Albistea entzun

'Mantangorritu' egin dira denak

'Mantangorri', BERRIAren haur eta gaztetxoentzako gehigarria, 1.000. zenbakira iritsi da. Irakurle, zale, arduradun eta kolaboratzaileek elkarrekin ospatu dute zenbaki borobila festa batean, Txillida Leku museoan. Bideoa, albistearen barruan.

<b>Ilusioa. </b><em>Mantangorri</em>-ren zaleak, txapak jartzen.
Ilusioa. Mantangorri-ren zaleak, txapak jartzen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko maiatzak 29 - Hernani

Pinporta beltz eta gona gorridunak dira batzuk. Begirada biziak eta jakin-minez betetako galderak dituzte beste batzuek. Badira orgatxoei tiraka doazenak, eta fardelak belazean aldatzen dituztenak. Eta badira talde hura zer hizkuntzatan mintzo ote den galdetzen dutenak. Mantangorrien nahas-mahas eder bat bihurtu da Txillida Leku. Topaleku ezohiko bat. Aspaldiko ezagunen eta ezezagun ezagutu berrien juntadizo bat. Komunitate bati diosala, eta jarduteko modu bati aitortza. Mantangorri 1.000. zenbakira iritsi da. Ospakizun bat da, eta aitzakia bat da: Mantangorritu egin dira denak.

 

Txillida Lekuko (Hernani, Gipuzkoa) sarreran bada mugimendua. Antolatzaileek, egungo arduradunek eta arduradun izandakoek arrazoitu ezin duten urduritasun puntu bat dute. «Beti esaten dut nik bi haur dauzkadala, eta hirugarrena Mantangorri dela», esan du Nagore Etxeberriak, urteetan gehigarriaren koordinatzaile izandakoak.

Diseinu taldekoek ez dute hutsik egin. Beren «kuttunaren» zaintzara joan dira. Martin Bertsok eta Tiritatxok egin diete harrera joandako guztiei. Haren irrintzi batek abiatu du festa.«Zorionak, Mantangorri!», esanez sartu da taldea txaloka. Badute non aukeratua. Ekitaldi bakoitzak kolore bat du, eta norberak aukeratu duen ekitaldiaren arabera darama mantangorridun txapa koloretsu bat soinean.

Juan Kruz Igerabide, eta Ameli eta Xirrikituen Jostunek izan dira ipuin kontalari, eta Ainara Azpiazu Axpi eta Aitziber Alonso ilustratzaile, Pilar aretoan. Hormetan zintzilik, dozenaka marrazki eta zorion agur. «Sorreratik erreparatu diogu Mantangorri-ri. Alabarekin eta haren lagunarekin etorri naiz. 17 eta 19 urte dituzte. Desgaitasuna dute Alaitzek eta Elenak. Oso zaleak dira biak. Zoragarria da gehigarriaren lana, eta sormenaren bueltan antolatutako festa hau, kultura erakuste hau», azaldu du Felix Etxabe donostiarrak.

Birigarroak, zozoak eta eskinosoak ari dira belazean larrean. Ez ote dute mantangorririk topatuko belar artean. Paregabea da ingurua. Norak abiatu du bisita gidatua: «Txillidak amets bat zuen: bere lanak elkarrizketa jartzea espazio berean, berak aukeratutako tokietan hizketan». Artistari buruzko azalpenak, eskulturen inguruko jolasak, eta sormenari buruzko hausnarketak. Hori ere bada Mantangorri.

Ikusi gehiago: Argazki bilduma

Eta hala berretsi du artistaren bilobak, Mikel Txillidak. Katalina alabarekin joan da ospakizunera; txapa mantangorriduna darama soinean, eta kontatu du nola dauzkaten jarrita kafetegian Txillida Lekuri buruz bere garaian Mantangorri-k egindako aleak. «Lankidetzan ari gara aspaldian BERRIArekin eta Mantangorri-rekin, elkar laguntzen eta kulturaren bidez gure identitatea eraikitzen. Giro horretatik sortu zen festa hemen egiteko ideia. Egia esan, plan perfektua da. Museo irekia da, zabala, umeei lasai ibiltzeko aukera ematen diena. Poza ematen du horrenbeste haur hau guztia esploratzen ikusteak».

Haurrak ari dira esploratzaile lanetan, baina baita helduak ere. Ospakizuna aitzakia ederra izan da askorentzat museoa eta inguruak ezagutzeko. Orgatxoari helduta dabil hara eta hona Imanol Ubeda. Joanes eta Nikole hartuta joan dira ospakizunera. Aitortu du lehendik ere ezagutzen zuela gehigarria, baina umeen bidez ari dela orain gehiago ezagutzen: «Niretzat Mantangorri Belardo izan da beti, Mattinen lanari jarraitu izan diodalako. Orain, ikusten dut da gaitegia aldatu dela eta aktualitateko gaiak ere lantzen dituztela. Lortu dutena da helduentzako egunkari bat egitea, baina haurrentzako beste bat ere bai».

Ikusi gehiago: 'Mantangorrik, 1.000'm eskaintza berezia: BERRIAren asteburuko harpidetza sei hilabetez, 50 euroan

Zabalaga baserrian dago jarrita photocall gunea. Goiz osoan ari da handik jendea pasatzen. Baserri barruan, eskulturekin nahasian eta elkarrizketan, Meri, Mari eta Lari ikuskizuna, eta Asier Kidam magoa. «Gure Zirkuan lan egin nuen garaian ezagutu nuen Mantangorri. Oso ekinbide interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zait. Magia ikuskizunak eta bestelako emanaldiak hainbat daude, baina haurrek euskaraz irakurtzeko moduko gehigarririk, apenas. Merezi zuen ospatzea, non eta agertoki honetan. Energia oso berezia dago hemen», azaldu du Asier Kidam magoak, bere ikuskizuna abiatu baino lehen.

Ekarpen hori nabarmendu dute gehienek. Unai Kortabarria eta Nagore Ruiz de Arbulo Hernanitik joan dira Ametz eta Leire seme-alabekin. «Aspalditik ezagutzen dugu Mantangorri, eta benetan interesgarria da kazetaritza haurrengana gerturatzeko egiten duten lana; are gehiago orain, dena digitalki iristen zaien garai hauetan», azpimarratu dute.

Ainhoa Agirreazaldegi «benetan eskertuta» dago Mantangorri-k egiten duen lanarekin. Eki eta Maddi seme-alabekin joan da ospakizunera. «Ez dut gure bizitza irudikatzen BERRIA eta Mantangorri gabe. Koloretsuagoa da», esan du. Eta aktualitateari lotutako gaien inguruan gaztetxoen gehigarriak egindako piezak nabarmendu ditu: «Ikastetxeetarako harpidetzak sustatu beharko lituzkete, eta ikastetxeek, egin».

Baserriko argazkia

Inoiz gehigarria koordinatu eta egindakoen bilgune ari da bihurtzen Zabalaga baserria. Nagore Etxeberria, Uxue Gutierrez, Lander Muñagorri, Maialen Unanue eta Nagore Rodriguez, besteak beste, aritutakoak dira langintza horretan. Ane Insausti egungo koordinatzailea ere orain ari da aurpegia jartzen kolaboratzaile askori. Patxi Zubizarreta idazlea agertu da, eta Kaiet Bengoetxea ilustratzailea ere bai. Diseinu taldeko Maixa Olano, Olatz Muñoa eta Maitena Ertetxek ez dute hutsik egin. Oihane Puertas Ramirez eta Miren Mujika Telleria kazetari gazteek ere ez. Elkar, Ttarttalo eta Urtxintxa argitaletxeetako ordezkariak ere han izan dira, besteak beste. Familia argazkiak inoiz baino gehiago hartu du zentzua izenez eta izatez.

Eta iritsi da festaren amaiera. Irrien Lagunak elkarteko kide Tiritatxok eta Martin Bertsok egin dute agur eta hurrengora arte esateko ekitaldia. Izan ere, pinporten katea ez da eten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©NASA/Johns Hopkins APL

Gauean ontzi kamikaze batekin joko dute asteroide bat, Lurra defendatzen ikasteko

Edu Lartzanguren

Historian lehen aldiz, gailu bat jaurtiko dute espazioko objektu baten kontra, hura desbideratzerik ote dagoen jakiteko. Lurretik 11 milioi kilometrora gertatuko da talka.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.
Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.