NAKBA. 60 urte estatu judua eraikitzen

NBEk 1947an Palestina bitan zatitu eta zatietako bat juduen esku utzi zuen ebazpena oinarritzat hartuta aldarrikatu zuen Israelen independentzia David Ben Gurion lehen ministroak 1948an.

arantxa elizegi egilegor
2008ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kontu handiz prestatutako aldarrikapena izan zen. 1948ko maiatzaren 14ko goizean juduen ordezkariek onartu zuten testua, eta arratsalderako utzi zuten agerraldia. Edukia, ordea, ezkutuan izan zuten estatu arabiarren erantzunaren beldur. Aurrerago Gobernuko idazkari izango zen Zeev Sharef arduratu zen gonbidapenak bidaltzeaz. Gonbidatuak beraiek ere kontu handiz aukeratu zituzten, guztiak israeldarrak. Arratsaldeko lauretan zen hastekoa ekitaldia, egun Independentziaren Ataria izenez ezagutzen denean, Tel Aviven. Azken unean, ordea, ia atzeratu egin behar izan zuten, izan ere, Sharef kontrol batean gelditu zuen Poliziak, eta independentzia aldarrikapena atzeratzen ari zirela esan behar izan zien, joaten utziko bazuten. 15:59ean iritsi zen. Puntu-puntuan, 250 lagunen aurrean, Israelen sorrera aldarrikatu zuen David Ben Gurionek, Israelgo lehenengo gobernuburua izango zenak.

Independentzia aldarria, baina, ez zen izan prozesuaren hasiera, ez eta bukaera ere. Estatu judua sortzeko proiektua askoz ere zaharragoa da. Palestinaranzko lehen etorkin oldea 1881ean iritsi zen, Europako jazarpenetik ihesi. Urte batzuk geroago sortu zuten mugimendu sionista, zeinak estatu juduaren sorrera zuen helburu. Garai bertsuan, 1909an, Errusiatik joandako etorkin talde batek sortu zuen lehen kibbutz edo nekazaritza elkartea. Horiek, baina, arabiarren haserrea eragin zuten, eta erasoak ugaritu ziren.



II. MUNDU GERRAREN ONDORIOAK. 1917an Erresuma Batuko Atzerri ministro Arthur James Balfourrek estatu juduaren sorrera proposatu zuen nazioartean. 1920an Londresen esku geratu zen ofizialki geroago Israel izango zen lurraldea -lehendik okupatua zuten-. Londresek, baina, ez zuen hitza bete, eta entzungor egin zien juduen eskaerei. Horrek beren buruak defendatzeko talde armatuak sortzera bultzatu zituen. Horietako bat izan zen Haganah -defentsa hebreeraz-talde armatua. Erakundeak indarrean jarraitu zuen 1948an independentzia aldarrikatu zuten arte. Talde armatuak ez ezik, bestelako erakundeak ere sortu zituzten, tartean gobernurako organoak.

II. Mundu Gerrak goitik behera aldatu zuen egoera. Adolf Hitlerri emandako sostengua garesti ordaindu zuten palestinarrek. Nazien agintaldiaren pean gertatutakoaz lotsatuta edo, eta judu eta arabiarren arteko harremanak okertuz zihoazela ikusita, 1947an Palestina bitan banatu eta zatietako bat juduen esku uzten zuen ebazpena onartu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak. Horren arabera, lurren %54 juduentzat izango ziren, eta Jerusalem, berriz, nazioarteko eremua izango zen. Urte berean, ordea, Liga Arabiarrak ebazpenaren aurka ohartarazi zuen NBE.

Auziak aurrera egiteko itxurarik ez zuela ikusita, eta nazioarteak iritziz aldatuko zuen beldur, azken urratsa egin zuten juduek, duela 60 urte arratsaldeko lauretan, Israelgo estatua sortuz. Erresuma Batuak migrazioari ezarritako mugak kentzea izan zen gobernu berriaren lehen erabakia.

«Une historikoa zela sentitzen nuen, ez bakarrik juduentzat, baita mundu osoarentzat ere», dio Arieh Handlerrek. Sionisten Kontseilu Orokorreko kidea -Gobernu lanak egiten zituen batzordea-zen bera Israel sortu zen garaian, eta bertatik bertara entzun zuen Ben Gurionen hitzaldia. «Nire familiarengana joateko bileratik irten nintzenean, Egiptoko hegazkinak jada Tel Aviv bonbardatzen ari ziren».



AMAITU GABEKO BORROKA. Hurrengo urteak gogorrak izan ziren guztientzat. Herrialde arabiarrek ez zuten onartu Mendebaldeak Palestinan ezarritako estatua, eta hura desegiteko prest zeuden. Independentzia aldarrikatu eta ordu gutxira hasi zen gerra. Hamabost hilabete luze iraun zituen gatazkak, eta hura amaitu zenean Zisjordania eta Jerusalem okupatuta zituen Israelek, eta Gaza Egiptoren kontrolpean geratu zen. Horretaz gain, Israelen kontrolpeko lurretan bizi ziren ia milioi bat palestinarrek ihes egin behar izan zuten. Adierazgarria da Ben Gurionek independentzia aldarrikatu zuenean, ez zituela zehaztu estatu berriak izango zituen mugak, bazekielako Mendebaldearen sostengua bermatua zutela.

Hurrengo urteetan gatazkak bat bestearen atzetik lehertu ziren. Ezagunena Sei Eguneko Gerra da. 1967an, herrialde arabiarrak gerrarako prestatzen ari zirela argudiatuz, Egiptori eraso zion Israelek eta Sinai bere egin zuen. Aurrerago, ordea, bi estatuek bakeak egin, eta Sinai itzuli zion Egiptori, Gaza beretzat hartuz.

Geroztik borroka gehiago izan dira, eta estatu judua sortzeko hasitako bidea ez da oraindik amaitu. Horiek hala, Israelek potentzia nagusien sostengua duen arren, gero eta gehiago dira nazioarteko legedia errespetatzeko exijitzen dioten ahotsak. Tel Avivek, ordea, nahiago du beretzat jotzen dituen lurrak indarrez defendatzen jarraitu.



Peres: «Hamasengatik ez balitz, Palestina errealitatea litzateke»

Palestinarren aurkako jazarpena eta okupazioa ospatzen aritzea egotzi dio PANek Israelgo Gobernuari
erredakzioa

Israelgo presidente Shimon Peresek ez du zalantzarik, 60 urte luze iraun duen gatazkaren erantzukizuna islamistena da, eta ez beste inorena. «Hamasengatik ez balitz, bi estatuen oinarrien gainean eraikitako Palestina errealitatea litzateke». Biharko Egunari Begira izenez antolatutako konferentzian, atzo, egin zituen adierazpen horiek Peresek. Han Israelgo ordezkaritza ez ezik, mundu osotik joandako hainbat agintari bildu ziren, besteak beste, AEBetako presidente George Bush eta Ekialde Hurbilerako ordezkari berezi Tony Blair.

Estatu juduaren 60. urteurrena ospatzeko antolatutako bilkuraren irekiera ekitaldian bake prozesuan egindako urratsak txalotu zituen estatuburuak: «Aurrerapauso handiek eman ditugu, eta akordioak lortu ditugu oinarrizkoak diren gaietan, baina ez guztietan». Haren esanetan, ez da atzera begiratzeko unea, etorkizuna eraikitzekoa baizik. «Geroa bakearekin eraiki behar dugu, ez beldurrarekin».

Palestinarrentzat, ordea, Israelen sorrera ez da ospatzeko moduko gertakaria. Izan ere, estatu judua sortzearekin batera, ehun milaka palestinarrek beren etxeetatik ihes egin behar izan zuten, haien lurrak israeldarrek okupatu zituztelako. Gaur egun, oraindik, erbestean bizi dira, noizbait etxera itzuliko diren itxaropenarekin. «Halako ospakizunak lekuz kanpo daude Israelek palestinarrak zapaltzen jarraitzen duen artean», salatu du PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Salam Fajadek. Haren iritziz, ez da izango zer ospaturik bake akordioak indarrean jarri arte. «Ez da zer ospaturik, elkarrekin ospatzeko arrazoirik ez badugu».



OLMERT SUSMOPEAN . Israeldarren poza, ordea, ilundu egin da Ehud Olmerten gaineko ustelkeria susmoak direla eta. Eroskeria leporatze diote Israelgo gobernuburuari, eta atzo Industria eta Merkataritza Ministeriotik hainbat dokumentu eraman zituen Poliziak, auziarekin lotuta. Akusazioaren arabera, Olmert Jerusalemgo alkate zela milioika dolar jaso zituen Morris Talansky enpresari estatubatuarrarengandik. Lehen ministroak berak onartzen du dirua jaso izana, baina ez trukean hari mesederik egitea. Haren esanetan, dirua ibilbide politikoan aurrera egiteko erabili zuen.

Bestalde, Hamasek iragarri du ez duela Gilad Shalit askatuko su-etena sinatzearen truke. Soldadu israeldarra talde armatu palestinarren esku dago 2006tik, eta askatzearen truke presoak askatzeko eskatzen dute. Olmertek, aldiz, su-etena eskaini die trukean. Bestetik, ustezko ekintzaile palestinar bat hil eta bat zauritu zuen Israelgo armadak, Gazako Khan Junis hirian.





eusKaL HerrIan
Euskal Herrian ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte Israelen sorreraren urteurrena dela eta. Guztiek dute helburu bera: palestinarren egoera salatzea.



'Euskal Herrian boikota Israeli'

Askapenak elkarretaratzeak antolatu ditu. Bihar, Nakba hasi zen egunean egingo dituzte.

Bilbon, Arriagan, 20:00etan.

Gasteizen, Posta kalean, 19:00etan

Iruñea, Mercaderes plazan, 19:30ean

Tolosa, Triangelu plazan, 19:00etan



'Nakba'-ri buruzko irratsaioak

Irratsaio bereziak egingo dituzte bihar hainbat irratitan. Hainbat lagunek hartuko dute parte, besteak beste, Juani Rishmaui Palestinako Osasun Batzordeetako kideak eta Informazio Zentro Alternatiboko kide Sergio Yahnik.

Hala Bedi, Tas-Tas, Uhinak, Koska, Erreka eta Eguzki irratietan, 10:00 eta 14:00 bitartean.



Palestinarren egoera

Bideo emanaldiak antolatu dituzte Komite Internazionalistek bihar hasi eta hilaren 29a bitartean. Palestinarren egoera gertutik ezagutzea da horien helburua.

Donostian, Bakea, propaganda eta hitzemandako lurra bideoa ikusi ahalko da bihar 19:30ean, Doctor Camino liburutegian.

Bilbon egun eta ordu berean, Bolsanemango dute filma.



Eztabaida eta hitzaldiak

GKEen Palestinako Sareko buru Issam Abdala, Israelgo GKE palestinarren koordinatzaile Hussein abu Hussein eta Jerusalemgo Informazio Zentro Alternatiboko kide Sergio Yahni gonbidatu ditu gaur Bilbora Mewando Sareak.

Bilbon, Hika Ateneoan, 19:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.