Lotsak alde batera utzita

Lierni Lekuonak hirugarren denboraldia du Bizkaia-Durangon, eta Eider Merinok laugarrena Lointeken. Nor izaten hasteko erronka daukate, esperientziaren izenean.

unai zubeldia
2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gazte beteranoak bihurtu dira Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994) eta Lierni Lekuona (Lezo, Gipuzkoa, 1995). «Entrenatzen hasi eta kadetea ematen dudala esaten didate askok, baina, gaztea izan arren, beteranoen multzora gerturatzen ari naiz pixkanaka». Lointek taldearen euskarrietako bat izango da bizkaitarra aurten. «Italiako Girora joateko erronka daukat. Baina munduko lasterketarik gogorrena da, eta prestaketa zorrotza eskatzen du». Gipuzkoarrak, berriz, «beste pauso bat» emateko erronka dauka Bizkaia-Durangorekin. «Ikastea eta laguntzea zen orain arteko erronka, baina daukaguna erakusten hasteko ordua da».

Ziklo-krosean gorputza zailduta ekin diote biek denboraldiari, baina Lekuonaren kasuan aldaketa nabarmena izan du neguan. «Hiruzpalau probatan parte hartu dut, baina oso berandu amaitu nuen aurreko denboraldia, eta atsedena behar nuen. Hilabete baino gehiago igaro nuen geldirik». Errepidea lehenetsi du lezotarrak. «Hala egin dudan lehen urtea da eta ikusiko dugu zer-nolako emaitzak datozen gero». Baina gorputzak «eta buruak» atsedena eskatu zioten. Ikasketena ere helduleku ona da Lekuonarentzat, psikologia ikasketak egiten ari delako.

Eta atsedena kudeatzeko moduan bakarrik ez, prestaketan ere aldaketa izan du Bizkaia-Durangoko txirrindulariak. «Entrenatzailea aldatu dudalako. Ander Altunaren esanetara ari naiz lanean orain, Orioko BPXport kirol zentroan. Oso gustura nabil oraingoz». Eguraldi kontuak direla eta, Benidorm aldera joan ziren Lourdes Oiarbide eta biak. Asteburuan Belgika aldean hasi da jada gorputza estutzen, Omloop Het Nieuwsblad eta Omloop van het Hageland probetan, eta Le Samyn des Dames klasikoan izango da bihar.

Merino ere asteburuan hasi da lehian, «lehen aldiz Belgikan». Kimika ikasketak amaitzen ari da. «Praktiketan ari naiz». Eta txirrindularitzari «buru-belarri» heldu nahi dio. «Ia ezinezkoa da hemendik bizitzea, baina hurrengo urteetan saiatu egin nahiko nuke tropelean toki bat egiten». Klasikoetan hasi arren, igotzaile onenen artera jauzia egin nahiko luke lasterketaren batzuetan.

Hori bai, prestaketa guztia hankaz gora joateko zorian egon zen urtarrilaren 22an, entrenatzen ari zela istripua izan zuelako. «Bihurgune batean kamioi bat irteten hasi zen. Ez ninduen ikusi, zorua bustita zegoen, eta trenbidera erori nintzen». Kolpea hartu zuen belaunean. «Baina sustoa besterik ez zen izan».

Bizkaia-Durangok otsailaren 20an egin zuen taldeko lehen entrenamendua, eta Lointekek aste guztiko prestaketa egin zuen otsailaren 15etik 19ra. Nazioarteko lasterketen aurretik, Durango-Durango eta Bira dauzkate begiz jota biek. Ekainetik apirilera aurreratu dituzte bi probak, eta mutur banatan jarri dira iritziak ematen hasitakoan. «Entzun nuenean, izugarri poztu nintzen», hasi du azalpena Lekuonak. «Maiatz-ekainetan asko sufritzen dut alergiekin, eta apirila askoz egokiagoa da niretzat». Merino ezezkoan dago. «Azterketa garaia izaten zen lehen, eta antzera gertatuko da orain ere, baina, tira...». Hori bai, gustatu zaio Durango-Durangoren ibilbide aldaketa. «Gogortu egin dute, eta oso aproposa da amaiera».

Nazioartean, «presentzia»

Merino eta Lekuonaren esanetan, World Tour egitura berriak gehiegi ere ez du aldatuko Lointek eta Bizkaia-Durangoko txirrindularien jarduna. Gonbidapenak behar zituzten lehen Munduko Kopa lehiatzeko, eta gonbidapenak beharko dituzte orain ere World Tourreko probetara joateko. «Espainiako Kopa eta Euskaldun Torneoa irabaztea da taldearen erronka», Merinoren esanetan. «Eta nazioarteko aukera bakoitza aprobetxatzen saiatuko gara gero». Lekuonak, berriz, «presentzia» lortu nahiko luke lasterketarik gogorrenetan. Olinpiar urtean sasoi gogorra izango dela badakiten arren, onenen artera beste pauso bat eman dezaketela sinetsita daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu