Txirrindularitzari sekulako onurak ekarri behar zizkion egitura aldaketaren zehar kalteek gogor zigortu dute Euskal Bizikleta azken hiru urteetan. UCIko arduradunek Pro-Tour Ligatik at utzi zuten Euskal Bizikleta, euren kabuz horrela erabakita, eta itzuliko antolatzaileek arazo franko izan dute itzuliaren nondik norakoak lotzeko. Libre dauden egunak ez zirelako asko, eta talde onenentzat Pro-Tour Ligako probak direlako lehentasuna. Bi muga horiek eragin dute aurtengo Euskal Bizikleta azken urteetakoa baino laburragoa izatea. Gaur hasiko den itzulia ez da bost egunekoa izango, hirukoa baizik.
Neurri horren helburua parte-hartze hobea lortzea izan da. Antolatzaileek bost eguneko itzulia mantendu izan balute, zortzi taldek bakarrik korrituko lukete proba. Bost egunetik hirura pasatuta, 17 taldek, eta horietatik sei, Pro-Tour Ligakoak. Saunier Duval, Euskaltel-Euskadi, Caisse d'Epargne, Liquigas, Lampre eta Unibet.com dira seiak. Horiekin, parte-hartze duina lotu dute antolatzaileek.
Saunier Koldo Gil gabe etorriko da, Burlatakoak mina daukalako belaunean, baina Matxinen taldeak zeresana emango du, Angel Gomez-Marchanterekin, adibidez. Euskaltel-Euskadin Samuel Sanchez izango da taldeburua. Espainiarrak Voltako azken etapa irabazi du, eta sasoitsu dago. Euskal Bizikletaren inguruan, lasterketa zaila dela esan du Sanchezek, «irekia, kontrolatzeko konplexua. Talde osoaren laguntza funtsezkoa izango da garaipena lortu nahi badugu». Lampre taldeak Patxi Vila izango du taldeburu.
Pro-Tour Ligatik kanpo dauden lasterketek, ordea, Kontinental-Profesional mailako taldeetan du bizibidea, eta Euskal Bizikletan kategoria horretako talde onenetako asko lehiatuko dira. Iker Floresen Fuerteventura-Kanaria taldea, adibidez. Edo Karpin-Galizia, David Herrerorekin. Relax-GAM taldeak ere aginte makila hartzeko moduko taldea du. Angel Vicioso, Oscar Sevilla eta Paco Mancebo dituen taldea arriskutsua da. Antzekoa esan daiteke Andaluzia taldearen inguruan, Luis Perez baitu. Madrildarrak irabazi zuen Alcobendasko klasikoa, eta Espainiako Vuelta korritzeko gonbitaren bila ari dira beste talde asko bezala. Hori lortzeko funtsezkoa da Vueltaren atariko lasterketetan lan txukuna egitea.
IBILBIDE IKUSGARRIA. Bost eguneko lasterketak talde indartsuenen kontrolatzeko aukera handitzen zuen moduan zailduko du kontrol lana hiru eguneko itzuliak. Etapak bizi-biziak, mugituak eta atsedenik gabekoak izatea espero da, ibilbidea oso gorabeheratsua delako, eta garaipena lortzeko aukera, txikia. Lehen eta hirugarren etapak gogorrak dira. Tartean dago bigarrena, bi sektorekoa. Goizekoa nahiko etzana, eta arratsaldekoa, itzuliko etapa erabakigarriena izan daitekeena, 20 kilometroko erlojupekoa.
Non erabakiko da Euskal Bizikleta? Erantzun zaila dauka galdera horrek, baina normalean erlojupekoan ondo ibiltzen denak abantaila du. Abadiñon, 20 kilometroko lanean, minutu bateko errenta irabaz dezakete espezialistek, edo sasoi onean daudenek, eta haiek aldats gora hainbeste denbora galtzea ez da erraza izango.
Halere, non zigortu badago. Lehen etapa Eibarren hasiko da, eta Tolosan bukatu. Areitio, Merelludi, Itziar eta Meaga igoko dira aurrena, hirugarren mailakoak denak, baina azken mendatea lehen mailakoa da, eta aldapa gogorra. Euskal Herriko gogorrenetakoa. Santa Ageda bederatzi kilometroko aldapa da. Luzea da, baina horrek ez dio gogortasuna kentzen. Batez besteko malda %7koa da, eta malda tenteenak %13raino goratzen dira, Beizama herria pasa eta berehala. Gainetik 11 kilometro daude Tolosaraino, denak beherantz.
Azken etapa, igandekoa, klasikoetan klasiko bilakatu da. ETBn hasiko da, Iurretan, eta Arrate gainean bukatu, Eibarren. Hirutan igoko dute Arrate (Ixua).
Bete-betea, ikusgarria
Hiru egunekoa izango da aurten Euskal Bizikleta, eta 17 talde ariko dira, gaurtik; etapa mugituak espero dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu