Athletic edo Reala. Aurreko denboraldia amaitu berritan, Reala entrenatzaile bila ari zenean, Marcelo Bielsa fitxatzekotan egon zen. Azkenean ez zen ausartu Realera etortzen. Gero, handik pixka batera, Josu Urrutiari baiezkoa eman zion, Athleticen hauteskundeak izan aurretik. Realari ezetz esan zion, Athletici bai. Erabaki horren oinarrian zerbait dago, eta Kike Marin kirol kazetari donostiarrak honela azaltzen du: «Bielsak ezetz esan zion Realari, haren ustez, astelehen gehiegi izaten direlako tristeak Donostian». Atzokoa tristea izan zen oso Gipuzkoa aldean. Guztiz alaia, berriz, Bizkaian.
Galtzeko beldurra. Itsusia izan zen derbia. Makala. Bi taldeen jokatzeko eredua baloiaren jabetzan oinarritzen delako, ikuskizun polita espero zen. Partida irekia ikusteko aukerak zeuden; batez ere, Athleticek jokalari askorekin jotzen duelako erasora, atzealdean zuloak utziz. Baina uste guztiak erdia ustel izan ziren. Biek galtzeko beldur latza izan zutelako. Jokatzeko eredua ia erabat aldatzeraino. Bi taldeek aurreko bost partidetan baino gehiagotan erabili zuten joko zuzena. Lekua galtzeko arriskua uxatu nahian. Bi taldeek asko atzeratu zituzten lerroak, ia-ia bakoitzaren eremu handiraino.
Baloia ibili edo jokalaria ibili. Bien jokatzeko eredua une txiki batzuetan baino ez zen azaldu Anoetan. Eta biena baloiaren jabetzan oinarritzen bada ere, izan zen alderik. Athleticek baloia paseen bidez gorde zuenean, eta aurrerantz jo, baloiak egiten zuen lasterka, eta ez jokalariek. Baloia oinetan zuen jokalariak ez zuen hiru aldiz jarraian ukitzen baloia; lehen edo bigarren ukituan ematen zuen pasea. Horretarako, jokalariek espazio libreak bete behar dituzte, etengabe sortu eta bete ibiliz. Realekoek baloiaren jabetza izan zutenean, aldiz, kosta egiten zitzaien lagunari pasea ematea. Baloiak lasterka egin beharrean, jokalariak aritu ziren korrika, baloia eraman eta eraman. Behin eta berriz Athleticen hormaren kontra jotzen zuten. Eta horma jarri gabe zutenean, makina bat aukera on galdu zuen Realak espazio hutsak baliatzeko, baloia eraman eta eraman, astia ematen zielako Athleticekoei lerroak atzeratzeko eta ondo kokatzeko.
Indartsu eta bigun. Derbietan beste edozein partidetan baino grina handiagoarekin aritzen dira jokalariak. Igandean, baina, grina zuri-gorria izan zen. Baloia lortzeko buruz buruko talka horietan, ia beti Athleticekoek irabazi zuten. Bigun aritu zen Reala, derbietan eta gainerako partida guztietan aritu behar ez den bezala. Ez zuen azaldu etxean ari zela. Baietz Athleticek grina indartsu hori atera San Mameseko derbian. Lagun batek esango lidakeen bezala: «Errazagoa da Athleticek Anoetan irabaztea Realak San Mamesen baino».
Hala ere... Kontuak kontu, eta Athletic hobea izan bazen ere, Realak derbia irabazteko aukerak izan zituen. Bigarren zatiko lehen minutuetan, jan egin zion lekua aurkariari. Presioa zentralei eginez, goian lapurtzen zuen baloia, eta eroso aritu zen orduan. Berdindu egin zuen derbia, eta bi aukera eder ia gauzatu ere bai. Gauza gutxi eginda, minutu apur batzuetan ondo jokatuta, partida iraultzeko zorian egon zen. Futbolak ez dauka logikarik. Kontu txikien mende dago emaitza.
Igande eguerdietan, ez. Ez zen giro futbolean jokatzeko. Eguzkiak majo berotzen zuen zelaia. Ordutegi zelebre hori Asian liga ikusteko jarri omen dute. Ez dakit ikusiko duten ala ez, baina, ikusten jartzen badira, berehala aspertuko dira. Oso zaila da baldintza horietan partida onak ikustea. Udan eta udazken hasiera beroetan, ia ezinezkoa. Futbolari kalte baino ez dio egiten, baina jakina da neurri hori hartu zutenei piperrik ere ez zaiela axola futbola. Txin-txin, txin-txin... Txinako diruaren hotsa. Igande eguerdiak oso tristeak izaten ari dira lehen jardunaldi hauetan. Astelehen tristeak mugituz doaz talde batetik bestera, baina igande eguerdi tristeen kontua ez da mugitzen.
Aulkitik begira
Astelehen tristeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu