko 8.000 euroraino helduko da Tourraren aurreko egunetan

Paulo Ostolaza

EH Bilduk eskatu du «beharrezkoak diren mekanismoak» ezartzeko etxebizitza horien legezkotasuna kontrolatzeko eta «prezioen igoera indiskriminatua» eragozteko. Bihartik aurrera hainbat ekitaldi antolatuko dituzte lasterketari ongietorria emateko.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.
Jose Luis Mendilibar Sevillan (Espainia), gaur eguerdian. ©David Arjona / EFE

Jose Luis Mendilibar da Sevillaren entrenatzaile berria

Paulo Ostolaza

Iaz Alaves entrenatu zuenetik talderik gabe zen Zaldibarko prestatzailea. Mailari eusteko lehian dabil Sevilla, eta Europa Ligako final laurdenetan Manchester Uniteden aurka jokatuko du.

'Harri jasotzaile onenen lurraldea?'

Martins Licisek argitaratu du Euskal Herrian grabatutako dokumentalaren lehen atala

Paulo Ostolaza

Munduko gizonik indartsuena izandakoak argitaratu duen ikus-entzunezkoak 'Harri jasotzaile onenen lurraldea?' izena du. Euskaldunen historiaz hitz egin du, eta, besteak beste, Iñaki Perurenarekin izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...