Korrikaren ahizpak ere ari dira lasterka

  • 371 hitz
00:00 /

Korrika urtea da aurten, baina hizkuntza gutxituak dituzten beste hainbat herrialdetan ere lasterketa horren antzeko ekitaldiak egiten ari dira edo egin berri dira. AEKko kideek hurbiletik jarraitzen dituzte lasterketa horiek. Okzitanian, Bretainian eta Herrialde Katalanetan dituzte Korrikaren antzeko ekinaldiak.

Euskal Herrian bezala, hizkuntza gutxituak dituzten beste hainbat herrialdetan egiten dira Korrikaren antzeko ekimenak. Aurten, Korrika ez ezik, lasterka aritu dira edo ari dira Okzitanian, Bretainian eta Herrialde Katalanetan. Iker Tubia BERRIAko kazetaria eta Ane Elordi AEKko koordinatzailea «Korrikaren ahizpei» buruz aritu dira podcast honetan. Hiru dira lasterketa nagusiak, okzitanieraren alde egiten den La Passem, bretoieraren alde egiten den Ar Redadeg eta katalanaren alde egiten den Correllengua. Hiru lasterketen lekuko izan dira AEKko kideak, eta bakoitzaren inguruko berezitasunak xehatu dituzte. Ane Elordik adierazi du «ohorea» dela herri horietan Korrika eredu gisa hartu izana, eta harro agertu da, gainera, eusten diotelako euren lasterketak antolatzeari. Gogoratu du bakoitzak bere berezitasunak dituela, eta, azken finean, herri ezberdinak izanik, bakoitzak bere egoera soziolinguistikoa ere aintzat hartu behar duela.

La Passem, Euskal Herriaren mugakide

Gaskoia edo okzitaniera sustatzeko antolatutako La Passemek 4. ekitaldia izan du aurten. Ligams elkarteak antolatzen du, eta aurten bi berezitasun izan ditu: inoiz zapaldu gabeko eremuetatik barneratu da igaro dituen 2.000 kilometroetan, eta Euskal Herrian amaitu da, Angelun (Lapurdi) zehazki. Izan ere, Elordik gogoratu du, hizkuntzaren ikuspegitik harremana beti erraza izan ez arren, Euskal Herriko eremu batzuetan elkarbizitzan daudela euskara, frantsesa eta gaskoia. La Passem indarra hartzen ari da poliki-poliki, eta Korrikarekin harremana ona du. Horren adibidea da, Korrika egiten ez den urtean, frantziar estatuko hiru lasterketetako antolatzaileek topaketa bat egin ohi dutela elkarren berri izan eta koordinatzeko.

Ar Radadeg, bretoieraren hauspoa

Lasterka betean ari dira egunotan Bretainian bretoieraren alde Ar Radadegen aurtengo ekitaldian. Lannuonen hasi zen maiatzaren 8an eta Naoneden amaituko da maiatzaren 16an, 2.200 kilometro egin ostean. Berez, Korrikaren ereduari jarraitu zion lehen lasterketa izan zen Ar Radadeg, eta hamargarren edizioa du aurtengoa. Euskal Herriko eta Bretainiako hizkuntzaren babesaren aldeko hainbat elkartek eta mugimenduk harremana dute elkarrekin, besteak beste, ikastolek eta bretoieraz aritzen diren bertako diwan eskolek.

Correllengua, gauez atseden hartzen duen lasterketa

Apirilaren 19tik maiatzaren 5era egin zen Correllengua katalanaren aldeko lasterketa, Pradatik (Ipar Katalunia) Valentziara. Lasterka ez ezik, bizikletaz eta itsasontziz ere ibili zen katalanaren aldeko lasterketa. Korrikaren ereduari jarraitzen badio ere, badu berezitasun bat: egunez bakarrik egiten da, gauez geratu egiten baita. Balear Uharteetan hasi baziren ere, gaur egun Herrialde Katalan guztietatik ibiltzen da Correllengua. Aurtengo edizioari Correllengua Agermanat izena eman diote.

Hiru horiez gain, Galizian eta Alsazian ere egin dituzte Korrikaren antzeko ekitaldiak.

Jatorrizko artikuluak