Dani Garcia. Eibarreko jokalaria

«Eibarri ondo etorri izan zaio umiltasuna, eta hori da bidea»

Oso garbi dauka non dagoen eta zertan ari den, eta adierazi ere berdin egiten du Eibarreko kapitainak: «Beti izango da helburua mailari eustea». Kezka bai, baina tamainan, taldearen ibili apalaren inguruan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Serio azaldu da Dani Garcia (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990) elkarrizketara, lan saioa bukatu eta gero. Eibarren emaitza kaskarrek, eta gaurko Anoetako derbia ezin jokatu izanak, txartelengatik zigortua delako, kopeta zimurrarazi diote kapitainari.

Ezin duzu jokatu gaur Anoetako derbia; etxekoa izanda, min bikoitza, ezta?

Bai. Horrelako partidak jokatzea oso gustagarria da, eta pena da taldearekin ez egotea. Baina txartelak erraz ari naizelako ikusten liga hasiera honetan.

Levanteren aurka atera zizuzten bosgarren txartel horia, zigorra eragin dizuna, eta epailea txartela ateratzera zihoanean, Jose Luis Mendilibar zelaira irten zen ez ateratzeko erregutzera. Zulo handia utzi behar duzu gaur taldean.

Beti dago jokatzeko aukera taldekide batentzat besteren batek ezin duenean jokatu, eta oso ziur nago oso lan ona egingo duela nire ordezkoak gaur.

Hori horrela izanik ere, euskarririk gabe dago Mendilibar gaurko, eta bada kezkatzekoa, ezta?

Sasoi honetan, norbait ari zaigu gaizki begiratzen, lesio asko ari garelako izaten. Baina zuloak estaltzeko eta betetzeko osatzen dira taldeak.

Txartel asko ari zara ikusten pixka bat berandu heltzen ari zarelako zu eta talde osoa jokaldi askotara, joko txarraren eraginez?

Ez. Segundo laurdena izaten da gakoa, garaiz iritsi edo ez jokaldira. Txarteletako batzuk epaileari kexatzeagatik atera dizkidate, eta lasaiago izaten ikasi behar dut halako egoeretan. Azken batean, jakin egin behar dugu Eibarreko jokalariei ez digutela uzten ezertaz kexatzen epaileek, talde handietako jokalariei ez bezala. Buru gehiago eduki behar da.

Zer moduz zaudete konfiantzaz?

Ondo. Emaitzak ez dira onak, eta izorratu egiten du partida onak egin eta ez irabazteak. Baina baloiak ez du sartu nahi, eta onartu egin behar da hori. Txarra da aurreko sasoiarekin alderatzea;onartu egin behar dugu denboraldi hau ez dela izango berdina.

Taldearen kanpo aldean, baina, ari dira aurreko sasoiarekin alderaketak egiten, eta bat edo beste urduriegi ez ote dabilen...

Kanpokoak pentsatzen du irabazten denean jokalari guztiak ari garela ondo. Baina iazkoa ez da askotan gertatuko, telebistaren dirua hobeto banatzen delako orain kluben artean, eta ia talde guztiak ari dira jokalari onak fitxatzen. Lehen, alde genuen diruz ondo egotea, baina, orain, talde asko dira diruz ondo daudenak.

Denboraldia orain amaituko balitz, Eibarren emaitza zoragarria litzateke. Horri eman behar zaio indarra, zalantzak uxatzeko?

Denboraldi hasieratik oso garbi esan dugu helburua mailari eustea dela, baina jendeak uste du aurreko sasoikoaren berdina izango dela beti, eta ez da horrela. Eibarren helburua mailari eustea izango da bere historia osoan, baldin eta telebistaren dirutik pusketa handiagoa jaso eta oso maila oneko jokalariak erosteko aukera izaten badugu, beste talde batzuek egin dezaketen bezala. Ondo etorri zaigu umilak izatea, eta berdin segitu behar dugu.

Klubaren helburua ere mailari eustea bakarrik da?

Jakina. Zaleek ilusioak izatea iazkoagatik ondo iruditzen zait, baina denok norabide berean joan behar dugu. Garbi daukagu zein den helburua; niretzat, mailari eustea denboraldi honetan aurreko sasoian hamargarren geratzea bezain emaitza ona izango da.

Toki guztietan gertatzen da, eta Ipuruan ere arriskua ikusten duzu zaleak urduri jartzeko emaitzak hobetzen ez badira?

Ez dago gure esku. Gure lana da egunero ondo lan egitea eta, emaitza onen bidez, jendearen aldartea aldatzea. Eskerrak eman beharrean gara partida guztietan gurekin daudelako.

Zalantzak sortzen ari dira jokalarien artean?

Lehen ez nuen sinesten honetan, baina burua da garrantzitsuena, eta, bat konfiantzarekin dagoenean, egundoko aldea egoten da. Heldutasuna eduki behar dugu burua hotz izateko, emozioei aurre egiteko. Azken boladan, askoz hobeto ari gara entrenatzen, eta antzematen ari da partidetan. Hala ere, hobetu egin behar dugu talde osoak defentsan.

Lehen zergatik ari zineten entrenatzen?

Baloiarekin, teknikoki, ez zegoen oraingo erraztasunik, eta entrenamenduak eta ariketak biziagoak dira orain. Orain, hobeto ari gara jokatzen, eta baliteke konfiantza handiagoarekin lan egitea lehengo aldean. Ea emaitzetan azaltzen den hobekuntza.

Lesioekin-eta normala da eguneroko lanean konpetentziaren neurriak behera egitea. Hori ere gertatzen ari zaizue?

Lehiakortasun handia dago taldean, eta ez litzateke antzeman behar. Jokalari garrantzitsuak falta dira, baina Eibarren indarra beti izan da talde sendoa izatea, eta hori ezin dugu galdu.

Kapitain gisa, orain lan gehiago lehen baino jokalariek konfiantza gal ez dezaten?

Antzeko. Jendea lasai egotea da helburua, eta garbi izatea hau luzea dela.

Jokalarien maila ona ez delako ari da oker taldea, ala jokalarien maila ez da ona taldearena ez delako ari izaten ona?

Dena izan daiteke. Jokalari batzuk ez daude maila onean, baina horretarako ari gara lanean. Taldea ondo dabilenean, denok ematen dugu oso onak, eta alderantziz ere gertatzen da. Gerta daiteke ere ongi aritzea, baina konfiantza aldetik apal, eta hori antzeman egiten da zelaian. Bolada kontua da, eta partida bat irabaztean dena aldatuko da.

Gaizki ari zara pasatzen futboletik kanpo?

Buruz ondo nago, baina ez zait gustatzen kalean jendeak esatea badugula garaia esnatzeko. Baina onartu egin behar dugu, irabazten duguna irabazita ez dago besterik.

Hau ere entzuten da: «Dani Garcia eskas dabil, erabakia duelako Eibarretik joatea».

Entzun dut nik ere. Gauzak ondo doazenean, nik ondo jokatzen dut, eta gaizki doazenean, ni gaizki aritzen naiz. Aurreko sasoiko maila berean nago. Garrantzitsuena ez da nire kontratu berritzea, taldea da, eta ni ondo ez banintzen egongo, Mendik ez ninduke jarriko, ez baitiot dirua ematen jokatzeagatik. Dena ematen ari naiz, eta aurreko igandean sekulako bizkarreko minarekin jokatu nuen, adibidez.

Kontratu berritzea nola dago?

Ez da horretaz hitz egiteko garaia.Gogoratu ere ez naiz egiten.

Derbia nolakoa izango da?

Realak baloia izango du, eta Illarramendi eta Xabi Prietok jokoan gutxi parte hartzea ona izango da guretzat;baita guk jokaldiak amaitzea ere, kontraerasoan oso bizkorrak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500