Nesken ahalduntze istorio bat

  • 56 hitz
  • Albistea entzun

ETB1en 'Irabazi arte!' telesailaren lehen atala liderra izan da haur eta gazteen artean. Hain zuzen ere, ikusle nerabeentzako telesail bat da, baina nabarmendu dute «familia guztiarentzako telesail bat egiten» saiatu direla. Futbolean jokatzeko elkartzen den neska talde bat da protagonista.

Urtez urte bukatuz joan dira Go!azen telesailaren denboraldi arrakastatsuak, eta umezurtz geratuz joan dira haurtzarotik nerabezarora pasatu diren hainbat ikusle gazte. Hutsune hori betetzen lagundu nahi du Irabazi arte! telesail berriak. Zortzi atal izango ditu, eta, otsailaren 11n hasita, ostiraletan emango dute ETB1en eta Eitb.eus-en, 21:00etan. Lehen atalak oso datu onak lotu ditu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %6,6ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %17,5ekoa—; 4-12 urte bitarteko neska-mutikoen artean, %42,9ko kuota; eta 13-24 urte bitarteko gazteen artean, %45,9koa.

Hutsunea bete nahi du, bai, «baina Go!azen-en ikusleak galdu gabe», argitu du Julene Aranburuk, Irabazi arte!-ren gidoilari eta sortzaileetako batek. «Familia guztiarentzako telesail bat egiten saiatu gara».

Arene (Sua Enparantza) nerabea da. Bartzelonan bizi da, gurasoekin. Futbolean jokatzen du. Ama hil eta gero, aitak sorterrira, Euskal Herrira bueltatzea erabaki du, eta Arenek jende, leku eta bizimodu berrira egokitu beharko du. Aitonarekin bizi. Lagun berriak egin. Eta ez dio uko egingo futbolari: herrian ez dago nesken futbol talderik, baina Arenek taldearen sorrera bultzatuko du, aurreiritzi guztien kontra. Hori da telesailaren muina, bizkarrezurra.

Herrian ez dago nesken futbol talderik, baina Arenek taldearen sorrera bultzatuko du, aurreiritzi guztien kontra.

Ahalduntze prozesu bat da Irabazi arte!. Ahizpatasun istorio bat. Futbolaren bidez: «Futbolaren bitartez ikasiko dute gogorragoak direla elkartzen badira». Zergatik futbola? «Aukera ematen duelako elkarrekin zerikusirik ez duten neskak leku berean elkartzeko. Familian gertatzen den moduan, taldekideak ez dituzu aukeratzen. Ez dira lagunak, eta oso ezberdinak dira, baina elkarrekin borrokatuz indartsuagoak dira». Futbol taldea bihurtuko da Areneren familia.

Hainbat helduk emakumeen kirolaren inguruan duten jarrera paternalista eta matxista islatuta ikusteko balioko du.

Aranburuk uste du telesailak balioko duela hainbat helduk emakumeen kirolaren inguruan duten jarrera paternalista eta matxista islatuta ikusteko. «Baina gurasoek ikusiko dute, batez ere, nerabeek zer pentsatzen duten», nabarmendu du. «Leiho moduko bat izango da haien pentsamenduak erakusteko». Gazteen heltze prozesua ikusiko baita. Gazteetan oinarritutako telesaila da, baina Aranburuk ohartarazi du helduen tramak ere badaudela.

«Gure lehentasuna entretenitzea da beti», zehaztu du. «Guri ikustea gustatuko litzaigukeen telesaila egin dugu».

Jatorrizko artikuluak