«Emakumeok goraka egiten ari gara aizkoran, baina behar adinako ikusgaitasunik gabe jarraitzen dugu»

Oihana Fernandez de Barrena Euskal Herriko aizkolari txapeldun berria da. Ametsa egia bihurtu du, baina tentsioa hobeto kontrolatzen ikasi behar du: "Oso erraz ateratzen naiz neure onetik".

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa irabazi berri du Oihana Fernandez de Barrenak (Heredia, Araba, 1999). Txapela etxean ikusita, poza sentitzen du, baina tristura ere gainetik kendu ezinda dabil. Ez da harritzekoa, polemikak gain hartu baitzion joan den abuztuaren 29an jokatu zen finalari. Txapeldunak hemeretzi minutu eta erdian amaitu zituen lanak, eta, denbora ofizialen arabera, ehunen baten aldea atera zion Nerea Arrutiri. Erabakia jakinarazteko, hamar minututik gora behar izan zituzten epaileek, eta, orain, erabakiarekin konforme ez, eta ez daudela ados agertu du publikoki Arrutik. 

Euskal Herriko txapeldun lehen aldiz izan, eta ezin behar bezala ospatu. Zer moduz zaude?

Triste eta penatuta, sortu den polemika dela eta. Finala oso estua izan zen, pare-parean heldu ginen bukaerara, baina epaileek niri eman zidaten garaipena. Denbora behar izan zuten irabazlearen izena jakinarazteko, eta tentsio handiko momentuak izan ziren. Plazan giro txarra sortu zen, eta nik irabazi nuela jakitean poza hartu nuen, baina aho zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Arrutik eta haren ingurukoek sare sozialetan publikatu dute ez daudela ados erabakiarekin, eta horrek pena eman dit. Txapeldun ni izendatu baninduten, zerbaitegatik izendatu ninduten. Nik ez dut gertatu zenaren inongo errurik.

Nola bizi izan zenuen barrutik finala?

Gorputzez ondo sentitu nintzen hasieratik, baina lan erdietatik aurrera urduri jarri nintzen. Ikusteko, lehia polita izan zen, baina barrutik bizitzeko, ez hainbeste. Azken aizkorakada jotzean txapeldun sentitu nintzen, eta konbentzituta nengoen irabazi egin nuela, eta orduantxe bikotekideak esan zidan ez zekitela nork irabazi zuen txapela. Blokeatuta geratu nintzen. Itxaronaldia luzea izan zen.

Gorabeheraren bat izan zenuen azken aizkorakadarekin. Zer gertatu zen?

Lehen enborra ebaki gabe utzi nuela, aizkorakada baten faltan. Gerora nire lanean kontzentratu nintzen, eta erabaki nuen aizkorakada hori azkenerako uztea. Nahiago nuen lehenbizi beste enborrak ebaki, baina epaileak aldiro gogorarazten zidan lanak amaitu gabe utzi nituela lehen enborrean. Horrek nire onetik atera ninduen. Bukaeran, korrika joan nintzen lehen enbor horretara, eta amaitu nituen lanak. Huts hori egin izan ez banu, ez zen polemikarik sortuko, lehenago amaituko bainituen lanak. Hurrengorako ikasi dut, eta ez dut berriro halakorik egingo.

Elkarrizketa askotan esaten zenuen hauxe zela zure ametsa: Euskal Herriko txapeldun izatea.

Bai, baina zintzoki diot ez nuela inondik espero txapela janztea. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak hiru aste lehenago jakinarazi zigun finala noiz izango zen, eta nik dagoeneko bidaia bat hartua nuen lagunekin, Maurizio uharteetara. Zalantza askoren ondoren, joatea erabaki nuen, baina finala burutik kendu ezinda igaro nuen oporraldia. Elikadura asko zaindu nuen, eta hango espeziak eta abar saihestuz ibili nintzen erabat. Hegaldiak ere luzeak izan ziren, eta autoan egindako orduak ere bai. Oporralditik bueltan, bi saio egin nituen aizkoran finalaren aurretik, baina ez nintzen bete-betean sentitzen. Ondorioz, ez nuen espero txapeldun izatea. Ea hurrengoan lehenago jakinarazten diguten noiz izango den.

Iazko abendura arte ez zeunden aizkolari onenen artean. Mugarria izan al zen Donostiako Urrezko Kopan egindakoa?

Bai, egun hori oso garrantzitsua da nire kirol ibilbidean. Final hori jokatzeko sailkatu ere ez nintzen egin, eta aizkora uzteko burutazioakclosepentsamenduak izan nituen. Azkenean, final hori jokatzeko aukera sortu zitzaidan, eta onenei irabazi nien. Gozamen hutsa izan zen egun horretan gertatu zitzaidan guztia. Txapel horrek neure buruarengan sinesteko motiboak eman zizkidan.

26 urte dituzu oraindik. Hobetzeko tarte handia al daukazu?

Bai, dudarik gabe. Entrenatzeko gogotsu nago, motibazio handiz. Egurrak ebakitzeko garaian hobetu beharra daukat teknikoki, baina batez ere tentsioa kontrolatzen ikasi behar dut. Oso erraz ateratzen naiz neure onetik. Gauza asko dira kudeatu beharrekoak: ingurukoen babesa, aurkariaren presioa… Aldagai closeFaktoreguztiak hobeto kudeatzen ikasi behar dut. Ilusioz nago aurrera egiteko, eta hurrengo helburu nagusia Donostiako Urrezko Kopa izango da berriro.

Aizkoran ere gero eta maila hobean ari zarete emakumeok. Nola ikusten duzu egoera?

Emakumeok goraka egiten ari gara aizkoran, baina behar adinako ikusgaitasunik gabe jarraitzen dugu. Finalean, ETBko kamera bakarra egon zen, eta, oro har, prentsak ez zigun kasu handirik egin. Indarra hartzen ari gara, baina triste gaude oraindik bide luzea daukagulako jorratzeko.