Zisjordania anexionatzeko beste aurrerapauso bat eman du Israelek

  • 435 hitz

Zisjordaniako eremu batzuk «estatuaren jabetza» moduan erregistratzea onartu du Israelgo Gobernuak. Bestetik, 1953. urteko lege bat indargabetu du, lurrak errazago okupatu ahal izateko.

Israelek Zisjordania anexionatuclosebereganatu, okupatu nahi du, eta, bide horretan, beste aurrerapauso bat eman du. Israelgo Gobernuak proposamen bat onartu du, palestinarrenak diren eremu batzuk «estatuaren jabetza» moduan erregistratzeko. 1967an okupatu zuenetik, Israelek lehen aldiz abiatu du Zisjordaniako lurrak erregistratzeko prozesua, eta helburua argia da: eremu horietan gaur egun daukan kontrola areagotzea. Gaur egun Zisjordaniako herritarren %52 inguru palestinarrak dira.

Zisjordania hiru gunetan banatu zuten 1995ean, Osloko Akordioan: A, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku dagoena; B, palestinarrek kudeatzen duten arren Israelen kontrol militarraren menpe dagoena; eta C, Israelek kontrolatzen duena erabat. Bada, Tel Avivek zabaldutako oharraren arabera, prozesua C gunean aplikatuko da. Alegia, Zisjordaniako lurren %60 hartuko ditu.

Hau ez da, ordea, Zisjordaniaren anexioa lortzeko Israelek azkenaldian egin duen lehen mugimendua. Izan ere, iragan astean 1953ko lege bat indargabetzeko erabakia hartu zuen Tel Avivek, Zisjordania Jordaniaren eskuetan zegoen garaikoa. Lege horrek lurrak eta jabetzak erostea galarazten zien bertakoak ez zirenei. Bada, hemendik aurrera, ez dute halako oztoporik izango, eta bide emango die lurrak are errazago okupatzeko.

Xake partida batean, mugimenduz mugimendu aurkariaren piezak jatea da xedea, eta geroz eta gertuago dago xake-matea. Izan ere, 1953ko legea oztopoa izan da orain arte Israelgo kolonoentzat, lurrak eta jabetzak erostea galarazten baitzien bertakoak ez zirenei. Hemendik aurrera, ordea, lurrak errazago okupatzeko aukera izango dute.

Israel aspaldi ari da palestinarren lurrak konfiskatzen, kolonoen kokaguneak zabaltzen eta harresia luzatzen, baita palestinarren etxeak suntsitzen eta palestinarrak atxilotzen eta zigortzen ere. Majed Dibsi abokatu eta kazetari palestinarrak argi dauka Gazan egiten ari denaren moduko zerbait egin nahi duela Israelek Zisjordanian. «Israelek auzi palestinarra amaitu nahi du, 5.580 kilometro koadro dituen lur zatia hustu eta bereganatzeko».

1967ko gerra

Israelek 1967an inbaditu zuen Palestina historikoa, Sei Eguneko Gerran, hiru armada arabiar garaituta. Nazio Batuen Erakundeak 1947an Palestina bitan zatitu eta zatietako bat juduen esku utzi zuen. Israelek 1948an independentzia aldarrikatu zuen ebazpen hura oinarri hartuta, eta ordutik ari dira palestinarrak kanporatzen. 1995ean Osloko Akordioa sinatu zuten bi aldeek. Dibsik azaldu du, ordea, akordioa sinatuz geroztik ere Israelek etengabe konfiskatu dituela lurrak inbasioaren bitartez. «Lehenik, C eremua erabat anexionatu zuen; ondoren, B eremua, eta orain, A eremua anexionatzeko bidean da, palestinarrek etorkizunik izan ez dezaten».

Abokatu eta kazetariak salatu du nazioarteak ez duela ezer egin: «Israelek argi dauka hori egiteko gaitasuna daukala, eta ez duela jasoko inolako zigorrik. Edozein eskubideren gainetik dagoela uste du». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren nahia haratago doala uste du: «Ekialde Hurbil handi bateko erregea izan nahi du, eta gainerako herrialde arabiar guztiak bere zerbitzura dauden esklabotzat izan, Iran eta Turkia barne». Dibsiren esanetan, Israelek «eskala handiko gerra bat» hastea nahi du, «etsi-etsian». AEBak inplikatuko lituzkeen eskala handiko gerra bat; «edo, bestela esanda, mundu gerra bat».

Jatorrizko artikuluak