Sugeen mapa osatzen hasi da Aranzadi herritarren laguntzarekin

  • 282 hitz
  • Albistea entzun

Udaberriarekin batera, zulotik ateratzen hasi dira sugeak, eta etxe zulotik sugezainak. Izan ere, suge bat ikustean hari argazkia egiteko eta Twitterren bidez non ikusi duten kontatzeko eskatu die herritarrei Aranzadi zientzia elkarteak. Helburua da Euskal Herrian ikusitako sugeak sailkatzea eta mapa batean kokatzea.

Iñaki Sanz-Azkue herpetologoacloseNarrastiak eta anfibioak aztertzen dituen zientzialaria. 2020. urtean hasi zen Twitter bidez sugeen argazkiak jasotzen. «Konturatu ginen bazegoela hor jendea agian kalean naturarekiko interes handirik ez zuena, baina sakelako bat zuena eskuan eta suge bat topatu bezain pronto sare sozialetara igotzeko prest zegoena. Hasi ginen pentsatzen aipu horiek denak artxibatzeko moduren bat egin behar genuela», adierazi zion BERRIAri 2021ean.

Egitasmoak arrakasta handia izan du azken urteotan. 2021ean, esaterako, 170 bat herritarrek 334 mezu bidali zizkieten. Euskal Herrian dauden 11 suge espezieetatik hamar atzeman zituzten.

2021ean, Euskal Herrian dauden 11 suge espezieetatik hamar atzeman zituzten kanpaina honen bidez.

Herritarrek eginiko zientzian, hau da, zientziauzolanean, zientzialari profesional ez direnek hartzen dute parte. Askotan, gai baten inguruan zaletasuna edo jakin-mina daukan jendeak parte hartzen du horretan, baina berez edonork har dezake parte. Zientzia aldetik balio handiko datuak jasotzen dituzte zientzialariek herritarren ekarpenetik, bestela sekulako taldeak eta lan ordu asko eskatuko lituzkeen lan bat egiteko, edo, besterik gabe, gauzatu ezinezkoa litzatekeena.

Aurtengo lehen sugeak non ikusi dituzten erakusteko mapa. ARANZADI

#sugebizi traola erabili

Aranzadik emandako jarraibideen arabera, sugeak ezin dira ukitu edota hartu (hiltzea, ingurumen delitua litzateke). Herritarrari eskatzen diote sugea ikusiz gero, hari argazki bat egiten saiatzeko, ahalik eta argiena.

Argazkia egin ostean, lekuaren koordenatu geografikoak jasotzea eskatzen dute. Whatsapp, GPS nabigatzaileek eta beste hainbat aplikaziok aukera ematen dute norbera dagoen lekuaren kokapena markatzeko. Bestela, argazkiaren metadatuetan egoten da informazio hori, eta gero etxean atera daiteke (sakelakoan GPSa aktibatuta baldin badago, betiere).

Ondoren, argazkia argitaratu Twitterren, #sugebizi traola erabilita. Horren bidez, egitasmoaren bultzatzaileek jaso ahalko dute.

Aranzadikoek identifikatuko dute suge espeziea, eta erantzungo diote erabiltzaileari. Gainera, #sugezain titulua emango diote, ekarpena egiteagatik.

Aurten oraingoz ikusitako suge espezieekin osatutako grafikoa. ARANZADI

Jatorrizko artikuluak