Teknologiaren aurrerapenak gero eta zabalagoak dira gaur egungo gizartean. Garai batean buruz, kalkulagailurik gabe egiten zituzten egin beharrekoak; gerora asmatu zuten hori ere; eta orain, berriz, edonon aurki daiteke kalkulagailua. Bai sakelakoan, ordenagailuan... Bada, Abel Barriolak, Sebastien Gonzalezek eta Juan Martinez de Irujok ere egin izango dituzte kalkuluak non edo non. Izan ere, Abel Barriolak atzo Titin III.ari irabazi ostean Iruñeko Labriten, gaur erabakiko da nortzuk jokatuko duten aurtengo lau t'erdiko finala. Kontuak estu dira, zalantzarik gabe, gerta baitaiteke tanto baten gorabeheran pilotari bat edo beste sailkatzea. Beraz, tantoz tanto eta kalkuluz kalkulu aritu beharko da.
Ez da erraza azaltzea, baina ulertzea, zorionez, ez da hain zaila ere. Irujok irabaziz gero, gauzak argi: finala Iberokoaren eta Barriolaren artean jokatuko litzateke. Ordea, Gonzalezek irabaziko balu, markagailuari begia jarrita egon beharra egongo litzateke. 16, 17 eta 18 tantoak hartu behar dira ardatz. Irujo tanto horietan geratuko balitz, Barriola izango litzateke kanpoan. Tanto horietatik gora amaitzen baldin bada norgehiagoka, Gonzalez izango litzateke kanpoan; eta hortik behera amaituz gero, berriz, Irujo kanpoan. Beraz, Gonzalezek 18 tanto azpitik utzi beharra dauka Irujo, eta Iberokoak, berriz, 16 tanto egin beharra dauzka finalean sartzeko. Aukera gehien, eta probabilitateari begira, Barriolak eta Irujok dute.
Leitzarrak ezin hobeto egin zituen bere lanak atzo, ez baitzion inolako aukerarik eman Titin III.ari. Partida osoan aurretik aritu zen, eta ongi jakin izan zuen abantailari eusten. Abantaila, gehienbat, buruarekin jokatu zuelako. Errioxarraren jokotik at aritu zen une oro, pilota luze astinduz, eta aurreko koadroetan endredatu gabe. Sakea ere bikain baliatu zuen, ondoren tantoa bukatzeko. Hori bai, lau t'erdian jokatzeko pilota itsusi samarra atera zuen saskitik. Noski, ezin zaio meriturik kendu Barriolari.
Titini buruz, berriz, zer esan. Betikoa da Triciokoa: saiatua, lehiakorra, artista... Baina atzo ezinean aritu zen, bere jokoari etekinik atera ezinda. Aurkaria bera baino askoz gehiago zen kolpean, eta horrela zaila da neurketa irabaztea. Ligaxkako hiru partidak galdu arren, txalogarria izan da Titinen lana, goraipatzekoa. Datorren urtean, berriz ere, zerrendaburu izango da.
Gaurko partidari begira, berriz, erne bi pilotariekin. Faborito Irujo irtengo da, baina iaz ere ikusi zen Gonzalezek dohainak sobera dauzkala edonori irabazteko. Biak ala biak oso dira arriskutsuak, pilotari abiadura handia ematen diotenak, baina norgehiagoka Eibarko Astelenan dela kontuan hartuta, baliteke horrek inoiz baino garrantzi gutxiago izatea. Ondo hastea ezinbestekoa izango da, urduritasunari eusteko. Bi pilotari kantxan, eta bat begira: Barriola.
Iraupena. 52 minutu.
Pilotakadak. 259.
Saketik. Titinek bat eta Barriolak lau.
Markagailua. 0-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-15, 10-15, 10-18, 13-18, 13-19, 14-19, 14-20, 15-20 eta 15-22.
Bestelakoak. Jende ugari Iruñeko Labrit pilotalekuan; Titin III.aren aldeko pilotazale asko. Partida hasieran, dirua Barriolaren alde. Botileroak: Joakin Plaza Titin III.arekin eta Jexux Mari Buldain Barriolarekin.
Titin III.a 15. Barriola 22
Tantoz tanto, kalkuluz kalkulu
Barriolak ongi jokatu eta arazo handirik gabe irabazi dio Titin III.ari, eta gaurko partidaren zain geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu