Pinporten atzeko ezkutuko lana

  • Albistea entzun

Milagarren zenbakia argitaratu du maiatzaren 28an 'Mantangorri'-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, eta festa batekin ospatu dute, Txillida Lekun.

Bertako langile izandakoek eta gaur egun bertan dabiltzanek, atzera begira jarrita, maitasunez hitz egiten dute egunkariko «kuttunaz».

Mantangorri-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, 2003ko ekainaren 28an egin zuen lehenengoz hegan kioskoetara eta etxeetako buzoietara; hain zuzen, BERRIA jaio eta astebetera. Ez zen hutsetik hasi, ordea: Mantangorri aireratzerako, Xingola-k ibilbide oparoa egina zuen Euskaldunon Egunkaria-n haurrentzat, eta kolaboratzaile sare handi bat zeukan inguruan.

Egunkaria-ren itxierak eten zuen Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak Xingola-n izandako ibilbidea ere. Osaba Bin Floren izeneko ipuina atalka argitaratzen ari ziren Xingola-n, eta ipuinaren zati bat argitaratuta zegoela itxi zuten Egunkaria: «Itxierarekin sututa, nik esan nuen: ez dakit nola, baina nik hau bukatu behar dut. Mantangorri-rako deitu zidaten, eta, dudarik gabe, baietz esan nuen». Gero, liburu bilakatu ziren Osaba Bin Floren-en abenturak, eta Euskadi literatur saria irabazi zuen. Beste hainbat kontu ere idatzi ditu gehigarrirako: Zaldun beltzak ipuina -hura ere liburura eraman zuten gero-, eta munduko sukaldaritzari buruzko istorioak, esate baterako. 

 «'Egunkaria'-ren itxierarekin sututa, nik esan nuen: ez dakit nola, baina nik hau bukatu behar dut. Mantangorri-rako deitu zidaten, eta, dudarik gabe, baietz esan nuen». 

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' (idazlea)

Kolaboratzaile sorta zabala

Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak eman zion itxura gona gorriari, pinportazcloseGauza borobil eta txikia. betez astekariaren irudia. Mantangorri-ren orrialdeetan segitzen du Mattinek orain ere, Belardo-ren komikiekin azken orrialdea alaitzen. 

Mugaritz jatetxearekin, adibidez, hilean behin kolaborazio berezi bat egin zuten, haurrekin hango sukaldeetara joanda. Ondo gogoan du Nagore Etxeberriak, Mantangorri-ren koordinatzaile ohiak: «Mugaritz bezalako ospe eta izen handiko jatetxe batean sukalderaino sartu, eta han joaten ginen sekulako kuadrilla: argazkilaria, ez dakit zenbat haur, aldiro batzuk, eta ni... guretzat, sekulako ohorea izan zen». Ondo gogoan du Maixa Olanok ere, BERRIAko diseinu arduradunak: «Material oso polita iristen zen; umeak hor, saltsan, kazolekin eta...». 

«Mugaritz bezalako ospe eta izen handiko jatetxe batean sukalderaino sartu, eta han joaten ginen sekulako kuadrilla». 

Nagore Etxeberria ('Mantangorri'-ren koordinatzaile ohia)

Mantangorri-ren beste ezaugarrietako bat da ikastetxeen eta haurren parte hartzea bultzatzea, gehigarrian leku bat izan dezaten. Esate baterako, ikastetxeetan, beren herrien deskribapena egiten zuten, Etxeberriak gogoratu duenez: «Gure asmoa zen talde lana bultzatzea, eskola garaian taldean eginez idazlantxo bat eginaraziz haien herriari buruz. Mapan kokatzen genuen herria, eta, gero, kontatzen zutena jarri». 

Komunitate bat sortu dute Mantangorri-ren bueltan modu batera edo bestera parte hartu dutenekin. Horren erakusgarri dira zorion agurrak ere; ibilbide luzea egin dute, astero-astero senide eta lagunak zoriontzeko aukera ematen baitute.

Jatorrizko artikuluak