Palmako sumendiak lur berria sortuko du

  • Albistea entzun

Lurra etengabe mugitzen ari da, eta horren ondorioetako bat dira sumendien erupzioak. Kanaria uharteak bolkanikoak dira, erupzioek sortutakoak. Magma zenbait ahotatik atera da, eta itsasoraino heldu da. Bide horretan, hainbat etxebizitza suntsitu eta laborantzarako lurrak hondatu ditu labak: hain zuzen gerora lur bihurtuko den labak. 

Lurrikarek eman zuten abisua lehenbizi, eta erupzioa etorri zen gero. Irailaren 19az geroztik, Kanaria uharteetako La Palman (Espainia), Cumbre Vieja sumendia laba isurtzen ari da, eta aurrera doa parean duen guzia irentsiz eta suntsituz. Gaur egungo teknologia eta jakintzekin, sumendiak aise monitorizatu daitezke; horrela, egun batzuk lehenago jakin liteke magma noiz kanporatuko den. «Egun, nahiko ondo iragar daiteke noiz izango diren sumendien erupzioak; lurrikarak noiz izango diren, aldiz, ez», argitu du Arturo Apraiz geologoak.

Kanaria uharteak bolkanikoak dira; historian gertatu diren erupzioek osatu dituzte. Apraiz geologoaren arabera, ez da harritzekoa egun hauetan han gertatzen ari dena: «Lurra etengabe mugitzen ari da, eta, hain justu, Kanaria uharteen azpian bada mugimendu horiengatik beroa pilatzen duen eremu bat. Azaleko geruza zurrunacloseTrinkoa.ren azpitik pilatzen da beroa, eta halako batean inguruko arrokak urtzen ditu: orduan sortzen da magma, sakonera handian, 150-200 kilometrora».

«Kanaria uharteen azpian bada lurraren etengabeko mugimenduarengatik beroa pilatzen den eremu bat».

Arturo Apraiz (Geologoa)

Magmak, dentsitate txikia duenez, gora egiteko joera du. Igo ahala, azaleko arroka zurrunak hausten ditu, eta lurrikarak sortzen dira. «Horregatik, duela bospasei urte lurrikarak izan ziren, baina 80-100 kilometroko sakoneran; horrek esan nahi du magma urrun dagoela». Aurten, ordea, lurrikarak 20-10 kilometroko sakoneran izan dira, eta magmak gorako bidea hartua zuela ohartarazi zuen horrek. Azaletik gertu arrakalak sortzean, magmak gora egiten du, eta erupzioak sortzen dira.


Sumendi mota bat baino gehiago dago, eta erupzioa ere ez da beti berdin gertatzen. Etna sumendia (Italia), adibidez, berriki piztu da berriz, eta hark beti zulo beretik isurtzen du laba. Zuloa beti zabalik mantentzen bada, magmak erraza izanen du hortik ateratzea. La Palman, aitzitik, ez da horrela: isurgune bat baino gehiago ditu, eta arrakalak. «Azala hamar edo hamasei zentimetro konkortu closeTolestu.zen, azpiko magmaren bultzadarengatik; gauza zurrun bat konkortzen duzunean, arrakalak sortzen dira», azaldu du geologoak. Magmak erraza duen tokietan egiten dira arrakalak; beraz, aho bat baino gehiago sor daitezke. «Horren problema da ez dakizula non hasiko den magma isurtzen». Zuloa sortutakoan, maldan behera abiatzen da laba, eta aurrean duen guzia suntsitzen du.

Hala ere, La Palmakoa erupzio «lasaia» dela azaldu du Apraizek, nahiz eta etxe ugari eta lur hektarea asko hondatu. «Badaude batzuk askoz ere leherkorragoak direnak, magma isurkorragoa dutenak, eta askoz ere hodei toxiko eta beroagoa sortzen dutenak». Laba motel mugitzen da, eta, beraz, jendearen bizitza ez da arriskuan; jendearen etxebizitzak, lursailak eta bestelako jabetzak, berriz, bai. Izan ere, ezin da deus egin labaren ibilbideari aurre egiteko. 

«Badaude batzuk askoz ere leherkorragoak direnak, magma isurkorragoa dutenak, eta askoz ere hodei toxiko eta beroagoa sortzen dutenak».

Arturo Apraiz (Geologoa)

Denborarekin eta higadurarekin, arroka gastatu egingo da, lurzorua sortuko da, eta bertatik, landaredia. «Azkenengo erupzioa duela 50 urte izan zen, eta haren gainean landaredia dago gaur egun». Uhartea bera ere aldatuko da zertxobait, baina ez sobera. «Bota dituen laba tona guztiak hor geratuko dira; itsasora iritsita, posible da uhartearen tamaina apur bat handitzea».


Kontuan izan behar da labak elementu kutsagarriak dituela, eta ura ukituz gero askatu eta atmosferara pasa daitezkeela. Hori da laba itsasoraino ailegatzearen ondorio kezkagarrienetako bat. «Baina elementu horiek astiro sortuko dira, eta atmosferan, haizearekin, berehala sakabanatuko dira. Orduan, printzipioz, ez dago arazorik bertan harrapatzen ez bazaitu». 

Euri azidoa edo berotegi efektua ere sor ditzake prozesu horrek, baina Apraizek uste du oraingoan ez dela arazo hori izanen, nahiz eta sumendiak sufre azido eta CO2 ugari isuri. 

Erupzio leherkorragoak daudenean, hodei goria izaten da sor daitezkeen arazo nagusietako bat. Laino baten modukoa da, lurrari atxikia, baina haizeak mugitu dezakeena. «Hodei hori oso bero egon daiteke, 600-700 graduan, eta haizeak mugitzen badu, orduko 40 edo 50 kilometroko abiaduran, horrek kalte pertsonal izugarri handiak sor ditzake», kontatu du Apraizek. Horixe gertatu zen Ponpeia herrian Vesuvio sumendiarekin. 79. urtean izan zen: eztandaren ondoren sortutako errautsezko hodei beroa Ponpeiatik pasatu zen, eta dena erre zuen, herritarrak lo ziren bitartean.

Jatorrizko artikuluak