Zisjordanian xake-matea erraztuz

1953ko lege bat indargabetu ostean, lurrak errazago okupatzeko aukera izango du orain Israelek. Majed Dibsi abokatu palestinarrak dio helburua bat eta bakarra dela: «Zisjordania eta Gaza bereganatzea, eta bertako herritarrak deserriratzea».

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. ABIR SULTAN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xake partida batean, mugimenduz mugimendu aurkariaren piezak jatea da xedea. Bada, Israelek beste mugimendu bat egin zuen iragan igandean bere xake taula propioan, Zisjordania bereganatu eta bertako palestinarrak ihesbiderik gabe uzteko asmotan. Eta geroz eta gertuago dauka xake-matea. Izan ere, 1953ko lege bat indargabetzea erabaki zuen Israelgo segurtasun kabineteak —lurralde hori Jordaniaren eskuetan zegoen garai hartan—. Legea oztopoa izan da orain arte Israelgo kolonoentzat, lurrak eta jabetzak erostea galarazten baitzien bertakoak ez zirenei. Hemendik aurrera, ordea, lurrak errazago okupatzeko aukera izango dute. Majed Dibsi abokatu eta kazetari palestinarrak argi dauka Gazan egiten ari denaren moduko zerbait egin nahi duela Israelek Zisjordanian. «Israelek auzi palestinarra amaitu nahi du, 5.580 kilometro koadro dituen lur zatia hustu eta bereganatzeko».

Duela ia 75 urteko lege hori oztopoa izan da orain arte Israelentzat, teorian, Zisjordaniako lurrak edo jabetzak erosteko. Praktikan, ordea, Israelek nahi duena egiteko aukera izan duela adierazi du Dibsik. Izan ere, iritzi dio 1953. urtetik Israelek ez diola jaramonik egin haren interesen aurka onartu diren ebazpenei, eta ordutik ari dela, besteak beste, «lurrak konfiskatzen, kokaguneak eta harresia sortzen, etxeak suntsitzen, eta Palestinako herritarrak atxilotzen eta zigortzen».

Era berean, legearen indargabetzea neurri berria den arren, Dibsik dio aspaldiko kontua dela. Alegia, 1967az geroztik —urte hartan, sei egunetan inbaditu zituen Israelgo armadak Palestina historikoko lur guztiak, hiru armada arabiar garaituta— Zisjordanian lurrak pixkanaka konfiskatu dituela Israelek, eta bide berari jarraituko diola lege hori indargabetuta. «Proiektua Zisjordania eta Gaza bereganatzea da, eta bertako herritarrak deserriratzea. Hau da, 1948an egin zuten bezala, eta Gazakoarekin egiten ari diren modura, Zisjordaniako biztanleria kanporatzea».

Hala ere, Dibsik onartu du legea indargabetu izana oso albiste txarra dela. 1995az geroztik —Osloko Akordioan hala onartu zuten— Zisjordania hiru gunetan dago banatuta: A gunea, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku dagoena; B gunea, palestinarrek kudeatuagatik ere Israelen kontrol militarraren menpe dagoena; eta C gunea, Israelek kontrolatzen duena osorik. Dibsik, azaldu du, ordea, Osloko Akordioan banaketa hori egin zenetik bertatik, Israelek etengabe konfiskatu dituela lurrak inbasioaren bitartez. «Lehenik, C eremua erabat anexionatu zuen; ondoren, B eremua, eta orain, A eremua anexionatzeko bidean da, non Palestinako hiri eta herrixkak banatzen dituen etorkizunik izan ez dezaten».

Gainera, Zisjordaniako errefuxiatuen kanpalekuetako egoera horrekin lotuta dagoela adierazi du Dibsik, bertako herritarrek ordezkatzen dutenagatik: «Errefuxiatuen kanpalekuek palestinarren autodeterminazio eskubidea eta herrialdera itzultzeko eskubidea sinbolizatzen dute. Hortik datoz Israelek kanpamentu horien aurka egiten dituen erasoak. Terroristen kontrako mugimenduak direla aitzakia hartuta, dozenaka gazte atxilotu eta hiltzen ditu».

Baina, zergatik iritsi da orain legearen indargabetzea? Argi dauka erantzuna Dibsik: haren beharra badago ere, 2023. urteaz geroztik nazioarteko zuzenbideak ez duelako «ezer» egin. «Ondorioz, Israelek argi dauka hori egiteko gaitasuna daukala, eta ez duela jasoko inolako zigorrik». Dibsik gaineratu du Israelek uste duela «edozein eskubideren gainetik» dagoela, «lur agindua» delako. Hala ere, ohartarazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren nahia ez dela lur agindu horretara soilik mugatzen, eta publikoki erakutsi izan duela asmo hori: «Ekialde Hurbil handi bateko erregea izan nahi du, eta gainerako herrialde arabiar guztiak bere zerbitzura dauden esklabotzat izan, Iran eta Turkia barne».

AEBen mamua

Dibsik, bestalde, gatazka horretan AEB Ameriketako Estatu Batuek «superpotentzia» moduan izan duten rola ekarri du gogora. Izan ere, gogorarazi du AEBetako presidente Donald Trumpek bide eman ziola Israeli Jerusalemen osorik anexionatzeko, Jerusalem Israelgo Estatuaren hiriburu moduan aitortu ostean. «Jerusalem Israelgo hiriburua dela ofizialki aitortzeko garaia da», esan zuen Trumpek 2017ko abenduan. Eta ez hori bakarrik. Bigarren agintaldian Trumpek Israeli Zisjordania erabat anexionatzeko baimena eman diola adierazi du abokatuak. Eta haren esanetan, horren erantzuna da Israelek egin duen azken mugimendua.

Trumpek Gazarako plana adostu zuen 2025eko irailean, Netanyahu ondoan zuela. Lehen fasea Hamasek gatibu zituen gorpu guztiak itzulita amaitu zen, eta bigarren fasea hasi zela esan zuten AEBek urtarril erdialdean. Dibsik zera dio horren guztiaren inguruan: Trump «negozio gizon bat» besterik ez dela, eta bakoitzak bere taktikak izan ditzakeen arren, ez dagoela desberdintasun estrategikorik Israelen eta AEBen artean: «Trumpi ez zaio komeni gaur egun gerra bat hastea, eta beste zerbaiten alde egiten du. Besteak beste, jazarpenaren, blokeo ekonomikoaren edota xantaiaren alde».

Egungo egoera ikusita, zaila da egoera hobe bat imajinatzea, baina Dibsik adierazi du legea baliorik gabe uzteak anexioa lortzeko bidea errazten badio ere badagoela Israeli aurre egiteko modua. Alde batetik, gaur egun Zisjordaniako herritarren %52 inguru palestinarrak direla gogorarazi du abokatuak, eta haren esanetan, hori da arriskurik handiena Israelen helbururako. Eta, bestetik, Israelgo armadaren nekean jarri du azpimarra: «Israelek harro dio gauza asko lortu dituela, eta hein baten egia da. Baina oso ahul dago orain. Gazan sarraskia egin duten arren, bi urte eta erdi hauetan porrot egin dute, eta horrek Israelgo armadaren ahultzea ekarri du, hala fisikoari nola aldarteari dagokionez. Iranen aurkako erasoak eta horiek hamabi egunez emandako erantzunak ere ahuldu egin du».

Horregatik, eta geroz eta ahulago izango direla jabetuta, Dibsiren esanetan Israelek «eskala handiko gerra bat» hastea nahi du, «etsi-etsian». AEBak inplikatuko lituzkeen eskala handiko gerra bat; «edo, bestela esanda, mundu gerra bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.