BERRIAk adimen artifizialaren erabilera arautu du. Arduradunekin hala erabakitakoan baliatu ahalko da, baina betiere egunkariaren irizpideen eta kode deontologikoen barruan, eta ez du giza jarduna ordezkatuko. Estilo liburuan txertatu dute dekalogoa.
Adimen artifiziala sektore ugari eraldatzen ari da mundu osoan. Medikuntzatik eta industriatik hasi eta merkataritzarekin eta hezkuntzarekin bukatu, haren eragina ukaezina da, eta bilakaera, berriz, etengabea. Kazetaritza ere ez dago aldaketa bizkor horietatik aparte. Izan ere, adimen artifizialaren eztandak eztabaida etiko eta praktiko erabakigarria piztu du albisteak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko prozesuen inguruan, eta komunikabideek ahalik eta seriotasun eta ardura handienaz jorratu behar dute. Gogoeta eta egokitzapen garaiotan, BERRIAk, komunikabideen panoraman erreferente gisa duen zereginaz jabetuta, funtsezko urrats bat egin du: adimen artifiziala erabiltzeko berariazko closeAipatzen den helburuaz soilik edo bereziki egin dena, edo zerbaitetarako bereziki sortzen edo erabiltzen denairizpide deontologikocloseLanbide bati dagozkion eginbeharrez aritzeari dagokionaen dekalogo closeJarduera batean oinarrikotzat hartzen diren arauen zerrendabat sortu eta formalizatu du.
Irizpide horien lanketa ez da prozesu inprobisatu bat izan, antolakuntzaren barruan egindako gogoeta sakon eta iraunkor baten emaitza baizik. Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordeak nabarmendu du jarraibide horiek ez zituztela «egun batetik bestera» zehaztu. Egitasmoa duela urtebete inguru sortu zen, BERRIAren barruan diziplina anitzeko lantalde bat osatu zutenean, egunkariko hainbat arlotako arduradunekin. Talde horren eginkizuna argia zen: adimen artifizialaren erabilera arautzea. «Zer egin daitekeen, zer ez...». Lankidetza sare hori, hainbat ikuspegi eta sail biltzen dituena, funtsezkoa da zehaztutako irizpideak BERRIAko arlo guztietara zabaltzeko eta eguneroko lan erritmoaren konplexutasunera egokitzeko.
Goenagak gogorarazi du, halaber, badirela hilabete batzuk BERRIAk adimen artifiziala erabiltzen duela, modu esperimentalean eta kontrolatuan, «barne eragiketa batzuetarako». Horren adibide da edukiak etiketatzeko sistema. Azaldu duenez, testuetan identifikatzaile batzuk jartzen ditu adimen artifizialak, eta, gero, bilaketa egin daiteke etiketa horien bidez. «Lan hori iaz lortu genuen adimen artifizialarekin egitea; makinak egiten du». Aurretiko esperientzia horri esker, BERRIAk adimen artifizialaren ahalmenen berri izan du, eta, aldi berean, identifikatu du zer erronka etiko dauden tartean eta zein diren araudi zorrotzagoa eskatzen duten arloak. Lehen gizakien esku hartzea eskatzen zuten zenbait zeregin makinak automatikoki egin ahal izateak galderak sortzen ditu egiletzari, zehaztasunari eta egiaztapenari buruz.
«Ikusi genuen badagoela argitu beharreko korapilo bat. Zera esan genion geure buruari: 'BERRIAn etikoki kokatu behar dugu'».
Hala ere, adimen artifizialak kazetaritzan duen egitekoa zabalagoa da prozesuen automatizazio hutsa baino. «Ikusi genuen badagoela argitu beharreko korapilo bat», adierazi du Goenagak. Adimen artifizialak hankaz gora jar ditzake kazetaritza egiteko eta kontsumitzeko moduak, eta aurrea hartu behar zaio horri. «Zera esan genion geure buruari: 'BERRIAn etikoki kokatu behar dugu'». Adimen artifizialaren mugen eta aukeren inguruko gogoeta sakona eragin du horrek. Hala, helburutzat hartu zuten argitzea kazetaritza arloko ekoizpenetan zer egin daitekeen eta zer ez den egin behar adimen artifizialarekin. Gogoeta etiko horren pisua agerian uzten duen adibide bat jarri zuten mahai gainean, Goenagak gogoratu duenez: «Adibidez: giza sormena ordezka dezake adimen artifizialak? Egin dezagun gogoeta horren inguruan». Galdera hori funtsezkoa da, kazetaritza ez baita prozesu tekniko bat bakarrik: sorkuntza, interpretazio eta narrazio ekintza bat ere bada».
Ideiatik estilo liburura
Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunari eman zitzaion dekalogo proposamena lantzeko ardura. Oinarri sendo bat eraikitzeko, Arraratsek ikerketa konparatibo sakona egin zuen, adimen artifizialak sortzen dituen erronkei aurre egiten hasiak ziren beste komunikabide batzuen estilo liburuacloseEgunkarietan eta kidekoetan, testu bat idaztean aintzat hartu behar diren estilo eta hizkuntza arauak jasotzen dituen gidaliburuak eta kode etikoak aztertuz. Azterketa horri esker, BERRIAren testuinguru espezifikoan kontuan izan beharreko jardunbide egokiak eta puntu kritikoak bildu ahal izan zituen. Hasierako proposamena landu ondoren, erredakzio zuzendaritzaren esku uztea izan zen lehen urratsa, ziurtatzeko irizpideak koherenteak zirela ildo editorialacloseKomunikabide batek duen ideiek markatutako bidea, gehienetan, iritzi artikulu eta edukien aukeraketan islatzen denarekin eta komunikabidearen kazetaritza estandarrarekin. Horrez gain, adimen artifizialari buruzko lantaldeak ekarpenak egin zituen, eta, hala, lehenengo idatzia askotariko sailen ikuspegiekin aberastu. «Horrela erabaki dugu zein izango diren gure irizpideak adimen artifizialari dagokionez», azaldu du Goenagak. Lankidetza eta gogoeta prozesu horren emaitza da estilo liburuan txertatutako azken atala.
Dekalogo berriaren harira, elkarrizketa egin dio Kerman Garralda kazetariak Arraratsi:
Beharrezkoa da adimen artifizialaren erabilera arautzea?
Argi dago komunikabide serioek estrategia bat zehaztu behar dutela jakiteko nola jokatu adimen artifizialarekin: zertan erabiliko duten, noiz, zertarako... Funtsezkoa da hori. Izan ere, adimen artifiziala hemen dago, eta, halako ariketa bat egin ezean, nolanahi erabiliko dugu. Oso-oso arriskutsua litzateke hori kazetaritza onarentzat.
Izan da alarma piztu zuen kasurik?
Kontua da hemen dela adimen artifiziala, eta, poliki-poliki, BERRIA ere erabiltzen hasia zela gauza batzuetarako. Halako aukerak eta arriskuak dakartzanez, ordena jarri behar da, irizpide batzuk zehaztu. Gainera, aurretik argi eta garbi ezarrita dauzkagu gure irizpide deontologikoak eta periodistikoak. Jakinda zein den BERRIA taldearen helburu nagusia, horren zerbitzuan daude irizpide horiek, baita adimen artifizialari dagozkionak ere.
«BERRIAk oso garbi dauka kazetaritza hobea egiteko lagungarri bat izan behar duela adimen artifizialak»
Zer kasutan onartuko da adimen artifiziala erabiltzea?
BERRIAk oso garbi dauka kazetaritza hobea egiteko lagungarri bat izan behar duela adimen artifizialak, eta irakurleei eta entzuleei zerbitzu hobea emateko lagungarri bat, eta ez dela inondik ere tresna bat kazetaritza azkarragoa, merkeagoa eta kaskarragoa egiteko. Hor badago oinarri bat, eta, hori garbi baldin badaukagu, errazagoa izango da erabakitzea noiz erabili eta noiz ez.
Dena dela, dekalogoan jasota dago BERRIAn ez dela adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik argitaratuko, ez osorik, ez partez.
Horrek esan nahi du ez dela ezertarako erabiliko? Ez. Erredakzio zuzendaritzak baimena ematen baldin badu, esate baterako, gai jakin batean edo erreportaje jakin batean informazioren bat adimen artifizialaren bitartez jasotzeko edo datu ekonomiko batzuk analizatzeko, hori egin liteke. Baina beti izango da lagungarri bat. Orain Wikipedia kontsultatzea den bezala. Erredakzio zuzendaritzak espresuki baimentzen baldin badu, adimen artifizial sortzaileak emandako informazioa iturri moduan erabili ahalko da, beste iturriak bezalaxe gero egiaztatuta, baina ez da sekula publikatuko hark emandako testurik, nahiz eta tarte labur bat izan. Sekula ez.
«Ez da sekula publikatuko hark [adimen artifizialak] emandako testurik, nahiz eta tarte labur bat izan»
Adimen artifiziala erabiltzen denean, irakurleak nola jakingo du?
Erabiltzen baldin bada, esan egin beharko da, beste iturriak aipatzen diren bezala.
Zeintzuek jardun duzue dekalogoa idazten?
Erredakzio zuzendaritzako kide batzuekin ibili naiz batez ere. Orain urtebete inguru, prozesu bat jarri zuten martxan, eta, bilera batzuk eta ez dakit zenbat bertsio egin ondoren, argitaratutako bertsio hau ondu Egindugu. Denon artean findu ditugu irizpideak. Dudarik ez dago aldatuz joango dela, eta, estilo liburuko gainerako atalekin egiten dugun bezala, moldatu eta eguneratu beharko dugula, premiak Beharrakaldatu ahala.
Oinarririk erabili duzue?
Kontuan hartu dugu besteek zer erabaki duten eta zer irizpide finkatu dituzten. Esaterako, The Guardian-ek zer erabaki duen begiratu dugu, The New York Times-ek, AP agentziak, El País-ek... Besteek egindakoari gure esperientzia batu diogu, gure izateko modua eta gure balio editorialak, eta gure izaerarako egokitzat jotzen dugun planteamendu bat osatu dugu, oinarri sendoak dituena. Hemendik aurrera erabakiren bat hartu behar dugunean, badugu nora jo.
«Zehaztu ditugun irizpideak ezarri ez bagenitu, arrisku nabarmen bat genuke: posible litzateke sortutako testua ez bat etortzea gure irizpideekin, gure balio editorialarekin»
Adimen artifizialak asko aldatuko du BERRIAren eta antzeko hedabideen egunerokoa?
Espero dut askorik ez aldatzea. Adibidez, zehaztu ditugun irizpideak ezarri ez bagenitu, arrisku nabarmen bat genuke: posible litzateke sortutako testua ez bat etortzea gure irizpideekin, gure balio editorialarekin. Esan lezake Markina [Bizkaia] Espainia dela, adibidez; eta lerratze edo aurreiritzi sexistak edo arrazistak izan litzake, guretzat onartezinak direnak. Eta, gainera, uniformizatu Mota bereko hainbat gauza berdinduegingo luke idazkera. BERRIAn beti sustatu dugu kazetari bakoitzak bere ahotsa lantzea eta hobetzea, aberastea, betiere euskara batuaren barruan. Nik uste dut ederra dela Lapurdin idatzitako testua Bizkaian irakurri ahal izatea, eta alderantziz, zeinek bere kolorea duela. Kolore guztietako euskarak agertu behar du euskarazko egunkari nazionalean.
Jatorrizko artikuluak
-
Titulu hau ez du adimen artifizialak idatzi
Kerman Garralda Zubimendi |
|
-
Irene Arrarats Lizeaga: «BERRIAk oso garbi dauka kazetaritza hobea egiteko lagungarri bat izan behar duela adimen artifizialak»
Kerman Garralda Zubimendi |
|