kirola

Samaranch hil da

Katalana 21 urtean izan zen Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente. 89 urte zeuzkan. Frankismoan karguak izan zituen.

2010eko apirilaren 21a
17:22
Entzun
Juan Antonio Samaranch (89 urte, Bartzelona) NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente ohia hil da gaur 13:25etan, Bartzelonan. Igandetik Quiron klinikoan zegoen, bihotzeko hutsegite bat izan zuelako; Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon da. 2007an eta 2009an ere ospitaleratu zuten bihotzeko arazoen eraginez.

21 urtean izan zen NBOko lehendakari. Lord Killaninen lekua hartu zuen 1980an eta Jacques Roggek hartu zion lekukoa 2001ean. Ordutik NBOko ohorezko presidentea izan da. 1966tik zen batzordekide eta 1974-1978 artean presidenteorde.

Haren lorpen nagusien artean dago gerra hotza zela-eta Europako ekialdeko herrialde batzuek (SESBek tartean) eta AEBek Olinpiar Jokoei egiten zieten boikota amaitu izana. 1976, 1980 eta 1984ko Jokoetan izan ziren boikotak.

NBOri ahalmen ekonomiko handia eman zion Samaranchek; batik bat, Jokoetarako lortutako iragarkien, babesletzen eta telebista eskubideen bidez. Dena dela, Nazioarteko Olinpiar Batzordean ustelkeria kasuak ere egon ziren bere agintaldian.

1992an bere jaioterrian izan ziren Olinpiar Jokoak -Bartzelonan-, eta beti esan izan du ametsa bete zuela horrekin.

Besteak beste, politikari lanak egin zituen NBOko buruzagitzara heldu aurretik. Esaterako, frankismo garaian Espainiako Gobernuaren Kirol ordezkaria izan zen (1966-1970). 1973-1977an Bartzelonako Diputazioko presidentea izan zen, eta 1977an SESBen eta Mongolian Espainiako enbaxadore.

Bihar arratsaldean izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Bartzelonan. Aurretik, Generalitatean egongo da hil kapera. "Bartzelonaren eta Kataluniaren enbaxadore eraginkorra izan zen", adierazi du Jose Montilla Generalitateko presidenteak gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak