euskal herriko itzulia

Simon Gerransek irabazi du Itzuliko lehen etapa, Elgoibarren

Erorketa izan da San Migel gainean, helmugara iristeko zazpi kilometro falta zirela, eta hamazazpi txirrindulari soilik iritsi dira lehen taldean. Bost segundo galdu dituzte, besteren artean, Samuel Sanchezek, Andrew Talanskyk, Ryder Hesjedalek eta Jean-Christophe Peraudek.

unai zubeldia
2013ko apirilaren 1a
17:47
Entzun

Eguraldiaren beldur ziren denak, baina, eguzkipean, uste baino etapa samurragoa izan da Euskal Herriko Itzuliko lehenengoa. Hasi eta berehala sortu da ihesaldia, eta bertan sartu da Amets Txurruka (Caja Rural), Laurent Didierrekin (RadioShack) batera. Bost minututik gorako aldea ere izan dute, eta Txurruka saiatu da azken unean erasoa jo eta tropela estutzen. Baina Saxo-Tinkoffen lanari esker, helmugara iristeko 18,5 kilometro falta zirela geratu da ezerezean bizkaitarraren ahalegina. Ordurako mendiko maillota eskuratuta zeukan Etxebarrikoak.

Saxo-Tinkoffek kontrolatu du egun guztian etapa, baina Movistar eta Sky tropel buruan jarrita igo dute San Migel, eta azken unean erorketa izan da tropel buruan. Erorketa horrekin hautsi egin da multzoa, eta hamazazpi txirrindulari geratu dira aurrean; Euskaltel-Euskadiko inor ez zen tartean. Zazpi kilometro besterik ez zeuden San Migel gainetik helmugaraino, eta ero-ero egin dute jaitsiera bai aurreko multzoak eta bai atzetik zihoazenek. Azken zuzengunean, Simon Gerrans (Greenedge) izan da azkarrena, Peter Velitsen (Omega) aurretik.

Ihesaldiak eta errepideak egin ez dutena egin du erorketak, eta hasterako bost segundo galduta daude faboritoetako asko: Samuel Sanchez, Ion eta Gorka Izagirre (Euskaltel), Andrew Talansky, Ryder Hesjedal (Garmin), Andreas Kloeden (RadioShack), Damiano Cunego (Lampre), Tom Jelte Slagter (Blanco) eta Jean Christophe Peraud (Ag2r). Hamalu segundo galdu ditu Igor Antonek (Euskaltel) eta hamasei Beñat Intxaustik (Movistar). Elgoibartik Gasteizera, 170,2 kilometro dauzka biharko etapak, bigarrenak, ustez Itzuliko samurrenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak