Saskibaloia

Ezinean eta arnasestuka

Nabarmen hobeto jokatu dute Laboral Kutxakoek, eta 108-62 irabazi diote Bilbo Basketi.

Laboral Kutxak erraz garaitu du gaur Bilbo Basket. DAVID AGUILAR / EFE
2016ko martxoaren 6a
21:41
Entzun

Alor guztietan hobetu dute gaur Laboral Kutxakoek Bilbo Basketen jokoa, eta horren erakusgarri da partida bukaerako markagailua: 108-62. 

Lehen minututik gailendu dira Perasovicen gizonak Buesa Arena pabiloian. Lehen laurdena bukatzerako 18 puntu aurretik zihoazen gasteiztarrak, Bilbo Basketek esnatu ezinik jarraitzen zuen bitartean. Eta berdin jarraitu du partidak amaiera arte. 

Beltzezkoak saiatu dira etxekoen defentsa gainditzen, baina horma baten aurka egitea bezala izan da, alferrekoa, alegia. Sito Alonso bera ere ezinean aritu da Laborali aurrea hartzeko moduren baten bila. Hala, aurrera egin dute minutuek, eta 31 punturen aldearekin iritsi da atsedenaldia. 

Hirugarren laurdena hasi denean borrokarako gogoz irten dira Alonsorenak, baina gogoa ez da aski izan Perasovicenen mailara heltzeko. Hala, 11. garaipena eskuratu du Laboralek, eta lidergotik bi puntura dago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak