Erraietatik jauzi da

Lurra etengabe mugimenduan dago, eta horren ondorioetako bat dira sumendien erupzioak. Kanariakoak uharte bolkanikoak dira, erupzioek sortutakoak. Laba zenbait ahotatik atera da, eta itsasorako bidea hartu.

Erupzioa. La Palmako Cumbre Vieja sumendia erupzioan. MIGUEL CALERO / EFE.
Iker Tubia.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Lurrikarek eman zuten abisua lehenbizi, eta erupzioa etorri zen gero. Igandeaz geroztik Kanaria uharteetako La Palman (Espainia) Cumbre Vieja sumendia laba isurtzen ari da, eta aurrera doa parean duen guzia irentsi eta suntsituz. Copernicus Europako Batasuneko Lurraren Behaketa Programaren arabera, 350 eraikin suntsitu ditu labak, eta 166,2 hektarea hartu. Itsasora noiz ailegatu zain daude orain, horrek sortu ditzakeen arazoek kezkaturik.

Kanariakoak uharte bolkanikoak dira; historian zehar gertatu diren erupzioek osatu dituzte. Beraz, ez da harritzekoa egun hauetan han gertatzen ari dena. Arturo Apraiz geologoak eman du azalpena: «Lurra etengabe mugitzen ari da, eta, hain justu, Kanaria uharteen azpian bada mugimendu horiengatik beroa pilatzen duen eremu bat. Azaleko geruza zurrunaren azpitik pilatzen da beroa, eta momentu batean inguruko arrokak urtzen ditu: orduan sortzen da magma sakonera handian, 150-200 kilometrora».

Magmak dentsitate txikia duenez, gora egiteko joera du. Igo ahala, azaleko arroka zurrunak hausten ditu, eta lurrikarak sortzen dira. «Horregatik duela bospasei urte lurrikarak izan ziren, baina 80-100 kilometroko sakonerara; horrek esan nahi du magma urrun dagoela». Aurten lurrikarak 20-10 kilometroko sakoneran izan dira, magmak gorako bidea hartua zuela ohartaraziz. Azaletik gertu arrakalak sortzean, magmak gora egiten du, eta erupzioak sortzen dira.

Sumendi mota diferenteak daude, eta erupzioa ere ez da beti berdin gertatzen. Berriki berriz piztu den Etna sumendiak, adibidez, beti zulo beretik isurtzen du laba. Zuloa beti zabalik mantentzen bada, magmak erraztasuna izanen du hortik ateratzeko. La Palman, aitzitik, ez da horrela: kasu horretan sumendiak bederatzi isurgune ditu, horietako lau aktiboak, eta pitzadura bakar bat.

«Azala hamar edo hamasei zentimetro konkortu zen, azpiko magmaren bultzadarengatik; gauza zurrun bat konkortzen duzunean, arrakalak sortzen dira», azaldu du geologoak. Magmak erraztasuna duen tokietan egiten dira arrakalak; beraz, aho bat baino gehiago sor daitezke. «Horren problema da ez dakizula non hasiko den magma isurtzen». Zuloa sortutakoan, maldan behera abiatzen da laba, aurrean duen guzia suntsituz.

Itsasorako bidean, motel

Sumendi bat erupzioan hasten denean, kalteei erreparatu behar izaten zaie. La Palmakoa erupzio «lasaia» dela azaldu du Apraizek. «Askoz ere leherkorragoak, magma isurkorragoa dutenak, eta askoz ere hodei toxiko eta berosortzen dutenak badaude». Laba motel mugitzen da; hasieran, orduko 300-400 metroko abiaduran; orain, orduko lau metro. Beraz, pertsonen bizitzak ez dira arriskuan. Bai, ordea, pertsona horien etxebizitzak, lursailak eta bestelako jabetzak. Izan ere, ezin da deus egin labaren ibilbidearen aurrean.

Eta zer gertatzen da laba itsasora ailegatzen bada? Oraindik ez dakite itsasoratuko ote den, baina gerta liteke, noski, beherako bidean jarraitzen duen heinean. Apraizek uste du tsunami bat gertatzea «ezinezkoa» dela, labaren abiadura motela baita. Kontuan izan behar da labak elementu kutsagarriak dituela, eta urarekin kontaktuan elementu horiek askatu daitezkeela eta atmosferara pasatu. «Baina elementu horiek astiro sortuko dira, eta atmosferan haizearekin berehala sakabanatuko dira. Orduan, printzipioz, ez dago arazorik bertan harrapatzen ez bazaitu».

Euri azidoa edo berotegi efektua ere sor ditzake prozesu horrek, baina Apraizek uste du kasu honetan ez dela arazo hori izanen, nahiz eta sumendiak sufre azido eta CO2 kantitate handiak isuri. Bitxikeria bat aipatu du: askok esaten dute Frantziako Iraultza sumendi batek lehertu zuela. «Islandiako sumendi batek isuritako errautsen ondorioz, Frantziako hiruzpalau urteko uzta galdu zen. Uztarik gabe ezin ziren zergak ordaindu, egonezina piztu zen, eta batzuek diote hori izan zela iraultza pizteko arrazoietako bat».

Lurrera itzulita, zer pasatuko da labak irentsitako lurrekin? Denborarekin eta higadurarekin arroka gastatuko da, sortuko da lurzorua, eta bertatik landaredia. «Azkenengo erupzioa duela 50 urte izan zen, eta haren gainean landaredia dago gaur egun». Uhartea bera ere aldatuko da zertxobait, baina ez sobera. «Bota dituen laba tona guztiak hor geratuko dira; itsasora iristen bada, posible da uharteak tamaina apur bat irabaztea».

Gaur egungo teknologia eta jakintzekin, sumendiak aise monitorizatu daitezke; modu horretan, egun batzuetako tartearekin jakin liteke magma noiz kanporatuko den. «Egun, sumendien erupzioak nahiko ondo aurreikusi daitezke; lurrikarak, berriz, ez», zehaztu du Apraizek.

Ponpeia erraustu zenekoa

Erupzio leherkorragoak daudenean, hodei goria izaten da sor daitekeen arazo nagusietako bat. Laino baten modukoa da, lurrari atxikia, baina haizeak mugitu dezakeena. «Hodei hori oso bero egon daiteke, 600-700 gradutan, eta haizeak mugitzen badu, orduko 40 edo 50 kilometroko abiaduran, horrek kalte pertsonal izugarri handiak sor ditzake», kontatu du Apraizek. Hori da Ponpeia herrian gertatu zena Vesuvio sumendiarekin. 79. urtean izan zen: eztandaren ondoren sortutako errautsezko hodei beroa Ponpeiatik pasa, eta dena erre zuen, herritarrak lo ziren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.