Euskal Herriko aizkolari txapelduna

Oihana Fernandez de Barrena: «Polemika dagoen arren, nik ez dut gertatu zenaren errurik»

Euskal Herriko txapela irabazi du arabarrak, bere kirol ibilbidean lehen aldiz. Ametsa egia bihurtu du, baina zapore gazi-gozoa dauka, polemikak zikindu baitu finala. Gertatua ahaztu, eta hobetzen jarraitzea eta plazetan gozatzea du helburu.

Oihana Fernandez de Barrena aizkolaria. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Oihanan Fernandez de Barrena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon eskudero
2026ko irailaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa irabazi berritan, sentimendu nahasiak ditu Oihana Fernandez de Barrenak (Heredia, Araba, 1999). Txapela etxean ikusita, poza sentitzen du, baina tristura ere gainetik kendu ezinda dabil. Ez da harritzekoa, polemikak gain hartu baitzion joan den larunbatean Berriozarren (Nafarroa) jokatu zen finalari. Txapeldunak hemeretzi minutu eta erdian amaitu zituen lanak, eta, denbora ofizialen arabera, ehunen baten aldea atera zion Nerea Arruti bigarren sailkatuari. Erabakia jakinarazteko, hamar minututik gora behar izan zituzten epaileek, eta, orain, erabakiarekin konforme ez, eta ez daudela ados agertu dute publikoki Arrutik eta haren ingurukoek. Dena den, badirudi erabakiak ez duela atzera-bueltarik.

Euskal Herriko txapeldun lehen aldiz izan, eta ezin behar bezala ospatu. Zer moduz zaude?

Triste eta penatuta, sortu den polemika dela eta. Finala oso estua izan zen, pare-parean heldu ginen bukaerara Arruti eta biok, eta epaileek niri eman zidaten garaipena. Denbora behar izan zuten irabazlearen izena jakinarazteko, eta tentsio handiko momentuak izan ziren. Plazan giro txarra sortu zen, eta nik irabazi nuela jakitean poza hartu nuen, baina aho zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Orain, egun batzuetara, Arrutik eta haren ingurukoek sare sozialetan publikatu dute ez daudela ados erabakiarekin, eta horrek pena eman dit. Txapeldun ni izendatu baninduten, zerbaitegatik izendatu ninduten. Dena den, nik ez dut gertatu zenaren inongo errurik.

Txapela kenduko ote dizuten arriskurik ba al dago?

Ez dut uste, adituek esan didatenez, final ondoreneko akta sinatu baikenuen aizkolari guztiok. Horrek lasaitasuna ematen dit, baina barruan daukadan mina ez dit arintzen. Pena handia ematen dit horrela irabazi izanak. Egun gogorrak bizitzen ari naiz, baina saiatuko naiz honetatik ere ikasten eta egoerari buelta ematen. Plazak elkartuko gaitu berriro aizkolari guztiok.

«Egun gogorrak bizitzen ari naiz, baina saiatuko naiz honetatik ere ikasten eta egoerari buelta ematen. Plazak elkartuko gaitu berriro aizkolari guztiok»

Lan erdietan aurretik izan zinen, baina bukaeran gerturatu egin zitzaizun Arruti. Nola bizi izan zenuen barrutik finala?

Gorputzez ondo sentitu nintzen hasieratik, baina lan erdietatik aurrera urduri jarri nintzen, eta harrapatu egin ninduen. Ikusteko, lehia polita izan zen, baina barrutik bizitzeko, ez hainbeste. Azken aizkorakada jotzean txapeldun sentitu nintzen, eta konbentzituta nengoen irabazi egin nuela. Dena den, urduritasuna nabaritzen nuen publikoaren artean, eta orduantxe bikotekideak esan zidan ez zekitela nork irabazi zuen txapela. Blokeatuta geratu nintzen. Itxaronaldia luzea izan zen, kezkati egon ginen Arruti eta biok, eta azkenean ni jo ninduten txapeldun.

Gorabeheraren bat izan zenuen azken aizkorakadarekin. Zer gertatu zen?

Lehen enborra ebaki gabe utzi nuela, aizkorakada baten faltan. Gerora nire lanean kontzentratu nintzen, eta erabaki nuen aizkorakada hori azkenerako uztea. Nahiago nuen lehenbizi beste enborrak ebaki, baina epaileak aldiro gogorarazten zidan lanak amaitu gabe utzi nituela lehen enborrean. Horrek nire onetik atera ninduen. Bukaeran, korrika joan nintzen lehen enbor horretara, eta amaitu nituen lanak. Huts hori egin izan ez banu, ez zen polemikarik sortuko, lehenago amaituko bainituen lanak. Hurrengorako ikasi dut, eta ez dut berriro halakorik egingo.

Hemeretzi minutu eta erdi behar izan zenituen. Pozik egindako lanarekin?

Bigarren erdian behera egin nuen, eta denbora hobea egin nezakeen, baina, halere, pozik nago egindako lanarekin. Arruti parean ikusita, izugarri estutu nuen neure burua, eta sufrimendua muturrerainokoa izan zen. Pentsa, orain erdi gaixo nago sufrimendu haren ondorioz. Egurrak ere ez ziren txarrak, baina onenak ere ez. Kontua da txapela nik jantzi nuela, eta horrek balio du. Jada zintzilik jarria daukat nire etxean.

Elkarrizketa askotan esaten zenuen hauxe zela zure ametsa: Euskal Herriko txapeldun izatea.

Bai, baina zintzoki diot ez nuela inondik espero txapela janztea. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak hiru aste lehenago jakinarazi zigun finalaren data, eta nik dagoeneko bidaia bat hartua nuen lagunekin, Maurizio uharteetara. Zalantza askoren ondoren, joatea erabaki nuen, baina finala burutik kendu ezinda igaro nuen oporraldia. Elikadura asko zaindu nuen, eta hango espeziak eta abar saihestuz ibili nintzen erabat. Hegaldiak ere luzeak izan ziren, eta autoan egindako orduak ere bai. Oporralditik bueltan, bi saio egin nituen aizkoran finalaren aurretik, baina ez nintzen bete-betean sentitzen. Ondorioz, ez nuen espero txapeldun izatea. Ea hurrengoan lehenago jakinarazten diguten noiz izango den.

Iazko abendura arte ez zeunden aizkolari onenen artean. Mugarria izan al zen Donostiako Urrezko Kopan egindakoa?

Bai, egun hori oso garrantzitsua da nire kirol ibilbidean. Final hori jokatzeko sailkatu ere ez nintzen egin, eta aizkora uzteko burutazioak izan nituen. Azkenean, final hori jokatzeko aukera sortu zitzaidan, eta onenei irabazi nien. Gozamen hutsa izan zen egun horretan gertatu zitzaidan guztia. Txapel horrek neure buruarengan sinesteko motiboak eman zizkidan.

26 urte dituzu oraindik. Hobetzeko tarte handia al daukazu?

Bai, dudarik gabe. Entrenatzeko gogotsu nago, motibazio handiz, eta sortu den polemika honek askorik ez eragitea espero dut. Egurrak ebakitzeko garaian hobetu beharra daukat teknikoki, baina batez ere tentsioa kontrolatzen ikasi behar dut. Oso erraz ateratzen naiz neure onetik. Gauza asko dira kudeatu beharrekoak: ingurukoen babesa, aurkariaren presioa… Aldagai guztiak hobeto kudeatzen ikasi behar dut. Ilusioz nago aurrera egiteko, eta hurrengo helburu nagusia Donostiako Urrezko Kopa izango da berriro.

«Egurrak ebakitzeko garaian hobetu beharra daukat teknikoki, baina batez ere tentsioa kontrolatzen ikasi behar dut. Oso erraz ateratzen naiz neure onetik»

Aurrerantzean, zu izango zara faboritoetako bat. Horrek eraginik izango al du zugan?

Errespetua ematen dit faborito izaerak, baina beldurrik ez. Nire kirol bizitzan askotan tokatu zait galtzea, eta ez diot beldurrik horri. Gozatzeko asmoz joango naiz plazetara.

Aizkoran ere gero eta maila hobean ari zarete emakumeok. Nola ikusten duzu egoera?

Egia da maila goraka egiten ari dela, baina behar adinako ikusgaitasunik gabe jarraitzen dugu. Finalean, ETBko kamera bakarra egon zen, eta, oro har, prentsak ez zigun kasu handirik egin. Indarra hartzen ari gara, baina triste gaude oraindik bide luzea daukagulako jorratzeko.

Arruti «amorratuta» epaileen lanarekin

Nerea Arruti kexu azaldu da larunbateko finalean epaileek egindako lanarekin. Urnietako aizkolariak bigarren amaitu zuen, Oihana Fernandez de Barrenarengandik ehunen batera. Epaileek hamar minutu behar izan zuten txapelduna nor izan zen erabakitzeko. «Gure lana epaileek epaitzen duten bezala, haien lana ere norbaitek berrikusi beharko luke, are gehiago urte guztian prestatzen ari zaren lehiaketan txapela jokatzen duzunean». Arrutik «ahalegin guztiak» egingo ditu gauzak argitzeko, eta jasotako babesa eskertu du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA