Israelek Zisjordania anexionatu nahian jarraitzen du, eta horretarako egin duen azken mugimendua salatu dute herrialde arabiarrek eta islamiarrek. Bake prozesuaren aurka egin izana leporatu diote, eta nazioarteari dei egin, neurriak hartu ditzan. Izan ere, Israelgo Gobernuak proposamen bat onartu zuen atzo, izatez palestinarrak diren Zisjordaniako eremu batzuk «estatuaren jabetza» moduan erregistratzeko. 1967an okupatu zuenetik, Israelek lehen aldiz abiatu du Zisjordaniako lurrak erregistratzeko prozesua, eta helburua argia da: eremu horietan Israelek gaur egun daukan kontrola areagotzea eta Zisjordania anexionatzeko bidean aurrerapauso bat ematea.
Azken asteetako mugimenduak ikusita, Ekialde Hurbilean bakea ezartzeko ahaleginak zapuztu izana leporatu diete herrialde arabiarrek eta islamikoek Israeli. Saudi Arabia eta Egipto, adibidez, azken mugimenduen aurka agertu dira publikoki. Baita OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundea ere — 57 herrialde daude bertan, eta herrialde musulmanen foro politiko garrantzitsuena da—. Azken horrek ohar baten bidez salatu du Israelen mugimendua «legearen kontrakoa» dela, eta urratu egiten duela Palestinako herriaren «autodeterminaziorako» eskubidea. «Juduen kokapenak indartu eta okupatutako Palestinako lurren estatus politikoa eta demografikoa aldatzen ditu, eta kontrolean, kolonizazioan eta anexioan sakontzeko joera daukate», gaineratu du erakundeak.
Era berean, GCC Golkoko Lankidetza Kontseiluak —Saudi Arabia, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuek, Oman, Qatar eta Bahrain daude bertan— inguruko segurtasuna eta egonkortasuna «mehatxatzen» dituen alde bakarreko erabaki bat hartu izana leporatu dio Israelgo Gobernuari. Ohar batean, gaineratu du «eskubide urraketa larria» dela, eta nazioarteari eskatu dio neurriak «berehala» hartu ditzala.
Herrialde arabiarrek eta islamiarrek hainbatetan adierazi dute Ekialde Hurbileko auziak irtenbide bakarra daukala: estatu palestinar independente bat sortzea Zisjordanian eta Gazako zerrendan. Eta hala berretsi dute Israelen azken mugimenduaren ostean ere.
1.000Zenbat soldadu hedatuko dituen Indonesiak Gazan apirilean. Indonesiaren asmoa da Gazan 8.000 soldadu hedatzea, eta aurrenekoak, 1.000 inguru, apirilean hedatuko dituzte. Hori jakinarazi du gaur armadaren bozeramaile Donny Pramonok, agerraldi batean. Donald Trump AEBetako presidentearen Gazarako planean jasota dago Nazioarteko Egonkortze Indar bat hedatzea zerrendan, eta horretako kide izango dela adierazi duen lehen herrialdea da Indonesia.
Ohar baten bidez azaldu zuen egitasmoa Tel Avivek; Bezalel Smotrich Finantza ministroak, Yariv Levin Justizia ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak sinatu zuten ekinaldia. Zisjordania hiru gunetan banatu zuten 1995ean, Osloko Akordioan: A, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku dagoena; B, palestinarrek kudeatzen duten arren Israelen kontrol militarraren menpe dagoena; eta C, Israelek kontrolatzen duena erabat. Bada, Tel Avivek zabaldutako oharraren arabera, prozesua C gunean aplikatuko da. Alegia, Zisjordaniako lurren %60 hartuko ditu.
Katz Defentsa ministroak adierazi zuen Israelek «Zisjordanian jarduteko duen askatasun osoa ziurtatzeko» diseinatutako mugimendua dela, eta «segurtasuna» duela xede. Gaineratu zuenez, interes nazionalak babesteko «erabakitasunarekin jardutea» ahalbidetuko dio armadari. Levin Justizia ministroak ere argi hitz egin zuen, eta adierazi: Israelgo lurra «Israelgo herriaren jabetza» dela: «Israelgo Gobernuak bere eremu guztien gaineko kontrola indartzeko konpromisoa hartu du».
Ez da, ordea, Zisjordaniaren anexioa lortzeko Israelek azkenaldian egin duen lehen mugimendua. Izan ere, iragan astean 1953ko lege bat indargabetzeko erabakia hartu zuen Tel Avivek, Zisjordania Jordaniaren eskuetan zegoen garaikoa. Lege horrek lurrak eta jabetzak erostea galarazten zien bertakoak ez zirenei. Bada, hemendik aurrera, ez dute halako oztoporik izango, eta bide emango die lurrak are errazago okupatzeko.