REALA

Berdintzea ez da aski

Partidaren bilakaera ikusita, puntu ona lortu du Realak Almerian; dena den, sasoi osoko gabeziak bistaratu ditu. Zulotik gertu amaituko dute jardunaldia txuri-urdinek.

Zaldua Realekoa eta Thievy Almeriakoa baloiaren lehian, atzo. CARLOS BARBA / EFE
jon eskudero
2015eko otsailaren 13a
23:03
Entzun

Beste astebetez, ezkor jarraituko du Realak eta haren inguruak. Oso ezkor ere. Almerian lortutako berdinketak ez baitu bestela egoteko arrazoirik ematen. Ohikoa bihurtu den gisan, partida txarra jokatu dute txuri-urdinek. Negargarria ez, baina eskasa bai. Almeriak bi aldiz hartu du aurrea, eta Realak bitan suspertzeko gaia izan du. Ordea, irabazi beharreko lehia utzi du irabazi gabe, eta lehengo lepotik dute burua donostiarrek. Batetik, etxetik kanpo garaipenik lortu gabe jarraitzen dute, eta, bestetik, David Moyesen proiektua sinesgarritasuna galtzen ari da. Ondorioz, zulotik gertu dago Reala, eta denboraldia bukatu bitarte latz sufritu beharko du.

Partidaren hasiera bera ere sufrikario galanta izan da Moyesen taldearentzat, laugarren minutua betetzerako 1-0ekoa egin baitu Almeriak. Nola eta penaltiz, gainera. Pardok lehenbizi eta Zalduak ondoren akats larria egin dute atzeko lerroan; bada, Rulliren ate aurrean bakar-bakarrik geratu da Thievy, eta beste erremediorik gabe, atezain argentinarrak  penaltia egin dio. Verzak ez zuen barkatu, eta aurreratu egin du etxeko taldea. Golaren ondorioz kolpea jaso du Realak, eta ondorengo minutuetan sufritzea egokitu zaio. Almeriak, dena den, ez ditu gol aukerak baliatu, eta gerora kontuak aldatu egin dira.

Izan ere, minutuak igaro ahala, bere onera etortzen hasi da Reala. Distirarik eta halako fantasiarik gabe, baina etxekoek atzera emandako pausoa ongi kudeatu dute txuri-urdinek. Hala, 26. minutuan banakoa lortu du Agirretxek. Zelai erdiko marra baino aurreragotik Granerok falta atera, eta usurbildarrak buruz loratutako baloiak sarerako bidea hartu du. Julian atezaina ez da fin aritu, besteak beste, zelaiaren egoera txarragatik, eta Realak opari dotorea jaso du. Berdinketa ez ezik, neurketa kontrolpean izatera igaro baita. Almeriak erraztasunak eman dizkio, eta arrisku sentsazioa sortu zuten donostiarrek.

Ordea, ongien zeudenean, zer eta 2-1ekoa lortu dute espainiarrek, 40. minutuan. Canalesen baimenarekin, berriz ere Zalduak bigun jokatu du atzean, eta Thievyren jokaldi ona ederki baliatu du Hemedek. Hori gutxi ez, eta atsedenaldia baino lehen Zurutuzak zelaia utzi du min hartuta.

Canalesek, binakoa
Minduta geratu dena, baina, Moyes izan zen, bigarren zatian ikusi denaren arabera aldageletan jokalariak esnarazi izango baititu. Hala, 48. minutuan Canalesek binakoa egin du, Castroren jokaldi bati amaiera bikaina emanda. Hortik aurrera denetik egin du Realak: aukerak sortu bai baina sufritu ere bai. Ondorioa zera da: berdinketa ez dela aski ur handietatik ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak