Mantangorri

Pinporten atzeko ezkutuko lana

1000. zenbakia argitaratuko du gaur zortzi 'Mantangorri'-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, eta festa batekin ospatuko dute, Txillida Lekun. Bertako langile izandakoek eta gaur egun bertan dabiltzanek, atzera begira jarrita, maitasunez hitz egiten dute egunkariko «kuttunaz».

ane insausti barandiaran
Andoain
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Zenbaki borobila da 1.000; jende askok urte askoan egindako lana du atzean; sarri, isilpean egindakoa. 2003ko ekainaren 28an egin zuen Mantangorri-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, lehenengoz hegan kioskoetara eta etxeetako buzoietara; hain zuzen, BERRIA jaio eta astebetera. Ez zen hutsetik hasi, ordea: Mantangorri aireratzerako, Xingola-k ibilbide oparoa egina zuen, Euskaldunon Egunkaria-n haurrentzat, eta kolaboratzaile sare handi bat zeukan inguruan.


Milaka istorio daude Mantangorri-ren 1000. zenbakiaren atzean. Horiek gogoratzeko, mahaiaren bueltan bildu dira hainbat urtetan horretan lanean aritutakoak: Nagore Etxeberria, Mantangorri-ren koordinatzaile ohia, Kaiet Bengoetxea ilustratzailea, Maixa Olano eta Olatz Muñoa diseinatzaileak eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea. Elkarrekin lan egin izanaren konfiantza nabaritzen zaie, eta denborak lanbrotutako oroitzapenak birsortzen dituzte norbait hari mutur bati tiraka hasi orduko. Haiek dira, beste batzuekin batera, Mantangorri-ren antena, hego eta pinportak; haiek, hemeretzi urtez, gehigarriari izena eta izana eman diotenak.

Abiapuntua izan du hizpide Nagore Etxeberriak, 2018ra arte gehigarriko koordinatzailea izandakoak: «Azkenean, aurretik geneukan eskema errepikatu genuen. Hilabete gutxiko kontua izan zen Egunkaria itxi zutenetik berriro sortzea; beraz, kolaboratzaileak mantendu genituen».

Kaiet Bengoetxea izan zen kolaboratzaile horietako bat. Guztira, 22 urte daramatza Xingola-tik Mantangorri-ra haurrentzako gehigarrirako denbora-pasak eta ilustrazioak egiten: «Ni Xingola-n hasi nintzen Ipurbeltz-era bidali nuelako komikiren bat; Egunkaria-koek norbait behar zutenez, hori ikusita deitu nindutela uste dut, 1999ko irailean; gero, Mantangorri-n zuzenean sartu nintzen, itxieraren ondoren. Beti gogoratzen naiz, nire urtebetetzea ekainaren 21ean delako. Orduan irten zen BERRIA. Mantangorri hurrengo astean izan zen, 28an».

Egunkaria-ren itxierak eten zuen Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak Xingola-n izandako ibilbidea ere. Osaba Bin Floren izeneko ipuina atalka argitaratzen ari ziren Xingola-n, eta ipuinaren zati bat argitaratuta zegoela itxi zuten Egunkaria: «Itxierarekin sututa, nik esan nuen: ez dakit nola, baina nik hau bukatu behar dut. Mantangorri-rako deitu zidaten, eta, dudarik gabe, baietz esan nuen». Gero, liburu bilakatu ziren Osaba Bin Floren-en abenturak, eta Euskadi Literatur Saria irabazi zuen. Beste hainbat kontu ere idatzi ditu gehigarrirako: Zaldun beltzak ipuina -hura ere liburura eraman zuten gero-, eta munduko sukaldaritzari buruzko istorioak, esate baterako.

Lehengaiak bazeuden, hortaz, haurrentzako gehigarriarekin jarraitzeko. Baina aldaketak ere egin zituzten, diseinuari lotutakoak, batik bat: «Diseinukoentzat izan zen lan handiagoa, aldatu behar izan zutelako, eta logoa...», azaldu du Etxeberriak. Hain zuzen, Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak eman zion gona gorriari itxura, pinportaz betez astekariaren irudia. Mantangorri-ren orrialdeetan dirau Mattinek gaur egun ere, Belardo-ren komikiekin azken orrialdea alaitzen.

Kolaboratzaile sorta

Ordutik, hamaika atal eta tarte izan ditu Mantangorri-k, sarri eragile eta norbanakoekin elkarlanean eginak. Mugaritz jatetxearekin, adibidez, hilean behin kolaborazio berezi bat egin zuten, haurrekin hango sukaldeetara joanda. Ondo gogoan du Etxeberriak: «Mugaritz bezalako ospe eta izen handiko jatetxe batean sukalderaino sartu, eta han joaten ginen sekulako kuadrilla: argazkilaria, ez dakit zenbat haur, aldiro desberdinak, eta ni... guretzat, sekulako ohorea izan zen». Ondo gogoan du Maixa Olanok ere, BERRIAko diseinu arduradunak: «Material oso polita iristen zen; umeak hor, saltsan, kazolekin eta...». Oso eskertuta mintzatu da Etxeberria: «Sekulako pazientzia izaten zuten beren sukaldean; egunero erabiltzen zuten sukalde horretan ibiltzen ginen saltsan». Euskal Herriko produktuak, munduko sukaldaritzako kontuak, errezetak eta beste hainbat kontu ezagutarazi zituzten.

Mantangorri-ren beste ezaugarrietako bat da ikastetxeen eta haurren parte hartzea bultzatzea, gehigarrian leku bat izan dezaten. Esate baterako, ikastetxeetan, haien herrien deskribapena egiten zuten, Etxeberriak gogoratu duenez: «Gure asmoa zen talde lana bultzatzea, eskola garaian taldean eginez idazlantxo bat haien herriari buruz. Mapan kokatzen genuen herria, eta, gero, kontatzen zutena jarri». Egindako lanen erakusleiho ziren, beraz, gehigarriaren orrialdeak.

Hizkuntza ohiturak eta irakurzaletasuna sustatzeaz gain, hori izan baita hasieratik Mantangorri-ren helburua: erabilgarria izatea. «Mantangorri erabiltzeko tresna bat izatea nahi genuen. Eskoletan eta etxean haurrek izateko astero haien astekaritxoa. Haiek egindako lanak ikustea, marrazkiak zein idazlanak», azaldu du Etxeberriak.

Eta baita lortu ere. Komunitate bat sortu dute Mantangorri-ren bueltan modu batera edo bestera parte hartu dutenekin. Horren erakusle dira zorion agurrak ere; ibilbide luzea egin dute, astero-astero senide eta lagunak zoriontzeko aukera emanez: «Gure bilobak ere ateratzen dira, hori sakratua da! Joan den astean agertu zen; 4 urte!», esan du Txilikuk.Eta, alderantziz, Mantangorri-ko orrialdeetan agertutako kontuek egin izan dute kalera jauzi. Euskoman komikiak, adibidez, Bengoetxeak gogoratu duenez: «Ume bi, uste dut Oñatikoak [Gipuzkoa] zirela, gure pertsonaiaz mozorrotu ziren. Sekulako ilusioa egin zigun!».

Haurrak ere, «munduari adi»

Gaur egun, Munduari adi ataleko erreportajeetan, aktualitateko gaiei heltzeko apustua egin dute,haurrek ulertzeko moduan azalduta, diseinu erakargarri batekin. «Kazetariek gaiak lantzen dituzte, eta ilustratzaileek irudia jarri; informazioaren labirintoan, haurrak joan daitezen informazioa jasotzeko ohitura hartuz, eta mamira joanez», esan du Olanok. Gainera, gehigarriko atal guztiak egoten dira gai berarekin lotuta: hasi azaletik, eta denbora-pasetaraino. Hala azaldu du OlatzMuñoa diseinatzaileak: «Txillardegirekin egin genuen, adibidez, Kaietek denbora-pasak harekin lotuta egin zituen, azala ere bai... horrela osotasun bat lortzen dugu, denak du lotura».

Horrez gain, berreskuratu dituzte duela urte batzuk hain arrakastatsuak izandako posterrak ere. Hilean behin, Euskal Herriko pertsona ezagun bati elkarrizketa egiten diote, eta Superposterra argitaratu, haren argazki batekin. Hala, euskal erreferenteak gehiago ezagutu eta deskubritzen dituzte. «Haien intereseko gauzak ematen badituzu, eskertuko dute», adierazi du Etxeberriak. Lehen, Antoine Griezmann futbolaria edo Ainere Tolosa aktorea ziren protagonistak; orain, Sua Enparantza aktorea edo Julio Soto bertsolaria; eta badaude errepikatu dutenak ere: Aitziber Garmendia aktorea eta Oinatz Bengoetxea pilotaria, esate baterako.

Dena den, aldaketak ere egin dituzte: edukiak eta lan egiteko modua aldatu dela asmatu dute langileek urtez urte. Hasi zirenean, paperean jasotzen baitzituzten kolaboratzaileen lanak, Muñoak oroitu duenez: «Kartulinan ekartzen zituzten ilustrazioak, eta gainean tipula papera izaten zuten, babesteko. Artelanak ziren. Orain, berriz, dena iristen zaigu digitalean». Hain zuzen, digitalaren erauntsian, paperaz gozatzeko aukera ematen du, Olanoren ustez: «Lanketa hori egiteko ere balio du: aukera daukagu paperean argitaratzeko, eta mihise bat da, azken batean. Guretzat, polita da ateratzea eguneroko egunkariko zutabe, modulu, eta abarretik». Horregatik da, besteak beste, Mantangorri diseinu taldekoen «kuttuna», jolasteko aukera ematen dielako.

Maitasunez mintzo dira gainerakoak ere. Txilikurentzat, obligazio bat zen, baina baita akuilu bat ere. «Hitza emana neukan, eta bukatu egin behar nuen lana». Bengoetxeari, berriz, txikitako ilusioa betetzeko aukera eman dio: «Mantangorri nire lanaren zati bat izan da; marraztea zen nire ilusioa, txikitatik, eta oso polita izan da bidea».

Jakin dute maitasun hori transmititzen, badagoelako Mantangorri-rekin hazi den belaunaldi bat. Bidean topo egin dute dagoeneko, Muñoak kontatu duenez: «Hemendik umetan zorion agurretan atera ziren kazetari batzuk pasatu dira. Gogoan dut mutil bat, lanean hasita zegoena. 19 urte, pentsa! Bera lotsatuta! Zenbat belaunaldi pasatu diren....». Belaunaldi berriak informatu eta egunkarira gerturatzen jarraituko du, zenbakiz zenbaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.